• Etxea
  • Azken ordua
  • 38 saltoki berri irekita. Donostiako merkataritzak bere susperraldia hasi du

38 saltoki berri irekita. Donostiako merkataritzak bere susperraldia hasi du

Iñigo García, San Sebastián Shops arduraduna, Marisol Garmendia, Ekonomia Suspertzeko Zinegotzia, eta Javier Ferreras, San Sebastián Shops Lehendakaria)

Covidek eragindako krisiaren ondoren, Donostiako merkataritza sektorean joera aldaketa bat ari da gertatzen, eta hori agerian geratu da saltoki berrien irekierarekin. 2021ean, 165 saltoki berrik eman dute alta, eta, aldiz, 127 baja zenbatu dira. Beraz, saldoa positiboa da, hirian 38 saltoki berri gehiago daudenez irekita.

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, Donostiako tokiko merkataritzaren jarduera ekonomikoari eta enpleguari eusteko lanean jarraitzen du, eta, horretarako, beste hitzarmen bat sinatu du San Sebastián Shops-ekin, merkataritzaren eraldaketa digitala babestearen bidez helburu horiek lortzeko.Ahalegin horretan parte hartzen dute hiriko merkatari elkarteek ere.Prentsaurrekoan izan dira Julen Maiz, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko presidentea, eta Javier Ferreras, San Sebastián Shops-eko presidentea.

Marisol Garmendiak, Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako zinegotziak, hau adierazi du: “Ikusten dugu merkataritza sektorea berpizten hasi dela saltoki berrien irekierarekin, hilabete luzeetan saldo negatiboa izan ondoren.Lan handia ari gara egiten hiriko merkatari elkarteekin, San Sebastián Shops-en bidez, eta, hitzarmen berri honekin (sektorearen eraldaketa digitala eta jarduerari eta enpleguari eustea azpimarratzen duenez), hiriko tokiko merkataritzari ematen diogun babes irmoa berresten dugu; sektore lehiakorra izatea dugu helburu, gertatzen ari diren kontsumo ohituren aldaketei aurre egiten asmatuko duena”.

Aldaketa testuingurua da, eta digitalizatzeak eraginiko eredu berrietara goaz. Testuinguru honetan, eta Covidek eraginiko krisi ekonomikoaren aurrean, Donostia Sustapenak hainbat ekimen burutzen jarraitzen du, PREK Ekonomia Suspertzeko Planaren barnean. Ekimen horien artean dago San Sebastián Shops-ekin sinaturiko hitzarmen berria ere, 229.470 €-ko ekarpena duena.Hitzarmenak hiru jarduera esparru ezartzen ditu:tokiko merkataritzaren lehiakortasun dimentsioa eta enplegua finkatzea; merkataritzako hiri ingurunea berpiztea; eta hiriko merkataritza ehunaren irudia sustatzea lehentasunezko merkataritza aukera gisa.

Online salmentak areagotzeak hiriko merkataritza sektore gehienetan salmenten galera ekarri du, eta, horren aurrean, hitzarmenak bereziki azpimarratzen du merkataritzaren eraldaketa digitala bultzatu beharra dagoela, lan egiteko moduak eta negozio ereduak berritzeko eta testuinguru berrira egokitzeko tresna gisa, sektore honetan lan egiten duten pertsonen gaitasunak eta kualifikazioa indartuz.

“Eraldaketa digital honetan, funtsezko elementua izaten ari da www.dssmarketplaza.eus online salmentaren eta zerbitzuen plataforma digitala. Plataforma hori jarri da tokiko merkataritzaren eskura, eta etengabeko laguntza ematen die saltokiei, digitalizatze bidea egiteko orduan.Bitarteko hori tresna eraginkor gisa ari da finkatzen, gure saltokiek beren produktuak online sal ditzaten, eta, gainera, eskaintza interesgarriekin”.

SARIAK DONOSTIAKO MERKATARITZARI

Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako Zinegotzigoak, San Sebastián Shops-ekin batera, Merkataritzari emaniko Sariak berreskuratu ditu aurten. Sari horiek datorren azaroaren 18an Donostiako María Cristina Hotelean izango den ekitaldi batean emango dira.

"Donostiako merkataritzaren aldeko apustu sendo honetan -adierazi du Garmendiak-, garai zail hauetan egiten ari diren ahaleginari balioa eman nahi izan diogu, eta sari batzuk berreskuratu ditugu, oraingo honetan baloratu egingo dituztenak Merkataritza Ibilbidea, Merkataritza Berritzailea, Merkataritza Iraunkorra eta Merkataritza Sortu berria, sariak emateko ezarri ditugun lau kategoriak osatzen dituztenak". Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 15ean itxiko da. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 15ean itxiko da.

Donostia Sustapenak eginiko Hiri Ekonomiaren Barometroaren azken txostenaren arabera (2020), hiriak 3.749 saltoki ditu. Horietatik 2.500 saltoki txikizkariak dira, eta jarduera ekonomikoaren % 23 ordezkatzen dute.Sektore honen Balio Gordin Erantsiak hiriko balio gordin erantsi osoaren % 10 ordezkatzen du.Enpleguari dagokionez, enplegu osoaren % 13 ordezkatzen du, eta 12.569 enplegu ditu merkataritzan.