Ekonomia Garapeneko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, 2012tik darama zientziako eta teknologiako gaitasun eta bokazio berrien garapena lantzen, eta 10.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte.
Epaimahaiak Donostiaren proposamena aztertu du eta aurkari nagusiak, Oulu (Finlandia) eta Jharkov (Ukraina), gainditu ditu.
Eurocities Awards sariak urtero ematen dira Europan, udalerriek beren herritarren bizi-kalitatea hobetzeko gauzatzen dituzten ekimen nabarmenak aitortzeko. 2022ko edizio honetarako, Donostia Sustapenak Donostia Innovation Challenge programa aurkeztu zuen. Programa horren helburua da hiriko gazteek berrikuntzarekin lotuta dituzten gaitasunak garatu eta trebatzea. 2020-2021 urteetako azken edizioan, 400 ikasle inguruk hartu zuten parte eta 60 proiektu berritzaile baino gehiago garatu zituzten, pandemiak hainbat alorretan eragindako egoera arintzen laguntze aldera. Hona hemen proposatutako proiektuen adibide batzuk: osasun-arloan Covid-19ak eragindako infekzioak saihesteko robotak, merkataritza-eremuetan aglomerazioak ekiditeko konponbideak, ostalaritzan airea berritzeko sistemak, etab.
Ildo horretan, Marisol Garmendia zinegotziak nabarmendu duenez, «sari honek aitorpena ematen dio Donostia Sustapena azken urteotan egiten ari den apustuari; hain zuzen ere, hezkuntzaren eremuan lanean aritu gara, gazteak sentikortzen eta prestatzen, berrikuntzaren arloan dituzten gaitasunak indartzeko, hiriko erronkak proposatuz. Era berean, haien bokazio teknologiko eta zientifikoak pizteko modu bat da, etorkizunean hiriari egingo dizkieten ekarpenei begira».
Aurten, Eurocities sariek hiru kategoriatako ekimenak aitortu dituzte. Dream Together, «Etorkizuneko belaunaldiak hiriak eraldatzen» –Donostia Sustapenak kategoria horretan irabazi du–; Act Together, «Etorkizunerako gaitasunak eta konpetentziak» eta Lead Together, «Inpaktu klimatiko positibo baterako irtenbide eskalagarriak». Donostiak saria jaso duen kategoriaren helburua zen pandemiaren gogorrenean inpaktu handia izan zuten baterako gazte-ekimen berritzaileak azaleratzea.
«Parte hartu duten ikastetxeekin eta 2012tik proiektu honi laguntza ezin baliotsuagoa eman dioten 40 toki-erakundeekin partekatu nahi dugu sari hau. Hainbat enpresa, teknologia-zentro, unibertsitate eta abar batu dira ekimen honetara, hiria etorkizuneko donostiarrengan pentsatuz egiteko adibide eder honetan», adierazi du Marisol Garmendiak.
Eurocities sarea 1986an sortu zen eta Europako hirien sare nagusia da. Hain zuzen, 200 hiritik gora hartzen ditu barne, 38 herrialdetan, eta 130 biztanle ordezkatzen ditu. Europako erakundeekin lankidetzan aritzen da herritarren eguneroko bizitzan eragina duten baterako gaiei erantzuteko.