Laguntza ekonomikoen bila zabiltza zure negozioak hobera egin dezan?

Berrikuntza proiekturen bat garatzen baduzu, laguntza eta abantaila bereziak jaso ditzakezu.

Donostiako eremu enogastronomikoko aisialdi turistikoaren sektorean jasangarritasuna hobetzeko neurriak hartzeko laguntzak

 

Programaren helburua Donostian kokatutako eremu enogastronomikoko aisialdiko eta turismoko enpresetan jasangarritasun neurriak bultzatzea eta hartzea da, horrela trantsizio berde eta jasangarria errazteko eta hiri ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko.

  • NOLAKOAK DIRA LAGUNTZAK?

    Hiriko ekonomiaren jasangarritasuna hobetzeko neurriak ezartzera zuzenduta daude laguntzak. Laguntza hauen testuinguruan, jasangarritasunak esan nahi du ingurumena zaintzea, ekonomia garapen arduratsua eta ongizate soziala helburu dituzten jardunbideak ezartzea. Horrela, oreka iraunkorra ahalbidetuko da, aisialdi turistikoaren sektoreko enpresen hazkunde eta ongizate ekonomikoa aldi berean sustatuta.

    Energia efizientziarako neurriak eremu hauetan garatu daitezke:

    • Instalazioek dituzten birziklatzeko eta konpostatzeko prozesuak erraztu eta hobetuko dituzten sistemak ezartzea edo ekipamendua erostea.
    • Erabili eta botatzeko plastikoen erabilera murrizteko sistemak ezartzea edo ekipamendua erostea, eta alternatiba jasangarriak sustatzea.
    • Hondakinak eta ekipamenduak kudeatzeko sistemak ezartzea, ezabatzea lehenetsi beharrean berrerabiltzea eta birziklatzea lehenesteko.
    • Elikagai hondakin gutxiago sortzeko eta elikagaiak alferrik galtzea saihesteko sistemak ezartzea edo ekipamendua erostea.
  • ZENBATEKO LAGUNTZA DA?

    Dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 €-koa da gehienez proiektu bakoitzeko, eta laguntzaren intentsitatea diruz laguntzeko moduko gastuen % 70ekoa da, gehi % 10 enpresa txiki edo mikro ETEen kasuan.

    Programa honi bideratutako zenbatekoa, guztira, 150.000 €-koa da.

  • NOIZ ARTE AURKEZTU DAITEKE ESKABIDEA?

    Eskabideak aurkezteko epea zabalik egongo da baliabide ekonomikoak agortu arte edo, gehienez jota, deialdia itxi arte, hots, 2025eko uztailaren 30era arte.

    Establezimendurako jasangarritasun proiektu adina eskabide aurkeztu ahalko dituzte onuradunek. Eskabide bat egin beharko dute diruz lagundu nahi duten jasangarritasun proiektu bakoitzeko. Dirulaguntza bakarra emango zaio onuradun bakoitzari. Aurrekontu soberakinik badago edo Donostiako Udalak deialdi honi bideratutako diru zuzkidura zabaltzea erabakitzen badu, eta kasu horretan bakarrik, bigarren dirulaguntza bat eman ahal izango zaie onuradunei, garaiz eta behar bezala eskatu badute eta baldintzak betetzen badituzte.

  • ZEIN DA EGIKARITZE EPEA?

    Jasangarritasuna hobetzeko neurriak egikaritzeko epea 2023ko irailaren 1etik aurrera izango da eta laguntza justifikatzeko gehieneko datara arte zabalduko da (hiru hilabete dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den datatik hasita, eskabidearen datan egikarituta dauden proiektuen kasuan, eta 2025eko abenduaren 31ra arte, eskabidearen datan egikarituta ez dauden proiektuen kasuan).

  • NORK ESKA DEZAKE LAGUNTZA?

    Dirulaguntza hauen helburua da Donostian kokatutako establezimenduetan eremu enogastronomikoko aisialdi turistikoaren sektorearekin lotutako enpresek edo elkarteek egindako inbertsio eta gastuak diruz laguntzea, bai eta sektore horretako enpresa eta erakundeentzako proiektuak garatzen dituztenak ere, betiere jasangarritasuna hobetzeko helburua badute.

    Laguntzen onuradun izan daitezke jarduera ekonomiko bat garatzen duten pertsona fisikoak (autonomoak) edo pertsona juridiko pribatuak, nazionalak zein atzerritarrak, bai eta lantokia eta jarduera ekonomikoa Donostiako udalerrian dituzten aurreko horietako nortasunik gabeko taldeak ere.

    Onuradun izaera izango dute laguntza ematea eragin duen jarduera gauzatuko dutenak edo laguntza ematea legitimatzen duen egoeran daudenak, betiere Oinarrietan adierazitako betekizun guzti-guztiak betetzen badituzte.

    Elkarteak eta fundazioak Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan edo beste erregistro publiko batzuetan inskribatuta egon beharko dira. Era berean, Herritarren Erakundeen Erregistroan inskribatuta egon beharko dira, baina baldintza hori, salbuespen moduan, ordezkatu ahal izango da Donostiako udalerrian jarduera puntualen bat egiten duten elkarte eta fundazioentzat, baldin eta Udalaren presentzia instituzionala interesgarritzat jotzen bada. Horren ordez, hasieran aipatutako erregistro publikoetan inskribatu beharko dira.

    Ezingo dira onuradun izan sektore publikoko erakunde publikoen mendeko erakundeak edo erakunde publikoen % 25 baino gehiagoko partaidetza dutenak.

  • ZER GASTU FINANTZA DAITEZKE?

    Diruz lagundu daitezkeen gastuak honako hauei lotutakoak dira:

    • Negozioaren jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hobetuko dituen ekipamendua erostea.
    • Negozioaren jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hobetuko dituzten instalazioak egiteko obra zuzendaritza, ingeniaritza lanak eta legeztatzeak.
    • Kanpoko adituek proiektuaren inguruan egindako txostenak, ziurtagiriak eta auditoriak.
    • Negozioaren jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra hobetuko dituzten prozesuak edo neurriak ahalbidetuko dituzten tresna teknologikoak eta/edo plataformak erostea edo garatzea.
    • Diruz laguntzen den proiektuaren marketinari eta komunikazioari lotutakoak, bai aholkularitzakoak, bai beharrezko euskarriei lotutakoak, betiere euskarri horiek formatu digitalean badira eta proiektuari balioa ematen badiote. Mota horretako gastuek ezingo dute proiektuaren kostuaren % 25 gainditu.
  • NOIZ JASOKO DUT LAGUNTZA?

    Ordainketa bakarra egingo da, justifikazio agiriak aurkeztu eta onartu ondoren.

  • NOLA ESKA DEZAKET LAGUNTZA?

    Eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira Donostia Sustapenaren webgunearen bidez (www.fomentosansebastian.eus). Esteka orri honetan bertan daukazu.

 

logosbecas2024V2