- Donostiak emakume erreferenteen talentua eta ekintzaile-gaitasuna balioesten ditu, eta haien lidergoa eta eraldatzeko gaitasuna nabarmentzen ditu.
- Emakumeen talentua eta berrikuntza bultzatzen duen tokiko enpresa ere saritzen da, berdintasunarekin konprometitutako enpresa-eredua sendotuz.
- Ane Oyarbide: “Aukera berdintasuna justizia kontua da, baina baita gure hiriarentzako berrikuntza eta lehiakortasun motorra ere; benetako aukerak sortzen ditugunean, emakumeak dira Donostia gidatzen eta eraldatzen dutenak, hiri berritzaileago, inklusiboago eta etorkizun handiagoa duen baterantz aurrera eginez”.
Celia Rogero, EHUko Materialen Fisika Zentroko zuzendaria, Bella Bowring, Donostian finkatu den Londreseko ekintzailea, Gerald’s Bar jatetxeko jabekide eta arduraduna eta Multiverse Computing, adimen artifizialean eta konputazio kuantikoan espezializatutako enpresa, izan dira EMAKUMEEKINN saria jaso duten emakume eta erakundeak. Donostiak Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz ematen die aitorpen hori hiriko ekintzailetza espiritua garatzen eta berrikuntza bultzatzen laguntzen duten emakumeei.
Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: STEAM bokazioak sustatzen dituen emakume ikertzailea, hiria eraikitzen duen emakume ekintzailea eta emakumeen berrikuntza eta talentuaren aldeko apustua egiten duen enpresa. Donostia Sustapenak aurtengo sarietarako egin duen hautaketan parte hartu eta proposamenak egin dituzte Aspegi, Emakumeak Zientzian, SShops edo Ostalaritza Elkarteak, besteak beste.
Sariak Ane Oyarbidek, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, eta Iñigo Olaizolak, Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzaileak, entregatu dituzte EKINN eraikuntzan, pasa den otsailaren 26an bere bigarren urteurrena egin zuen ekintzailetzaren eta berrikuntzaren nodoan, alegia. Aurreko edizioetako zenbait emakume sarituk ere parte hartu zuten ekitaldian..
Emakumeen talentuaren bultzadarekiko konpromisoa hartu duten hainbat erakunde bildu ziren sariak entregatzeko ekitaldi horretan, besteak beste, ekintzailetzaren esparrukoak, zientziaren esparrukoak eta bestelako sektoreko profesionaletakoak. Horrela, adibidez, Juana Goizueta (EHU), Jon Alberdi (ViveBIOTECH), Ana Fernández (BCBL), Idoia Azaldegui, (BERC Polymat), Leire Madariaga (Tecnalia), Itziar Vergara (IIS Biogipuzkoa), Ricardo Díez Muiño (DIPC), Iratxe Pascual (Aspegi), Jakeline Barker (Jaikunde) edo Nerea Rodríguez (ShopSS) bertan egon ziren.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren hitzetan, “Emakumeekinn bezalako sariak aukera bat dira esfortzu, sormen eta ikuspegiarekin gure gizartea eta ekonomia eraldatzen ari diren emakumeen talentua ikusarazteko eta aintzatesteko. Hesiak hautsi, bidea ireki eta beste askorentzat erreferente bilakatzeko gai izan diren emakumeak. Aukera-berdintasuna ez da soilik gizarte-justiziaren kontua, berrikuntzarako eta lehiakortasunerako motorra ere bada hiriarentzat. Badakigu oraindik erronkak badaudela, baina aurrerapen argiak ere ikusten ditugu: gero eta emakume gehiagok ekiten dute, proiektuak gidatzen dituzte eta aukera berriak sortzen dituzte. Donostiako Udalak eta Donostia Sustapenak talentu eta bultzada ekintzaile horri laguntzen jarraitu nahi dute. Benetako aukerak sortzen direnean, emakumeek aurrerapauso bat ematen dute, eta hiri berritzaileagoa, inklusiboagoa eta etorkizun handiagokoa eraikitzen laguntzen dute”.
EMAKUMEEKINN 2026 SARITUEN ZERRENDA
STEAM bokazioak sustatzen dituen emakume ikertzaile bikainaren kategoria
Celia Rogero Blanco, emakume ikertzaile bikaina. CSIC-UPV/EHU zentro mistoko Materialen Fisikaren Zentroko zuzendaria.
Celia Rogero erreferentziako fisikaria da nanozientziaren eta materialen zientziaren esparruetan, Madrileko Unibertsitate Autonomoan hasi zen ikerkuntza ibilbide luzea dauka eta hainbat nazioarteko bikaintasun zentrotan ibili da, hala nola Max-Planck Institutuan, Fritz Haber Institutuan eta Madrileko Materialen Zientziaren Institutuan. Bere karreran uztartu egiten dira, alde batetik, puntako ikerketa –hainbat argitalpen zientifikoren eta bere doktorego tesiak jasotako aitorpenen bermearekin– eta, bestetik, Donostiako Materialen Fisikaren Zentroko (CFM) zuzendari gisa gauzatu duen lidergo instituzionaleko lan nabarmena.
Sari hau eman zaio nanozientzian duen bikaintasun ikertzaileagatik, kudeaketa eta lidergo zientifikorako gaitasunagatik eta STEAM bokazioen bultzadarekiko duen konpromiso irmoagatik, batez ere emakumeen artean. Azken helburu horretarako, jarduera akademiko eta dibulgazio jarduerak antolatzen ditu, emakumeak oraindik ere gutxiengoa diren esparru estrategiko horretan emakumeen talentuari ikusgarritasuna emateko.
Hiria eraikitzen duen ekintzailearen kategoria
Bella Bowring. Donostian finkatu den Londreseko ostalaritza enpresaburua, Gerald’s Bar jatetxeko jabeetako bat eta arduraduna.
Donostian hiri eta gizarte inpaktua izan duen ekintzailetza adibide nabarmena da Bella Bowring. Nazioarteko ostalaritzan ibilbide luzea egin ondoren eta Mugaritzen funtsezko etapa bat igaro ondoren, hirian sustraitzea eta Gerald’s Bar enpresa erronkari ekitea erabaki zuen. Gerald’s Bar Gros auzoko bizitzan erabat integratuta dagoen proiektu gastronomiko berezia da. Bellaren lidergoarekin, bertako produktuak, jasangarritasuna, kultura aniztasuna eta proposamen enogastronomiko zaindua uztartzen dituen gune gisa finkatu da, aldi berean enplegua sortu, sektoreko profesionalizazioa sustatu eta emakumeen lidergoa ikusgarri eginez, batik bat emakumeek osatutako sukaldeko talde gaztearen eskutik.
Sari honek bere ekintzailetzaren aldeko apustua, auzo eta komunitatearekiko konpromisoa eta hiri irekiago, kohesionatuago eta biziago bat eraikitzeko egin duen ekarpena goraipatu ditu. Hori guztia argi gelditu da ere lortu duen errotze sozialean eta kritika espezializatuak, besteak beste, Repsol Gidaren gomendioak, eman dioten errekonozimenduan.
Emakumeen talentu eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten duen tokiko enpresaren kategoria
Multiverse Computing. Adimen artifizialean eta konputazio kuantiko aplikatuan espezializatutako enpresa.
2019an sortu zen erreferentziako enpresa teknologiko hau sektore estrategikoetara aplikatzen den konputazio kuantikoan eta adimen artifizialean espezializatu da, eta bikaintasun zientifikoa eta berdintasunarekiko zein aniztasunarekiko konpromiso estruktural eta neurgarria uztartzen jakin du. Historikoki maskulinizatuta egon den teknologiaren esparruan eta, bereziki, STEM ekosistema kuantikoan, konpainia hau nabarmendu egin da bere langile guztien % 50 inguru emakumeak izateagatik, eta emakume eta gizonen arteko oreka lortu duelako zuzendaritza postuetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan, sektoreko batezbestekoaren gainetik.
Sari honek azpimarratu egin du emakumeen talentuaren eta berrikuntzaren aldeko apustua. Hain zuzen ere, apustu hori ikus daiteke hautaketa inklusiboko politika aktiboetan, espezializazio handiko arloetako emakumeen lidergoaren garapen eta sustapenean, eta baita industria teknologiko anitzago, ekitatiboago eta sozialki konprometituago bat lortzeko sortu dituen barne egitura espezifikoetan eta posizionamendu publiko argian ere, enpresa Europako ekosistema teknologikoaren barruan berdintasunean sortzen ari den erreferente gisa sendotuz.
Sari horiek Donostia Sustapenak egiten duen apustu irmoaren barruan sartzen dira. Programa espezifiko eta zeharkakoak garatzearen alde egiten du, eta arreta emakumearengan jartzen dute. Urtero bi milioi euro baino gehiago bideratzen ditu programa horietara, eta 417 emakumerentzako enplegua sortzen lagundu du. 2025ean, Donostiako Sustapenak lagundu zituen 224 proiektu berritzaileetatik % 56 emakumeek bultzatu zituzten. Izan ere, duela bi urte ateak ireki zituenetik EKINNetik pasa diren pertsona ekintzaileen erdia baino gehiago emakumeak dira (%51,1).
ASPEGI, Emakumeak Zientzian eta beste hainbat erakunderekin elkarlanean, zientziaren alorreko hitzarmenak bultzatzen ditu Sustapen Elkarteak. Jarduera eta topaguneak sustatzen dituzte akordio horiek, belaunaldi berriak inspiratzen dituztenak, batez ere STEAM diziplinetan, eta erreferenteak eta aukera berriak sortzen laguntzen dute. Gainera,
enpleguaren edo ekintzailetzaren arloan, “Reaktiva -T” lan-berraktibatze eta -birbideratze programak garatzeko laguntza eman da; programa horietan 237 emakumek hartu dute parte, eta UBAko Eskola Aterpetxean 23 emakumek jaso dute prestakuntza.
EMAKUMEEKINN sariak hirugarren ediziora iritsi dira. Aurreko bi edizioetan, Marianela García eta Ana eta Elena Orella ahizpak (emakume ekintzailea), ViveBiotech eta Askora (emakumeen berrikuntza eta talentua sustatzen dituen enpresa) eta María Muñoz Cafarell eta Aitziber López Cortajarena (ikertzaile bikaina) izan ziren emakume eta erakunde sarituak.