• Etxea
  • Azken ordua
  • Milioi bat eta berrehun mila euro baino gehiago laguntzetan donostiarren enplegagarritasuna errazteko

Milioi bat eta berrehun mila euro baino gehiago laguntzetan donostiarren enplegagarritasuna errazteko

  • Laguntza hauek kontratazioari hobariak emateko erabiliko dira, batez ere emakume donostiarren kontratazioari, kontratu bakoitzeko 11.000 eurorainoko zenbatekoekin.
  • Laguntzak eskatzeko epea, 2022 osoan egindako kontratu mugagabeen kasuan, 2023ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.
  • Milioi erdi euro baino gehiago bideratuko dira aldi baterako langabeak udal-proiektu desberdinetan sartzeko.

Lanbideren Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen Planak 1.252.926 euroko dirulaguntza ematen dio Donostiari langabezian dauden donostiarrak aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzeko.

Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuorde Alfonso Gurpeguik eta Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotzi Marisol Garmendiak aurkeztu dituzte laguntza hauek Donostiako Udalean, eta hiriko langabeentzako lan-aukerak garatzera bideratutako DSS22 Ekonomia Bultzatzeko Planaren barruan sartzen dira, batez ere gazteengan, emakumeengan eta 55 urtetik gorakoengan. Plan honek, oro har, 4 milioi eurotik gorako aurrekontua du.

Lanbideren dirulaguntza bi laguntza motatan banatzen da.

1.) KONTRATAZIORAKO LAGUNTZAK

707.180,73 euroko aurrekontua dute, eta 2022an Donostiako langabetuei kontratu mugagabeak egiteko laguntzak dira. Kontratatutako pertsona, enpresa kontratatzailea eta lantokia Donostiakoak izan behar dira.

Hasierako laguntza 8.000 eurokoa izango da lanaldi osoko kontratu mugagabe bakoitzeko, edo 4.000 eurokoa lanaldi erdia bada. Enpresa bakoitzak, gehienez, bi laguntza eska ditzake.

Langabeak 35 urte baino gutxiago edo 55 urte baino gehiago baditu, iraupen luzeko langabea bada edo DSBEa jasotzen badu, laguntza 10.000 eurokoa izango da lanaldi osorako, eta 5.000 eurokoa lanaldi erdirako.

Marisol Garmendia Ekonomiaren Garapen eta Enplegu zinegotziak esan duenez, “kontratatutako langabea emakumea bada, laguntza % 10 handiagoa izango da. Donostian emakumeen langabezia gizonena baino handiagoa da, eta orain arte garatzen ari garen politika guztiak arrakala hori konpontzen saiatzen dira. Emakumeen langabezia adin tarte guztietan larriagotu dela ikusi dugu, 30 urtetik beherakoetan izan ezik. Horretaz gain, emakumeen artean langabezia kronifikatu dela ikus dezakegu, %58,4 alegia, eta horrek areagotu egiten du berdintasun neurrietan eragiteko beharra, kasu honetan bezala”.

Laguntzak telematikoki eska daitezke Donostia Sustapeneko webgunean (www.fomentosansebastian.eus) hilaren amaieratik eta eskabideak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 31n amaituko da.

2.) ENPLEGUA SUSTATZEA

545.745,27 euroko aurrekontuarekin, laguntza honek Donostiako langabetuen enplegagarritasuna hobetu nahi du, onura publikoko hainbat udal-proiektutan integratuz, 3 6 hilabeteko iraupena duten lanaldi aldakorren kontratuen bidez.

Horrela, abenduaren 31 baino lehen, 44 langabe hainbat udal-proiektutan sartuko dira. Horietatik 27 Udalak kontratatutako ditu zuzenean, eta gainerakoak 17ak Gureak Garbitasuna enpresak, Donostia Sustapenak irabazi asmorik gabeko laneratzeko enpresa horrekin duen lankidetza-hitzarmenari esker.

Gureak Garbitasuna enpresak kontratatutako 17 pertsonak udal instalazioen garbiketaz arduratuko dira. Udalak kontratatutako 27 pertsonek, berriz, udal departamentu ezberdinetan egingo dituzte lanak. Laguntza honetan ere, kontratazioetan sexu berdintasuna lortzeko lan egin da.

Enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen deialdia, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2022ko maiatzaren 12ko erabakiaren bidez onartua, 2022ko maiatzaren 20ko EHAAn argitaratua.