- Hala islatzen da, gaur, Donostian, hiriko berrikuntza ekosistemako agente nagusien aurrean aurkeztu den COTEC Fundazioaren Enplegu Teknologikoaren Mapan.
- Donostia Sustapenaren hiriko berrikuntza, talentua eta ekintzailetza bultzatzeko estrategia sendotze aldera, lankidetza estrategikoak abian jarri dira, besteak beste, COTEC Fundazioarekin.
Donostia estatuko ezagutza eta berrikuntza polo nagusien artean finkatzen ari da. Hala islatzen da COTEC Fundazioaren Enplegu Teknologikoaren Mapan. Tresna interaktibo horrek ekonomiako 13 jarduera esparru teknologikoenetako enpleguaren bilakaera monitorizatzen du Gizarte Segurantzako afiliazio datuen hileroko erregistroak oinarri hartuta.
Donostiak 2025. urtearen amaieran 9.087 afiliatu zituen ekonomiaren 13 adar teknologikoenetan lanean, hau da, 2024an baino 244 gehiago. Enplegu teknologikoaren urte arteko hazkunde-tasa % 2,8koa izan da. Datuen arabera, Donostia da ikerketa eta garapen (I+G) jardueretan enplegu gehien dituen probintzia hiriburua, afiliatuen guztizkoarekiko: % 2,4; hots, 3.008 langile afiliatu daude esparru horretan, guztizko 127.912 afiliatuen aldean. Portzentaje horrekin Gipuzkoako hiriburua jarduera horietako espezializazio handia duten beste hiri batzuen aurretik kokatzen da, hala nola Granada (% 2,2) edo Salamanca (% 2,1), eta Bartzelona (% 1,4) edo Madrilen (% 0,9) moduko hiriburu handien nabarmen gainetik.
Enplegu Teknologikoaren Maparen emaitzek argi uzten dute Donostia Sustapenak egin duen apustu estrategikoa hiriaren garapen ekonomikoaren zerbitzura dagoen udal tresna dela. Horretarako, urteko Berrikuntza Plana hartzen da ardatz, zientzia eta berrikuntza lehenesten dituen hiri eredu argia definitzen duena. Apustu horren barne, askotariko ekimenak bultzatzen dira ekintzailetzaren eta berrikuntzaren esparruan, hala nola EKINN erreferentziazko nodoa, tokiko ekosistema aktibatzeko, agenteen arteko konexiorako eta etorkizuneko erronkekin lerrokatuta dagoen ehun ekonomiko lehiakorragoa lortzen laguntzen duten proiektu berritzaileak garatzeko.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, “datu hauek baieztatu egiten dute azkeneko urteotan hiriak hasitako bidea. Udaletik eta Donostia Sustapenetik, ezagutzan, berrikuntzan eta talentuan oinarritutako garapen eredu bat bultzatzen ari gara. Ekosistema zientifiko eta teknologiko finkatu bat izateari esker –ikerketa zentroekin, ezagutzan intentsiboak diren enpresekin eta ekintzailetza berritzaileari laguntzeko programekin– kalitateko enplegu aukerak sortzen dira eta hiria talentua erakartzen duen ingurune moduan indartzen da”.
Tresnaren aurkezpenean, COTEC Fundazioko presidente Cristina Garmendiak adierazi duenez, “enplegu teknologikoak lotura estua du lurraldeen errenta mailarekin. Horrek esan nahi du ezagutzaren, I+Garen eta teknologiako jarduera intentsiboen aldeko apustua egitea ez dela modernizazio ekonomikoaren kontua bakarrik, oparotasunaren kontua ere bada. Eta hor ditugu adibide oso indartsuak Espainian: Donostia da gaur egun I+Gko enpleguaren ehuneko handiena biltzen duena bere egitura produktiboan, ezagutzan espezializatzeak duen balioaren seinale argia. Gainera, hirian parekotasun handiagoa dago lan teknologikoaren merkatuan, % 42 emakumeek garatu baitute enplegu teknologikoa, eta hori ez da batere ohikoa; Estatuko gainerako lurraldeetan, berriz, % 31 da, batez beste”.
Enplegu Teknologikoaren Maparen aurkezpena
Azterlana aurkezteko EKINNen bildu dira berrikuntza ekosistemako eta enpresa ehuneko agente nagusiak. Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, COTEC Fundazioko presidenteak, Cristina Garmendiak, eta Jon Insausti, Donostiako alkateak ekitaldiari hasiera instituzionala eman ondoren, Fundazioko Ekonomia taldeko zenbait kidek azaldu dituzte metodologia eta Donostiari dagozkion datu nagusiak.
Ekitaldian, halaber, bi mahai inguru egin dira enplegu teknologikoaren hazkundea azaltzen duten faktoreetan sakontzeko. “Berrikuntza eta eskalagarritasuna: nola hazten da enplegu teknologikoa enpresatik” izenburupean Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzailea moderatzaile izan duen mahai inguruan, berrikuntzaren enpresa ikuspuntua jorratu da, Gorka Unamuno (Multiverse) eta Javier G. Cogorroren (Viralgen) parte hartzearekin, proiektu teknologikoen garapenarekin lotura duten eta enplegu sorreran inpaktua lortu duten esperientziak partekatzeko.
Bestalde, “Lurralde estrategia eta enplegu teknologikoaren bultzada Euskadin” mahai inguruan, COTEC Fundazioko zuzendari nagusia, Jorge Barrero, aritu da moderatzaile lanetan, eta Cristina Oyón (SPRI) eta Arantxa Martínezek (Eusko Jaurlaritza) parte hartu dute. Euskadik berrikuntzaren eta enplegu teknologikoaren eremuan duen posizionamendua indartzeko behar diren politika publikoen eta plangintzaren ingurukoa izan da eztabaida.
Enplegu teknologikoaren hazkundea eta berrikuntza ekosistema sendoa
COTECen Enplegu Teknologikoaren Mapak enplegu teknologikoaren hazkunde iraunkorra islatzen du Donostian, azken hamarkadan (2015-2025), 3.112 pertsona afiliatu gehiagorekin, hau da, % 52ko gorakada. Aurrerapen hori gertatu da bai industriaren esparru teknologikoagoetan, 458 afiliatu gehiagorekin, eta baita, bereziki, zerbitzu teknologikoetan ere, 2.654 afiliaturekin, eremu hori hiriko hazkundearen motor nagusi gisa finkatuz.
Dinamismo horren oinarria da ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuen (SEIC, gaztelaniaz) espezializazio maila handia, tokiko BPGaren % 48 hartuta, bereziki aipagarriak izanik programazio eta ikerketa jarduerak, gainerako euskal hiriburuekin alderatuta. Bilakaera hori hiriak egin duen zientzian eta ezagutzan oinarritutako eredu baten aldeko apustuaren emaitza da: 2023an, 365 milioi euroko inbertsioa egin zen I+Gan eta, azken lau urteetan, % 50etik gorako inbertsioaren hazkunde metatua izan du, epe horretan enplegua % 15,7 hazi delarik, 6.800 pertsona ingurura iritsi arte.
Horri gehitzen zaizkio ere lan eta prestakuntza ingurune onuragarriagoa, % 5,3ko langabezia tasa –euskal hiriburuetako baxuena– eta hezkuntza sistema sendoa, lau unibertsitaterekin, 17 lanbide heziketako ikastetxerekin eta 15.000 unibertsitate ikasle baino gehiagorekin. Horrek guztiak hiriak duen talentua erakarri eta garatzeko gaitasuna areagotzen du.
Aldi berean, enplegu teknologikoak tokiko ekonomian duen pisuak gorantz jarraitu du, guztizko enpleguaren % 5,5etik % 7,1era areagotuz 2015 eta 2025 urte artean, batezbesteko nazionaletik gora. Epe horretan, enplegu teknologikoa % 27,1 hazi da, enplegu ez teknologikoaren % 4,13ko hazkundearen aldean, eta hiru enplegu teknologikoetatik bat I+G esparrukoa da jada, hazten ari den berrikuntza ekosistema sendoaren seinale.
Gauzak horrela, Donostia Sustapenak urtero egiten duen Berrikuntza Plana ibilbide orri bihurtzen da hiri eredu hori sendotzeko, talentua eta berrikuntza bultzatzen dituzten programa eta ekimenak antolatuz. Plan horren jarduteko ildo nagusien artean aipagarriak dira, besteak beste, EKINN Talent, talentua erakarri eta garatzeko helburua duena; apustu teknologikoa eta enpresa ehunerako ezagutza transferentzia; STEAM bokazioak sustatzea; gazteak eta lan aukerak harremanetan jartzea; eta ikertzaileei ematen zaien laguntza, hartara hiriko berrikuntza ekosistema indartuz eta balio erantsi handiko enplegua sortzen lagunduz.
Lankidetza COTEC Fundazioarekin
Donostia Sustapena 2022az geroztik da COTEC Fundazioko kide. Lankidetza estrategiko horrek hiriak egin duen berrikuntzaren aldeko apustua sendotu du, garapen ekonomiko eta sozialaren bultzatzaile izan dadin, aldi berean tokiko ekosistema indartu eta talentu zein ekintzailetzarako aukerak sortuz.
Esparru horretan, udal sozietateak hainbat jardueratan parte hartzen du, berrikuntzari buruzko analisiak eta hausnarketak egin eta ezagutza sortzeko, besteak beste: “Talentu Gaztea eta Hiria” lantaldea, Donostia Sustapena buru izan zuena eta iaz EKINNen aurkeztu zena sareko beste erakunde batzuekin batera garatu ondoren; Gacela Enpresa Behatokia Donostiako enpresa ehunean hedatzea; edo Espainiako Berrikuntzaren Pertzepzio Sozialaren inguruko VI. Inkesta hirian aurkeztea.