• Etxea
  • Azken ordua
  • Aurrerapauso berria Bretxa eraldatzeko bidean: amaitu dira Arkoak eraikinaren fatxadako obrak

Aurrerapauso berria Bretxa eraldatzeko bidean: amaitu dira Arkoak eraikinaren fatxadako obrak

Ane Oyarbide, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia: “Arkoak eraikinak presentzia berreskuratzen du plazan, eta bere ondare balioarekin irudi zainduagoa eta koherenteagoa eskaintzen du. Gainera, merkatuaren beraren irudi historikoen lagin bat erakutsiko du”

Bretxa konplexuaren eraberritzea urrats nabarmenak ematen ari da. Gaur aurkeztu da Arkoak eraikinaren fatxada berria, azoka historikoaren eraldaketa prozesuaren mugarri ikusgarria, eta aurrerapauso argia Donostia Sustapenak 2024ko irailean abiarazi zuen kudeaketa integralaren esparruan.

Arkoak eraikina bisitatu du Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, eta nabarmendu duenez, “fatxada zaharberritzeko lanak amaitzearekin batera, Arkoak eraikinak presentzia berreskuratzen du plazan, eta bere ondare balioarekiko irudi zainduagoa eta koherenteagoa eskaintzen du”. Era berean, fatxadako arkuak astearte honetatik janzten dituzten tamaina handiko argazkiak aurkezteko aprobetxatu du, “keinu berezi bat Merkatuaren historiari, Kutxa Fundazioa Fototekak utzitako irudi historikoen lagin batekin”.

Urtebetean egokitu eta egikaritu den proiektua

Obra kontratua 2025eko urtarrilaren 14an sinatu zen, eta lanak urtarrilaren 23an jarri ziren abian, printzipioz, fatxada horretan aurreikusita zegoen markesina instalatzeko asmoarekin. Martxoan elementu hori baztertzea erabaki zen eta proiektua berraztertu zen, jarduketa ageriko fatxada bihurtzeko, materialak eta soluzio teknikoak konfigurazio berrira egokituz.

Esku hartzea bi fasetan egin da, azaroaren 25ean amaitzea aurreikusita, eta azken aurrekontua, BEZ barne, 545.010,70 eurokoa izan da. Markesina kentzeak 300.000 euro baino gehiago aurreztea ekarri du.


Eraikina babestu eta azpimarratzeko fatxada berritua

Proiektuak barne hartu ditu fatxadaren egonkortasuna, babesa eta iraunkortasuna areagotzeko helburua izan duten zenbait lan. Garbiketa lanak gauzatu bitartean, aurreikusitakoa baino narriadura handiagoa ikusi zen behe solairuko pilare eta kapiteletan; beraz, elementu kaltetuak kendu behar izan ziren, egitura konpondu eta eragindako piezak harrilanezko pieza berriekin ordezkatu, multzo osoaren jatorrizko itxura berreskuratu arte.

Era berean, fatxadako baoetarako aurreikusi zen irtenbidea ere berrikusi zen, eta aukera egokiago bat hautatu zen: eraikinaren gainerakoan jarritakoen antzeko arotzeriak txertatzea. Erabaki horrekin eraikinaren estankotasuna bermatzea lortu zen, iragazteak saihestea eta harrizko elementuak hezetasunaren eta denboraren iragatearen aurrean babestea.

Jarduketa horiei esker, fatxada erabat berritu da, harrizko elementuen zaharberritzea eta eraikinaren babesa eta kontserbazioa hobetzen dituzten itxitura berriak uztartuz.


Begirada bat iraganera

Beirateen gardentasun berriari onura ateratzeko, Donostia Sustapenak erakusketa txiki iraunkor bat proposatu du Bretxako irudi historikoekin. Ibilbide bisual horrek iragana eta oraina lotzeko balioko du, eta kulturaren, bertako produktuaren eta talentuaren aldeko apustua partekatuko du herritarrekin, azokaren nortasuna eta hiriko eguneroko bizitzarekin izan duen lotura gogorarazteko.


Urrats bat gehiago Bretxaren kudeaketa integralean

Donostia Sustapenak 2024an hartu zuen bere gain ekipamenduaren kudeaketa, helburu argiarekin: eraikina zaintzea, bere jarduera berreskuratzea eta izan duen eginkizun sozial eta ekonomikoa azpimarratzea.

Oyarbidek ere zera nabarmendu du: “Fatxadako obra egikaritzea posible izan da zenbait eragileren lan koordinatuari esker, eta Bretxako eraldaketa gidatzen ari den lankidetzaren adibide argia da. Donostiako Udaleko Proiektu eta Obra Departamentuak lizitazio, aldaketa eta jarraipen prozesu osoan lagundu du, Donostia Sustapenarekin lankidetza estuan, Bretxako proiektu eta obrak garatzeko izenpetu duten akordioaren esparru barruan. Etengabeko lankidetza horrek esku hartzearen kalitatea areagotzen du eta aurrerapauso bakoitza hiriaren beharrekin bat datorrela ziurtatzen du”.

Arkoak eraikineko fatxada amaitzearekin beste pauso bat eman da eraldaketa horretan, eta orain azoka eta bere ingurunea hobetzeko jarduketekin jarraituko du aurrera. Horrela, proiektua amaierako fasean sartuko da, Bretxa azoka hiriko topagune, motor ekonomiko eta erreferente bihurtuz, historia, komunitatea eta etorkizuna batu dituen proiektu publiko bati esker.

Aurrerapen honi gehitu behar zaio Donostia Sustapen Sozietatearen urtebeteko kudeaketa merkatuaren eraldaketa sendotzen duten obra, lizitazio eta kontratu berriekin partekatzen zuen berria. Horien artean, “Pescaderia” eraikinaren obren hurrengo lizitazioa nabarmentzen da, 12 milioi euro inguruko inbertsioarekin, merkatuaren berrikuntza integralaren azken fasea aktibatzea ahalbidetuko duena.