Pertsona, enpresa eta proiektu berritzaileak laguntzen ditugu, gizarte- inpaktua azpimarratuz, lankidetzan, kalitatean, erantzukizunean eta berrikuntzan oinarritutako zerbitzu baten bidez.
Berrikuntzaren sustapenean oinarritutako estrategian aurrera egiten du, hiria garatzeko funtsezko faktore gisa, talentuan eta lankidetza publiko-pribatuan arreta jarrita.
Berrikuntza-planak osatu egiten du duela gutxi aurkeztutako 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana, eta erantzun integrala ematen dio hiriaren nortasun bikoitzari (hiri-ekonomia askotarikoa, bizi-kalitateari eta erreferentziazko ekosistema zientifiko eta teknologiko berritzaile bati lotua) eta dauden erronken aniztasunari.
Berrikuntza udal kudeaketan funtsezko tresna gisa txertatzeko bidean aurrera egitea da horren helburua, zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko eta hiri erronkei ikuspegi arin, kolaboratzaile eta emaitzetara bideratutako batetik erantzuna emateko. Horrez gain, Udalak berrikuntzaren eragile trakziogile gisa duen zeregina indartu nahi da, eskariak sortzeko eta enpresa- eta teknologia- ekosistema dinamizatzeko gai den aldetik.
2026an hainbat ekimen bultzatuko dira, hala nola:Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketaren bigarren edizioa; Berrikuntza Publikoaren XIII. Kongresua, NovaGob Fundazioarekin elkarlanean; edo Bretxako Merkatuan espazio esperimental bat diseinatu eta abian jartzea. Era berean, Berrikuntza Publikoari eta Ekintzailetzari buruzko Lantalde bat sustatuko da.
Helburuak izango dira: proiektu ekintzaile berritzaileak eskalatzea; ekosistema dinamizatzea; eta talentu ekintzailea garatzeko erreferentziazko gune gisa Donostia finkatzea. EKINNek, estrategia horren nodo nagusia izaki, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren inguruko zerbitzuak, programak eta komunitatea integratuko ditu.
Aurten, 2027-2030 Ekintzailetza Plana abiaraziko da, eta Ekintzailetzaren Aholku Batzordea jarriko da martxan. Horrez gain, Ekintzailetzaren Bulegoa sustatuko da, eta bokazio berriak sustatzeko prestakuntza-programa bat landuko da, arreta gazteengan eta emakumeengan jarrita eta enpresa- kudeaketan eta teknologian ekintzailetza-profilaren trebakuntza eskainita.
Era berean, EKINN Summit-en edizio berri bat egingo da, EKINN+ azelerazio programa indartuko da — proiektuak eskalatzeko eta sendotzeko lerro berriak barne—, eta inbertsio tresna propioen garapenean aurrera egingo da ekintzailetza-ehunaren hazkundea laguntzeko. Kirola bezalako eremu estrategiko batean,sektorea ekintzailetzarako aukera gisa sustatzeko jarduera-plan bat abiaraziko dela ere azpimarratzekoa da.
Ezagutzan oinarritutako hiri-eredua sendotzea, zientziaren, enpresaren eta gizartearen arteko lotura indartuz, eta teknologia aurreratuei lotutako sektore estrategikoak bultzatzea izango dira ardatz honen helburuak, eta lankidetza, kalitatea, erantzukizuna eta berrikuntza bezalako balioetatik landuko dira. Teknologia-transferentzia, ezagutzan intentsiboak diren enpresen hazkundea eta aukera-eremu berrien eta eragin soziala duten proiektu berritzaileen garapena sustatu nahi dira, hiriaren erronkei erantzuteko.
2026an aurrera egingo da hainbat ekimen sendotzeko bidean, hala nola: San Sebastian Science Society; Berrikuntzaren Astearen XIII. edizioa; Zientzian eta Berrikuntzan emakumeen rola ikusarazteko laguntza; edota konexio guneak (esaterako, Donostia Innovation Club-a) abian jartzeko ekimenak. Gainera, adimen artifizialarekin lotutako jarduerak garatuko dira, hala nola Adimen Artifizialaren Inpaktu Sozialari buruzko ikerketa-katedra (Nafarroako Unibertsitateko TECNUNekin batera), eta Ezagutzaren Zerbitzu Aurreratuen (SEIC) arloan diharduten enpresen ezagutza eta jarduera bultzatuko dira Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin lankidetzan, horiek biak gaur egun tokiko BPGaren % 48 baitira.
Halaber, transferentzia teknologikoko zerbitzu berriak jarriko dira martxan, diseinuan aholkularitza- lerro bat (Habic-ekin lankidetzan), eta talentua erakartzeko eta leialtzeko programak indartuko dira (balioetan oinarritutako marka enplegatzailea), hala nola EKINN Talent edo Talent House Harrera Plana. Era berean, enpresa-gaikuntza eta -berrikuntza sustatuko dira, lidergo humanistari eta enpresari buruzko jarduera-programa baten bidez.
Ardatz honen helburua da merkataritza eta ostalaritza bezalako sektore tradizionalen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzea, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta negozio eredu berrien garapenaren bidez haien eraldaketa bultzatuz. Hiri ekonomia eremu estrategikoa da hiriarentzat, bai pisu ekonomikoagatik (hiriko BPGaren % 11,8), bai hiri identitateari eta kohesioari egiten dion ekarpenagatik.
Jarduera nagusien artean, 2026-2030 Merkataritza Plan Estrategikoarekin lotuta, EKINN Dendak programaren edizio berri bat abian jartzea, eta hiria sustatzeko ekimenak bultzatzea. Gastronomiaren arloan, EKINN + Gastro ekimenaren bosgarren edizioa egingo da, sektoreko eragileekin lankidetzan proiektu berritzaileak hazten laguntzeko zerbitzu berriekin batera eta EKINN Gastro proiektuen komunitatea dinamizatzeko jarduera espezifikoekin batera. Era berean, Bretxako Merkatuko aukera- gune berriaren irekiera mugarri bat izango da hiri ekonomiaren berrikuntzarako nodo gisa.
Talentu gazteari bere garapen profesionalean eta pertsonalean laguntzea da ardatz honen helburua, enplegurako, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako aukerak erraztuz eta Donostia talentuaren hiri erakargarri gisa posizionatuz. Hori dela eta, autonomia, enplegagarritasuna eta aukeren sorrera bultzatzeko hainbat tresna konbinatuko dituen ikuspegi integral bat planteatzen da.
2026an, GazteEKINN zerbitzua jarriko da abian, eragin soziala duten ekimenak planteatzen dituzten gazteei arreta pertsonalizatua emateko; EKINN egoitzen programaren edizio berri bat abiaraziko da, etxebizitzarako sarbidea errazteko; eta lan aukeren ataria dinamizatuko da, SEIC enpresetan arreta jarrita. Gainera, bultzatu egingo dira gazteen kontrataziorako eta ekintzailetzarako laguntza espezifikoak; "Tokiko talentu gazteak sustatutako inpaktu sozialeko proiektuak" deialdiaren II. edizioa; STEAM bokazioak sustatzeko jarduerak; Zientzia Ekinean lehiaketako finala (Innpulso sareak bultzatua); eta proiektu berritzaileetara bideratutako nazioarteko unibertsitate-txapelketa.
Ardatz honen helburua Donostiaren nazioarteko proiekzioa indartzea da, berrikuntzako hub gisa duen posizionamendua sendoturik eta sare, hiri eta eragile estrategikoekiko konexioaren bidez aukera berriak sorturik. Nazioarteko dimentsioa funtsezko elementu gisa planteatzen da talentua, inbertsioa eta proiektuak erakartzeko.
2026an Eurocities bezalako sareetan parte hartze aktiboa sustatuko da, Ekintzailetza eta Berrikuntza lantaldea gidatu eta aliantzak garatuko dira Grenoble eta Porto bezalako hiriekin, ekintzailetza-sare europarrak sortzeko. Era beran, nazioarteko sare sektorialen sorrera sustatuko da, nazioarteko berrikuntza-konferentzia bat egingo da Europako Batzordearen parte hartzearekin, eta parte hartze aktibo bat edukiko da iCapital Alumni Forum bezalako foroetan, hiriaren posizionamendu globala indartze aldera.
6 miloi euroko inbertsio batekin, Donostia Sustapenak 6.600 zerbitzu baino gehiago eman zituen iaz, eta 2.428 pertsona eta 1.825 enpresa artatu zituen, hau da, aurreko urtean baino % 15,7 gehiago. 2025eko jarduera-memoriak Donostia Europako hegoaldeko berrikuntzako hiri-ekosistema aurreratuenetako bat dela berresten du. Nazioartean, Espoo, Turin edo Grenoble bezalako erreferenteekin batera kokatu da gure hiria Europan, eta finalista izan da 2026ko "Berrikuntzaren Europako Hiriburua" sarietan, zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa eta deep-tech berrikuntza hub duen aintzatespena indarturik.
2026ko Berrikuntza Plana Donostiaren garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko tresna estrategiko gisa finkatu da, berrikuntza, talentua eta lankidetza oinarri dituen eredua indartu nahian.
Aurrekontuaren % 44k Europako funtsetatik eta beste erakunde batzuetatik (Next generation funtsak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia edo Europako Gizarte Funtsa) etorritako kofinantzaketa du; gainerakoa, berriz, Udal Sozietatearen baliabide propioekin finantzatzen da. 2023tik, Donostia Sustapenak 23,5 milioi euroko inbertsio metatua egin du hiri lehiakortasunerako tresna honetan.
Berria Ekitaldiko argazkiak