Indarrez abiatu da Emakumeak Zientzian ekimena

  • Abian da Emakumeak Zientzian ekimenaren aurtengo edizioa. Egun horretako protagonista nagusiak elkartzeaz gainera –zientzia eta teknologia arloko emakumeak–, sentsibilizazio kanpaina bat ere abiaraziko da sare sozialetan.
  • Ekimen honen helburu nagusia da nabarmentzea garrantzitsua dela berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala lortzea arlo zientifikoan eta teknologikoan.

Indarrez hasi da Emakumeak Zientzian 2022 ekimena otsailaren 11n, Emakumeak eta Neskak Zientzian Nazioarteko Eguna ospatzen den egunean. Gaur goizean Donostian eginiko hasierako ekitaldian, hainbat ordezkari elkartu dira: Ekonomia Sustatzeko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Jabier Larrañaga; Donostiako Garapen Ekonomikoko eta Enpleguko zinegotzi Marisol Garmendia; CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko Aitziber L. Cortajarena; BuntPlaneten sortzailekide eta zuzendari nagusi Ainhoa Lete; eta POLYMATeko Ikerbasqueko ikertzaile Sandra Camarero. Orobat, ekitaldian izan dira Emakumeak Zientzian 2022 ekimeneko koordinatzaile Mónica Moreno (POLYMAT) eta Itziar Otegui (CIC nanoGUNE).

Emakumeak Zientzian ekimeneko koordinatzaileek sarrera labur bat egin ondotik, Marisol Garmendia Donostia Sustapeneko presidenteordeak nabarmendu du ezinbestekoa dela emakumeek zientziaren alorrean egiten duten lana ikusaraztea. «Gure hirian harro egoteko moduko errealitatea dugu: hemen bizi diren ikertzaileen % 47 emakumeak dira, baita Talent Housen hartzen dugun kanpoko talentuaren % 37 ere. Donostia Sustapena buru-belarri ari da lanean zifra horiek dagokien ikusgarritasuna izan dezaten. Emakumeak Zientzian eta halako ekimenekin egindako hitzarmenak, ekintzailetzarako laguntzak, nazioartekotze bekak, proiektuak azeleratzeko programak, inklusioari laguntzea eta beste hainbat lan ildo ipintzen ditu abian udal sozietate honek, eta bereziki indartzen dira emakumeak guztietan ere».

Ondoren, zientzia eta teknologiaren arloko hainbat alorretan lan egiten duten eta, beren egunerokoan, genero arrakalaren arazoa gertutik bizi duten profesionalei entzuteko ordua iritsi da. CIC biomaGUNEko zuzendari zientifiko Aitziber L. Cortajarenak Emakumeak Zientzian ekimenaren zergatian oinarritu du bere diskurtsoa, eta azpimarratu du emakumeek ordezkaritza eta ikusgarritasun txikia dituztela mundu akademikoan, batez ere karrera zientifikoan aurrera egiten den heinean. Horretarako, «ez dago ikusi besterik Ikerbasquek Euskadiko zientziari buruz egindako azken txosteneko grafiko hauek. Azken hamarkadan, emakumezko doktore berrien kopurua apur bat handiagoa da euskal unibertsitateetan, gizonezko doktore berriena baino. Hala ere, zenbat eta gehiago igo aintzatespen akademiko eta profesionalaren eskalan, orduan eta emakume gutxiago ageri dira», adierazi du Aitziber L. Cortajarenak.

Ainhoa Lete BuntPlaneteko sortzailekide eta zuzendari nagusiak aitortu duenez, bere karrera profesionalaren hasieran ez zuen izan zailtasun edo diskriminaziorik emakume izateagatik. «Hala ere, urteek aurrera egin ahala, eta batez ere erronka handiagoei aurre egin diedanean, ohartu naiz gidatzen dudan enpresa gehienbat maskulinizatuta dagoen sektore batean dagoela. Nire ustean, nolabaiteko erantzukizunez hartzen dudan erronka da, gustatuko litzaidakeen aldaketaren parte izan nahi baitut: emakume fundatzaileak ikustea buruan, munduko enpresa teknologiko nagusien zerrendetan», adierazi du Ainhoa Letek. Bere hitzaldian, Özlem Türeci zientzialari eta enpresaria jarri du adibide gisa. Türeci BioNtech bioteknologia enpresa alemaniarraren sortzaileetako bat da, Pfizer txertoaren egilea, eta eginahal hori aitortzen duen Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiasko Printzesa Saria jaso du 2021ean.

emakumeak contenido1

Sandra Camarero ikertzailea da Ikerbasquen POLYMATen eta UPV/EHUn, eta hura ere bat dator aurretik adierazitakoarekin: ikertzaile gisa hasi zenean, ez zuen topatu zailtasunik ikertzaile junior lanpostuetara iristeko. «Hala ere, gerora konturatu naiz gizonezkoentzat askozaz ere errazagoa dela karrera profesional oso bat uztartzea bizitza pertsonal oso batekin», azpimarratu du ikertzaileak. Ildo horretan, nabarmendu du garrantzitsua dela emakumeak ikerketako lidergo postuetan sartzeko deialdi espezifikoak egitea: «Emakiker beka kasu, niri ikerketa talde propioa finkatzea ahalbidetu baitit». Areago, azpimarratu du oraindik lan handia dagoela egiteko ikerketa proiektuetarako funtsak lortzeko lehiaketa deialdiei dagokienez: «Horietako askok ez zituzten kontuan hartzen amatasun edo aitatasun bajak oraindik oraintsura arte, eta, aldaketa hori gertatzen ari bada ere, arazoa modu integralagoan landu beharko litzateke, ikertzaileen benetako testuinguru profesionala kontuan hartuta», gaineratu du Sandra Camarerok.

Azkenik, Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Jabier Larrañagak gogorarazi duenez, «lurralde historikoan I+Gn dedikazio osoa duten emakumeen ehunekoa % 33,97 da, eta ikerketa gehien biltzen duen jardueran –alegia, ingeniaritzan–, % 28,11. Erantzukizun handieneko lanpostuak aztertuz gero, are handiagoa da desoreka. Gipuzkoa eremu guztietan desberdintasun txikiena duen munduko lurraldeetako bat izatea nahi badugu, ezin ditugu onartu halako datuak; izan ere, justizia kontua da, eta gizartearen % 50ek talentu potentzialari uko egitea esan nahi du». Hori dela eta, gaineratu du Foru Aldundiak emakume gazteen artean adar zientifiko- teknikoak bultzatzen diharduela, «genero-estereotipoak hautsiz, kontziliazio erantzukidea bultzatuz, eta emakume ikertzaileen ibilbideak babestuz I+Grako laguntzen deialdietan».

Ekitaldia, orobat, Emakumeak Zientzian 2022 sentsibilizazio kanpaina aurkezteko ere baliatu dute. Kanpaina horretako parte izango dira ekimena antolatu duten erakundeetako ikertzaileen testigantzak, eta gaur bertan abiaraziko da sare sozialetan. Emakumeak Zientzian ekimenaren koordinatzaileen arabera, «sentsibilizazio kanpaina honekin profesional horien guztien lana balioetsi nahi dugu, eta haien eredua erreferente izatea hurrengo belaunaldientzat, gero eta gehiago izan daitezen karrera zientifiko-teknikoetan sartzen diren emakumeak, kontuan izanik karrera horiek eskatzen dituztela gehien sektore emergenteetako enpresek. Halaxe lortuko dugu aurrera egitea berdintasunezko garapen profesionala lortzeko bidean.

Programa zabal bat antolatu da hainbat eratako jarduerekin, ahalik eta pertsona gehienengana zabaltzeko «zientzia bada nesken kontua» dioen mezua, eta, horretaz gainera, zientziaren eta teknologiaren eremuan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala lortzearen garrantzia azpimarratzeko. Jardueren programa osoa eskuragarri dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean.

Emakumeak Zientzian ekimenaren 6. edizioaren 17 erakunde antolatzaileak
Euskadiko zientziaren eta teknologiaren alorreko erakusgarri garrantzitsuak
dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC),

Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta UPV/EHUko Kimika Fakultatea, Elhuyar, eta Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa.

Emakumeak Zientzian 2022 ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostia Sustapenaren laguntza nabarmena du, bai eta erakunde eta entitate hauen lankidetza ere: Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC), Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT), Ikerketarako Estatu Agentzia (ekimenari atxikitako Severo Ochoa eta María de Maeztu zentroen bidez), Euskadiko Filmategia eta Donostia Zinemaldia, eta Aspegi (Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartea).

emakumeak contenido2