Zabalik dago Gabonetako Azokan saltokia eskatzeko epea

  • Azokak 60 etxolatik gora izango ditu Frantzia pasealekuan eta Ramon Labayen plazan
  • Interesa duten saltoki eta negozioek une honetatik aurrera eta uztailaren 22ra arte bidal dezakete eskabidea www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunera

Aurtengo Gabonetako Azokan etxola eskatzeko epea jada zabalik dago. 60 etxola baino gehiagorekin, Donostia Sustapenak antolatzen duen hiriko Gabonetako kanpaina barruko erakargune nagusietako bat da.

Edizioz edizio, milaka pertsona hurbiltzen dira azokara Gabonetako erosketak egitera, bai Donostiakoak bai bisitariak. Hiriko ekonomia jarduera dinamizatzearekin batera, Gabonetako Azoka erakusleiho garrantzitsua da saltoki txikientzat. Aurtengo edizioan, tokiko establezimenduen parte hartzea sustatu nahi da bereziki.

Interesa duten saltoki eta negozio guztiek www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunera bidal dezakete eskabidea, uztailaren 22ra arte, data horretan itxiko baita Donostia Sustapenak ireki duen izena emateko epea.

Gabonetako Azoka produktu hauen salmentara orientatuta dago:

  • Gabonetako elikagai tipikoak: gabonetako eta sasoiko produktu tipikoak, besteak beste, opilak, gozoak, pastelak, aparteko kontserbak edo fruitu lehorrak.
  • Jostailuak eta haurrentzako gabonetako opariak: haurrentzako gabonetako artikulu ludikoak, hala nola jostailuak, eskulanak, liburuak edo ipuinak.
  • Artisautza artikuluak eta gabonetako opariak: artisautza, dekorazioa, brokantea, imitaziozko bitxiak, modako artikuluak (txanoak, eskularruak, etab.), zeramika, urregintza, margolaritza edo gabonetako musika tresna tipikoak.
  • Gabonetako dekorazioa: jaiotza tradizionalarekin lotutako artikuluak (figurak eta osagarriak), gabonetako tresneria, argiak, girlandak, dekorazioa eta gabonetako apaingarriak edo loreak.

Etxolak egunero egongo dira zabalik, abenduaren 4tik urtarrilaren 6ra, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an izan ezik; hiru egun horietan, ixteko aukera izango dute. Oinarrietan ezartzen diren jendaurreko orduak derrigorrezkoak izango dira: 11:00etatik 21:30era astean zehar eta 22:30era jaiegun bezperetan, jaiegunetan eta asteburuetan. Gabon Gauean, Gabon Zahar egunean eta Errege bezperan, etxolak 19:00etan itxi ahalko dira.

Etxola bat alokatzeko prezioak hauek dira, Donostia Sustapenaren dirulaguntza aplikatu ondoren:

a) Etxola baten kanpaina osorako prezioa (abenduaren 4tik urtarrilaren 6ra):

  • 3x2 etxola: 2.359,5 euro (BEZarekin) 1.950 € + BEZa

b) Kanpaina erdirako prezioa (abenduaren 4tik 20ra eta abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra)

  • 3x2 etxola: 1.391,5 euro (BEZarekin) 1.150 € + BEZa

Gabonetako Azokan erakusketari moduan parte hartzeko, eskabidea www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunearen bidez bidali beharko da uztailaren 22a baino lehen.

Horrez gain, kontzertuak, lantegiak, proposamenak eta Gabonen aurreko asteetan iragarriko diren beste sorpresa batzuk barne izango dituen jarduera programa bat ere izango du Gabonetako Azokak.