• Etxea
  • Azken ordua
  • Lander Simulation eta Onena Medicinasek irabazi dituzte Enpresa Berritzailearen DSS_INN sariak

Lander Simulation eta Onena Medicinasek irabazi dituzte Enpresa Berritzailearen DSS_INN sariak

Berrikuntzaren Astearen barnean, Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak ematen dituzten DSS INN sarien seigarren edizioan, aurten, saria jaso dute Lander Simulation enpresak, finkatutako enpresen kategorian, eta Onena Medicines enpresak, enpresa gazteen kategorian, berrikuntzaren alde egiteagatik, beren ikuspegi globalarengatik eta hiriarekiko duten loturarengatik. Sariak, gaur, urriak 21, eman dira DSS WeekINN ekimenaren barnean. Ekitaldia Maria Cristina Hotelean egin da eta bertan parte hartu du berrikuntzarako COTEC Fundazioko presidente eta Zientzia eta Berrikuntzako ministro ohi Cristina Garmendiak. Berebat, ekitaldi horretan, Biodonostiari esker ematea egin zaio Donostian ikerketaren eta berrikuntzaren arloan egin duen lan eskergarengatik.

Sariak banatzeko ekitaldian, Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi du edizio bakoitzean sarituen kalitateak nabarmendu egiten duela Donostiak talentuaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustu irmoa. Apustu hori, gainera, hiriaren proiektu estrategikoaren parte da. Abangoardiako hiria, eta kasu askotan erreferentea, hainbat arlotan, non erakundeen laguntza eta konpromisoa duen ekintzailetza-bide horri jarraitzeko.

Sustapen ekonomikorako zinegotzi Marisol Garmendiak hauadierazi du: “Sari hauekin balioa eman nahi diegu eta errekonozitu nahi ditugu berrikuntzaren alde egiten duten enpresa donostiarrak. Lander Simulation munduan enpresa liderra da funtsezko sektoreetarako, esaterako, trenbide sektorerako edo aeronautikarako neurriko simulagailuak diseinatzen eta fabrikatzen. Enpresa honek era intentsiboan egin du I+G arloaren alde eta etengabeko hobekuntzak lortu ditu bere produktuetan. 2019an sortu zen Onena Medicines bioteknologiako enpresa donostiarrari dagokionez, zenbait tumore zelula hilezkor bihurtzen dituen proteina bat ezabatzeko medikamentuak garatzen dituen munduko lehen enpresa da. Abangoardiako teknologiak erabiltzeaz gain, gure ustez oso garrantzitsua da karrera AEBn egin duten enpresa honen sustatzaileek, bi emakumek, enpresa gure hirian ezartzea erabaki izana. Potentzial handia duen eta Donostian eta Gipuzkoan inpaktua duen proiektuaren eredu argia dira”.

Sariak, gaur, urriaren 21ean, eman dira Berrikuntzaren Astearen barnean, Donostiako Maria Cristina Hotelean, eta bertan izan dira Donostiako alkate Eneko Goia, Sustapen Ekonomikorako zinegotzi Marisol Garmendia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntzaren zuzendari Jon Gurrutxaga. Ekitaldian izan dira, halaber, aurreko edizioetan saria jaso zuten enpresetako ordezkariak. Horrez gain, opari bat eman diote Cristina Garmendiari berrikuntzaren arloan hiriari ematen dion laguntza eskertzeko. Adibidez, Talent House garatzeko proiektuan bere laguntza jaso du hiriak.

DSS INN enpresa berrikuntzaren sariak Berrikuntzaren Astea - DSS WeekINN ekimenaren barnean ematen dira. Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, antolatzen du ekimen hori berrikuntzaren kontzeptuaren baitan hiriaren garapen ekonomikorako politikak, estrategiak eta proiektuak sustatzeko. Sari hauen bidez, bereziki berrikuntzaren alde egiten duten enpresa donostiarrak errekonozitzen dira eta bi kategoria ditu:

  • Saria finkatutako enpresa berritzaileari. Enpresa hauek nazioarteko bokazioa duten negozio berritzaileak garatzearen alde egin arren, oso errotuta daude hirian eta hari lotuta daude. Horrez gain, beren jarduera finkatu dute eta erreferente bihurtu dira, ez soilik beren sektorean, baita hirirako ere kudeaketaren eredu gisa.
  • Saria enpresa berritzaile gazteari. Sortu berri diren enpresak dira, eta gure hiritik beren jarduera arrakastaz egiten dute sektore emergenteetan. Enpresa hauek proiekzio global handia dute eta etorkizuneko enpresa eredua ordezkatzen dute, talentu behar handiak eta oinarri teknologikoa dituenak.

  

DSS INN ENPRESA BERRIKUNTZA SARIA FINKATUTAKO ENPRESARI

Lander Simulation

Lander Simulation enpresa Donostian sortu zen 2002an, gidari profesionalen prestakuntzarako simulagailuak neurrira garatzeko eta merkaturatzeko helburuarekin. Hala, simulagailuak egin dituzte autoentzat eta motoentzat, eta ibilgailu berezientzat, esaterako, kamioi, garabi, tranbia edo trenentzat. Bere helburua da ingurune errealistak sortzea hainbat egoera simulatzeko eta gidariak entrenatzeko egoera horiei nola aurre egin jakin dezaten. Ezagutza sortzen da eta, batez ere, istripuak saihesten dira eta bizitzak salbatzen dira.

Era intentsiboan egin duenez I+G arloaren alde, hobekuntzak egin ditu bere simulagailuetan etengabe eta, horrela, eskatzen diren aurrerapen teknologikoak eskaintzeaz gain, erabiltzaileari esperientzia errazten dioten sistema intuitiboak ere eskaintzen ditu. Azken 18 urteetan enpresak 375 simulagailu instalatu ditu hamar hizkuntzatan, 5 kontinenteetako 50 herrialdetan baino gehiagotan. Lander Labs aintzat hartzen dute, zeren bertan egiten dira diseinu berriak eta simulagailuak ekarriko dituzten probak eta prototipoak.

DSS INN ENPRESA BERRIKUNTZA SARIA ENPRESA GAZTEARI

Onena Medicines

Onena Medicines bioteknologiako enpresa donostiar bat da eta 2019an sortu zen. Bularreko minbizi errepikatua eta bestelako gaixotasun onkologiko konplexuak tratatzeko lehen mailako medikamentuak egiten ditu enpresa honek. Donostian ireki zituen bere ateak, bere sustatzaile Maider Zabalak, Neethan Loborekin batera enpresa sortu zuenak, eta zuzendari zientifikoak hamarkada bat baino gehiagoz AEBn ikertu ostean.

Onena Medicines enpresan saiatzen dira neutralizatzen gaiztotzat jotzen dituzten tumore zelulek jariatzen dituzten hazkunde faktore batzuen funtzioa.

IRIZPIDEAK

Sariak emateko jarraitu diren irizpideak hauek izan dira:

  • Berrikuntzaren alde egitea: enpresa hauek irmoki egiten dute berrikuntzaren alde hirian enplegua eta aberastasuna sortzeko xedearekin, beren negozio ereduen etengabeko asmaketatik abiatuta.
  • Inpaktua: berrikuntzak egiten dituen eta hazten den enpresak inpaktu positiboa izan behar du, bai bere emaitzen kontuan bai kokatuta dagoen ingurunean, eta kalitatezko enplegua sortu behar du eta talentua atxiki eta erakarri behar du.
  • Enplegua: enpleguaren hazkundea, hala tokiko mailan, hirian, nola eskualdean, maila nazionalean edo nazioartean, positiboki baloratzen da. Berrikuntza eta I+G arloa hazkunde horren katalizatzailetzat jotzen dira.
  • Ikuspegi globala: Enpresek berrikuntzak bikaintasunez egiten dituzte eta errentagarriak dira, beren produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko eredu globaletara bideratuta daude.
  • Hiriarekiko lotura: enpresek hiriarekin, Donostia Sustapenarekin eta Donostiako Udalarekin duten lotura eta lankidetza bereziki baloratzen da, hiria berrikuntzaren eta talentuaren interesgune gisa eratzen eta sustatzen lagunduz.

URTEKO ESKER EMATEA ERAKUNDE BERRITZAILEARI

DonostiaINN sariez gain, Berrikuntzaren Asteak Biodonostiari eskaini dio urteko esker ematea. Gure hirian ikerketaren eta berrikuntzaren arloan lan garrantzitsua egin duen eta bere jarduerak Donostiako ekonomian inpaktua izan duen pertsona edo erakunde bati ematen zaio esker ona.

Biodonostia EAEko ikerketa sanitarioaren lehen institutua da eta erreferentea da ikerketa sanitarioaren arloan bai maila nazionalean eta nazioartean, zeren lehentasunez bultzatzen du ikerketa traslazionala eta berrikuntzaren alde egiten du teknologia medikoetan eta sanitarioetan; izan ere, azken horiek osasun laguntzan berrikuntza ekartzen baitute eta, aldi berean, herrialdearentzako aberastasuna sortzen dute asmakizunak produktu bihurtzen baitituzte.

Bere ikerketa zazpi ikerketa areatan dago antolatuta, eta area horietan 350 ikerlari inguru 26 taldetan daude elkartuta. Gainera, aurrerapen zientifikoak sustatzeko helburuarekin, IIS Biodonostiak gainerako institutuekiko bereizi duen eraketa berezi bat lortu du, Gipuzkoako agente teknologiko nabarmenenak integratzeari esker.

Ikerketa lana egiteaz gain, era aktiboan elkarlanean aritzen da Donostia Sustapenarekin, zientzia eta ikerketa gazteen artean dibulgatzeko lanean, proiektu ekintzaileen sustapenean eta transferentzia teknologikoko prozesuetan.

Ekintzailetzaren arloan, 2020an, bi erakundeek osasun arloko ekintzaileen azelerazio programa aurkeztu zuten: EKIN+ Osasuna. 2016. urtetik, Biodonostia bonu teknologiko laguntza programaren parte da. Donostia Sustapenak kudeatzen du programa hori eta aholkularitza teknologikoa eta I+G arloko garapenak eskaintzen ditu Biozientzien arloan, elkarlanean sustatzeko eta garatzeko, tokiko enpresek eta ekintzaileek sustatutako osagai teknologikodun proiektuak, transferentzia teknologikoaren bidez eta ezagutza garatuz Biodonostian. Era berean, bi erakundeek lan egiten dute talentua erakartzeko eta garatzeko. Hala, Biodonostiako ikertzaileak abegi planaren zerbitzuen erabiltzaileak dira.

.