Donostian ekiteko diru-laguntzak

Badakigu ekitea prozesu konplexua dela, erronkaz betea. Bide horretan, ekonomikoki ere laguntzen dizugu Donostian ekitea errazagoa izan dadin.

Hirian inpaktu soziala duten gazteen proiektu berritzaileei zuzendutako laguntzak

 

Laguntza honen xedea da, 35 urtetik beherako gazteei laguntzea, proiektu eta ekimen berritzaileen bidez, hirian edo komunitatean inpaktu soziala sor dezaten, hiri inklusibo eta oparoago bat sortu eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko azken helburuarekin.

Gazteen konpromisoa, ekimena eta gaitasun eraldatzailea bultzatu nahi da, ongizate kolektiboa hobetzera bideratutako proposamen berritzaileen bidez, inklusioa eta jasangarritasuna sustatuz, eta horren ondorioz, hirian bizi-kalitatea hobetzea ekarriz.

Horrela, gazteei lagundu nahi zaie, etxebizitza programan sarbidea emanez, laguntza ekonomikoen bidez eta lan-espazioetara sartzeko aukerak emanez. Hori dena, gazteei, proiektua edo ekimena garatzeko akonpainamendua eta tutoretza eskainiz.

 

  • NORK JASO DEZAKE LAGUNTZA HAU?

    Hirian inpaktu soziala duten ekimen edo proiektu berritzaileak aurkezten dituzten 35 urtetik beherako gazteak eta gutxienez goi mailako unibertsitate graduko edo goi mailako heziketa zikloko titulazioa dutenak edo ikasten ari direnak.

  • ZEIN MOTATAKO PROIEKTUAK AURKEZ DAITEZKE?

    Aurkezten diren proiektuek Donostiako hirian edo herritarrengan identifikatu den behar bati erantzun behar diote. Hirian inpaktu soziala duten, herritarren ongizatea hobetzen duten eta, aldi berean, hiria eraldatzeko berrikuntza, jasangarritasuna eta kohesioa sustatzen dituzten ekimen berritzaileak izan behar dira.

    Erreferentzia moduan, hona hemen proiektuekin jorratu daitezkeen zenbait arlo:

    • Gazteek STEAM diziplinetan interesa jarri eta parte hartzea estimulatzeko proiektuak.
    • Ezagutza zientifikoa hedatu eta trukatzeko proiektuak, ezagutza horri balio sozial eta kulturala emanez.
    • Gizarteko edo komunitateko arazoei sormenezko irtenbide jasangarriak bilatzeko proiektuak. Zenbait arlotan garatu daitezke, hala nola hezkuntza, osasuna, enplegua, etab.
  • ZER ESKAINTZEN DIT PROGRAMAK?

    Laguntza hau laguntza-tresna integral gisa aurkezten da, eta honako ildo hauek barne hartzen ditu:

    • Akonpainamendu zerbitzua: Zerbitzu honek gazteei akonpainamendua eta tutoretza eskaintzen die, beren proiektu edo ekimenak garatzeko prozesuan laguntza emate aldera. Akonpainamenduaren hasieran, laneko Ibilbide Orria zehaztuko da, erdiesteko helburuak eta garatzeko mugarriak jasoko dituena.
    • Proiektu edo ekimen berritzailea laguntzeko laguntza ekonomikoa: Zuzkidura ekonomikoaren helburua parte-hartzaileei erraztasunak ematea da proiektuaren garapenean murgildu daitezen. Era berean, proiektua gauzatu edo abian jartzearekin lotutako gastuak estali nahi dira, gastu horietarako ematen baita laguntza.
    • Lan-eremuetarako sarbidea: Donostia Sustapenaren instalazioetan lan-eremuren bat eskuratzeko aukera, bai proiektua garatzeko, bai proiektua ezagutzera emateko.
    • Ostatua / etxebizitza: Donostia Sustapenak kudeatutako eraikinetako batean ostatu hartzeko aukera, hala EKINN izenekoan nola Talent House eraikinean.
    • Lehentasunezko sarbidea Donostia Sustapenak antolatzen dituen proiektuak azkartzeko prestakuntza ekimenetan eta programetan.
  • ZEIN DA LAGUNTZA EKONOMIKOAREN ZENBATEKOA ETA ZEIN GASTU DIRUZ LAGUNTZEN DIRA?

    Deialdi honek 2 laguntza-mota aurreikusten ditu:

     Dedikaziorako laguntza: Deialdi honetan hilean 500 euroko laguntza ekonomikoa/esleipena ezartzen da, gehienez ere 12 hilabetean zehar. Horrek aukera emango die pertsona onuradunei beren proiektuak behar bezala garatzeko beharrezkoa den denbora eta eginahala eskaintzeko.

    Gastuak finantzatzeko laguntzaDiruz laguntzeko moduko gastuen % 100 estaliko du gastuak finantzatzeko laguntza ekonomikoak, proiektu bakoitzeko 2.000 eurora arteko mugarekin, laguntza jaso duen proiektua edo ekimena abian jarri eta garatzearekin lotutako gastuak ordaintzeko.

    Proiektu bakoitzeko gehieneko laguntza, hileroko esleipena eta gastuak finantzatzeko laguntza ekonomikoa barne, 8.000 eurokoa izango da.

  • ZER JASO BEHAR DU MEMORIA TEKNIKOAK?

    Memoria deskribatzaile teknikoak, gutxienez ere atal hauek barne izango ditu:

    • Proiektuaren izena.
    • Beharraren identifikazioa eta erronkaren garapena. Hirian antzeman den beharraren azalpena eta horri erantzuna emateko hartutako irtenbidea.
    • Proiektuaren helburuak.
    • Prozesuan landuko diren mugarriak: Proiektua egituratzen duten funtsezko faseak (landa lana, beharren analisia, eragile interesdunak identifikatzea, datuak biltzea, etab.).
    • Inpaktu soziala eta helburuen betetze maila baloratzeko aukera ematen duten adierazleak.
    • Erabiliko diren bitarteko materialen eta giza baliabideen aurreikuspena, bai eta proiektua garatzeko baliatuko diren espazioak, beharrezko azpiegiturak, etab.
    • Kronograma.
    • Aurrekontua.
    • Proiektua ebaluatzeko sistema.

    Proiektua onartua izan dadin, gutxienez 100etik 60 puntu lortu beharko dira.

  • NOIZ ETA NOLA ESKATZEN DA?

    Eskabideak aurkezteko epea Oinarri hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean argitaratzearen eta horien laburpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzearen biharamunean hasiko da eta baliabide ekonomikoak agortu arte edo 2025eko abenduaren 5ra arte.

    Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira Donostiako Sustapenaren webgunearen bidez (www.fomentosansebastian.eus/eu). Esteka orrialde honetan bertan duzu.