• Etxea
  • Azken ordua
  • Gastronomia-sektoreko ekintzailetza- proiektuetarako laguntza ekonomiko berriak eta inkubagailu bat

Gastronomia-sektoreko ekintzailetza- proiektuetarako laguntza ekonomiko berriak eta inkubagailu bat

Tokiko Ekonomia eta Enpleguko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bitartez, hiriko sektore estrategikoetako batekin —aisialdi turistiko eta gastronomikoaren sektorearekin— duen konpromisoa bultzatuko du, 150.000 euroko dirulaguntzak banatuz eta proiektu ekintzaile eta berritzaileei zuzendutako aholkularitza-zerbitzu berri bat eskainiz. Sozietatearen Barometroaren arabera, 2023an sektore honek 9.026 enplegu sortu zituen (hiriko enplegu osoaren % 9,1) eta tokiko BPGaren % 6 suposatu zuen; beraz, hiri-ekonomian duen inpaktuagatik eta ekarpenagatik., garbi dago funtsezkoa dela.

Ane Oyarbide, Ekonomiako eta Tokiko Enplegurako zinegotzioaren arabera "enplegua bultzatzearekin eta gure ekonomiaren sektore estrategikoenak indartzearekin konpromiso irmoa daukagu. Horietako sektore bat gastronomiarena da, gure idiosinkrasiarekin eta tokiko kulturarekin oso lotuta dagoena, eta hiriari nortasuna emateaz gain, garapenerako motor indartsu gisa jokatzen duena. Laguntza eta aholkularitza-zerbitzu hauek apustu garbia dira zentzu horretan, eta horiekin ekintzailetzarako eta proiektuak garatzeko aukera berriak sortuko ditugulakoan gaude. "

Laguntza eta zerbitzu berriak honela zehazten dira:

150.000 euroko dirulaguntzak aisialdi turistiko eta gastronomikorako

Ekimen nagusietako bat sektore sozioturistiko eta gastronomikoaren arloko proiektuak aurrera ateratzeko dirulaguntzen deialdia da; deialdi hau apirilaren 11ra arte edo diru baliabideak agortu arte egongo da zabalik.

Donostian diharduten enpresei (jatetxe, taberna, turismo ostatu, turismo gidari eta abarrei) zuzenduta, 18.000 euroko oinarrizko laguntza jasoko dute proiektu bakoitzeko, eta 2.000 eurora arteko laguntza gehigarriak ere bai: 1.000 euro bazkideren bat lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetakoa bada (emakumeak, 35 urtetik beherakoak edo 45 urtetik gorakoak) eta 1.000 euro lantokia Donostiako Ekialdeko Barrutian badago.

Laguntzak 2020ko urtarrilaren 1etik 2025eko martxoaren 31ra bitartean sortutako enpresentzat dira, eta helburu izango dute enpresa horien finkapena eta hazkundea erraztea, gastu eta inbertsio estrategikoak finantzatuz.


Gastro Inkubagailua: proiektu berritzaileentzako mentoring eta aholkularitza zerbitzua

Dirulaguntzez gain, Donostia Sustapenak Gastro Inkubagailua jarri du martxan. Lehen urratsak ematen ari diren eta hazkunde aurreikuspen onak dituzten gastronomia arloko enpresa proiektuetarako pentsatutako programa da hau.

Zerbitzuaren eskaintza: mentoring pertsonalizatua gastronomiaren eta ekintzailetzaren arloko adituen eskutik; aholkularitza estrategikoa proiektuen bideragarritasuna eta hazkundea sustatzeko; baliabideak eskuratzeko aukerak; eta harremanak sektoreko funtsezko eragileekin.

Zerbitzuen eta laguntzen deialdi berri hau Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, iraunkortasuna edo digitalizazioa, langileen prestakuntza eta talentuaren sustapena bezalako esparruetan enpresak hobetzeko hedatu duen sektoreari laguntzeko estrategiaren parte da, ekintzailetza-proiektuei lagunduz, EKINN+ GASTRO bezalako programekin. Apustu horrek, azken batean, sektorearen lehiakortasuna indartzea, tokiko ekintzailetza sustatzea eta epe luzerako jasangarritasuna bermatzea du helburu.

Gainera, ekimen honekin, Sozietateak berretsi egin du berrikuntzarekin, ekintzailetzarekin eta tokiko tanletuarekin duen konpromisoa, sektoreak oraingo eta etorkizuneko belaunaldientzako aukera-iturri izaten jarraituko duela bermatuz.


* Proiektu hau Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatu da, eta Europar Batasuna/Next Generation EU funtsekin finantzatu da.