• Etxea
  • Azken ordua
  • Talentu gaztearen aldeko apustua ezinbestekoa da gure hirien garapen jasangarrirako

Talentu gaztearen aldeko apustua ezinbestekoa da gure hirien garapen jasangarrirako

  • Ideia hori du abiapuntu “Gazte talentua hirietan eta erakundeetan indartzeko lankidetza- gidak”, zeina gaur goizean aurkeztu baitute EKINNen.
  • COTEC Fundazioaren “Gazte Talentua eta Hiria” lantaldeak prestatu du gida, Donostia Sustapena buru izanik. Donostia Sustapena Fundazioko kide da 2022tik.
  • Erakundearen xedea berrikuntza sustatzea da, hirien garapen ekonomiko eta sozialerako eragile gisa.

Eraldaketa sozial, ekonomiko eta teknologikoko testuinguru honetan, gazteen talentua funtsezko eragile bihurtu da hirien garapen jasangarrirako. Talentu horrek hainbat erronka ditu aurrez aurre: hezkuntzaren eta enpleguaren arteko deskonexioa, aukerak lortzeko oztopoak, lanaren ezegonkortasuna, partaidetzako gunerik eza eta desparekotasunak.

Gida hau COTEC fundazioaren lan-dinamiken esparruan Donostiako Sustapenak proposatutako eta gidatutako "Talentu Gaztea eta Hiria" lantaldearen azterketaren emaitza da. Kasu honetan, tipologia eta jarduera-segmentu desberdinetako Fundazioko 17 kidek hartu dute parte. Gidaren xedea hirietan gazte talentua sustatzea da; horretarako, hausnarketa esparru bat jasotzeaz gain, askotariko tresna praktikoak, adierazleak eta esperientzia inspiratzaileak eskaintzen ditu, gazte talentua lurralde-ikuspegi kolaboratibo batetik aktibatzeko. Horiek horrela, hiri edo erakunde bakoitzak aukera izango du bere errealitatera egokitutako neurri eraginkorrak diseinatu eta ezartzeko.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ustez, "etorkizuneko erronkei aurre egiteko gakoak identifikatzeko gai izan behar dugu. Eta funtsezkoa da nola lortu gure hiriak gazteei beren garapen profesional osoa ahalbidetuko dieten inguruneak izatea. Udalak eta Donostia Sustapenak aktiboki lan egiten dugu funtsezko esparruetan neurriak bultzatzeko, hala nola prestakuntzan, enpleguan eta etxebizitzarako sarbidean. Baina baita beren beharrak zein diren entzuteko eta ulertzeko gai izateko ere. Lan honen buru izateak gure inplikazioa erakusten du, eta hori COTEC Fundazioaren eskutik egitea, gida hau azterketa zorrotzeko eta proposamen zehatzetarako tresna gisa hartuta, berrikuntza-politika eraginkorragoak, inklusiboagoak eta inpaktu handiagokoak diseinatzeko aukera ematen digu. Izan ere, begirada berritzaile eta partekatu batekin bakarrik jarraitu ahal izango dugu hiri prestatuago eta aurreratuago bat eraikitzen ".

Gida Donostian aurkeztu da, EKINN eraikinean, gazteekin, Lantaldeko erakundeekin eta tokiko ekosistemako eragileekin eta COTECeko ordezkariekin egindako topaketa batean, Cristina Garmendia presidentea buru zela. Hasieran, Garmendiak Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziarekin partekatu du ekimen horren sarrera, Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko zuzendari gerenteak moderatutako mahaian. Aurkezpenak ikaskuntzak partekatzeko, aliantzak sortzeko eta hiri inklusiboagoak, berritzaileagoak eta gazteentzako bizigarriagoak sortzen lagunduko duten benetako konpromisoak bultzatzeko balio izan du.

Dokumentuan proposatzen den ikuspegi integralak lau ardatz nagusi ditu: hezkuntza eta prestakuntza, lan-merkaturako sarbidea, hiriko bizi-kalitatea eta gazteen partaidetza aktiboa.

Ulertuta hiri eta erakunde bakoitzak bere berezitasunak dituela, gidak ez ditu irtenbide itxiak ematen; aldiz, zenbait hiri eta erakunderen esperientziak eta kasuak azaltzen ditu, erreferentzia bat izan daitezen
tokiko testuinguru bakoitzera egokitutako erantzunak diseinatzeko.

Hona hemen gidaren ondorio nagusiak:

  • Hiri-ikuspegi integral batetik jardutea, gazte talentuak aurrez aurre dituen erronkei eraginkortasunez erantzuteko.
  • Lankidetzako eredu publiko-pribatu egonkorrago, egituratuago eta estrategikoagoak xede izatea, asmo handiagoko proiektuak sustatu eta hiri kohesionatuago, berritzaileago eta erresilienteagoak eraikitzeko.
  • Gazteek eragiten dieten politikak zehaztu, ezarri eta ebaluatzen modu aktibo eta nabarmenago batean parte hartzeak tokiko gobernantzaren egiturazko eta zeharkako elementu bihurtu behar du.
  • Ikuspegi globala izatea, tokian-tokian jardutea. Ikuspegi bikoitz horrekin jokatzen badugu, hiria ingurune dinamiko eta lehiakor gisa koka dezakegu, gazte talentua erakarri eta mantentzeko.
  • Enplegua, hezkuntza, emantzipazioa, osasuna eta gazteen partaidetza azaltzen dituzten adierazleak izanez gero, hobeto ezagutuko ditugu taldearen errealitateak eta premiak, eta aukera izango dugu joerei aurrea hartu eta bultzatutako ekintzen inpaktua ebaluatzeko.

Azken batean, ondorioa argia da: gazte talentuaren alde egitea hurrengo belaunaldiekiko konpromiso bat da, baina baita gure hirien garapen jasangarrirako ezinbesteko estrategia bat ere.

Donostia Sustapenak koordinatu du lantaldea, eta erakunde hauek hartu dute parte:

1. AGBAR
2. BERRIKUNTZAREN GALIZIAKO AGENTZIA (GAIN)
3. BARTZELONAKO UDALA
4. GIJÓNGO UDALA
5. MÁLAGAKO UDALA
6. ROZASEKO UDALA
7. VALLADOLIDEKO UDALA
8. BBVA
9. ANDALUZIAKO KORPORAZIO TEKNOLOGIKOA
10. ENISA
11. CAJA RURAL DE ASTURIAS FUNDAZIOA
12. GAZTELA ETA LEONGO ENPRESA LEHIAKORTASUNERAKO INSTITUTUA (ICE)
13. LANBIDE – EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUA
14. ORANGE
15. SEPI
16. TECNALIA
17. GRANADAKO UNIBERTSITATEA

Donostia Sustapena COTEC sareko kide da 2022tik, eta erakundea sare horretan sartzeari esker, berrikuntzaren aldeko apustua indartu da, Donostiaren etorkizuneko garapenerako funtsezko eragile gisa. Esparru horretan, udal sozietatearen estrategiaren barruan, lantaldea koordinatzen du, gazteekiko eta tokiko talentuarekiko konexio-guneak sortzeko, beren bizi- eta lan-proiektuak Donostian gara ditzaten. Helburu hori 2025eko Berrikuntza Planean jasota dago, zeinak 6 milioi euroko zuzkidura baitu.