- Udaltzaingoaren informazioa eraginkortasun handiagoz kudeatzeko aukera ematen duen teklatu birtual baten bidez, transkripzio automatikoak eta elebidunak ziurtasunez egitea du xede.
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, berrikuntza bultzatzeko bideari jarraitzen dio lankidetza publiko-pribatuaren eskutik; hori dela eta, lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute Udaltzaingoak, Trebe Language Technologies startup donostiarrak eta Donostia Sustapenak berak, ENTZUN proiektu pilotua garatzeko.
Ekimen hau Donostia Sustapenak bultzatutako “Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketa”ren barruan kokatzen da, eta urrats berri bat da hiriak berrikuntza publikoaren alde egiten duen apustuan.
ENTZUN proiektuak tresna teknologiko bat baliozkotzea planteatzen du; tresna honek transkripzio elebidunak (euskaraz eta gaztelaniaz) ahotsetik testura modu seguruan eta gailu mugikorrean bertan egiteko aukera ematen du, hori bereziki garrantzitsua baita pribatutasuna, segurtasuna eta fidagarritasuna funtsezkoak diren testuinguruetan. Proiektua garatzeak eta baldintza errealetan testatzeak aukera emango du Udal Departamentu honen premia espezifikoetara hura egokitzeko eta horren eraginkortasuna ebaluatzeko.
Akordioaren aurkezpenean, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak honako hau azpimarratu du: “proiektu honek argi erakusten du administrazio publikoaren eta tokiko ekosistema teknologikoaren arteko lankidetzak aukera ematen duela ezagutza eta berrikuntza zerbitzu publikoak hobetzen dituzten eta hiriaren benetako beharrei erantzuten dieten irtenbide zehatzak lor daitezkeela. Kasu honetan, herritarren segurtasuna bezalako eremu sentikor eta garrantzitsu batean, Udaltzaingoari bere lana eraginkortasun, segurtasun eta berme handiagoz garatzeko tresna bat emanez. Aukera asko daude aztertzeko. Horregatik, Donostiako startupak ere animatzen ditugu, Donostia Sustapenaren bidez, beren soluzioak parteka ditzaten, Udalari bere zerbitzuak hobetzeko aukera emateko, donostiarren bizi-kalitate hobea lortze aldera”.
Bestalde, Martin Ibabe Segurtasun eta babes zibileko zinegotziak adierazi duenez, “.beti da onuragarria herritarrei ematen zaien zerbitzua hobetzeko baliabideak izatea, eta kasu honetan egunero erabiltzeko tresna praktiko bat dugu, gure agenteen aukerak areagotuko dituena. Gainera, modu seguruan egingo du, barruan kontrolatu ahal izango dugun informazio bat gehiegi azaldu gabe. Bi hizkuntza ofizialetan testuak arin izapidetzeko, lanaren praktikotasunean eta eraginkortasunean aurrera egin behar da. Azken batean, berrikuntza teknologikoa donostiarren zerbitzura jartzea da”.
Xabier García de Kortazar Trebe Language Technologies-eko ordezkariaren esanetan “TREBE- tik espero dugu proiektu honek balioko digula ideia eta garatzen ari garen produktu berria baliozkotzeko, ingurune erreal batean, exijentzia handienekoa informazioaren pribatutasunaren ikuspuntutik, gero produktua/zerbitzua beste erakunde eta korporazio batzuetara eraman ahal izateko”.
Tokiko ekosisteman eragina duen proiektu pilotu bat, elkarlanean egina
ENTZUN-ek daukan teklatu birtualari esker, udaltzainek azkarrago, zehatzago eta modu eskuragarriagoan sartu ahal izango dute informazioa, batez ere testuak eskuz mekanografiatzea motela denean edota oso praktikoa ez den egoeretan. Testuak euskaraz edo gaztelaniaz diktatzeko gaitasunak, hizkuntza eskuz hautatu beharrik gabe, komunikazioa errazten du testuinguru elebidunetan, eta eraginkortasuna hobetzen du txostenak, intzidentzia-parteak, isunak eta bestelako dokumentu ofizialak idaztean.
Proiektu pilotuak 12 hilabete iraungo du; bien bitartean, Udal Departamentu honek funtsezko zeregina beteko du, segurtasun kidegoei soilik dagozkien gailu mugikorren teknologia aztertuko baitu, tresna berriak zerbitzuaren segurtasun, zehaztasun eta fidagarritasun baldintzak betetzen dituela bermatuz. Hasiera batean, Departamentuko 25 agentek testatuko dute gailua hainbat egoeratan, eta, ondoren, gailuaren erabileran aurrera egingo da modu mailakatuan. Bestalde, TREBE startupak bere teknologia hobetu ahal izango du ingurune erreal batean. Donostia Sustapenak bultzatzaile eta koordinatzaile gisa jardungo du, eragileen arteko lotura erraztuz; gainera, proiektua garatzen lagunduko du EKINN+ proiektu berritzaileen azelerazio programaren bidez, eta 10 hilabetez honako hauek eskainiko ditu: aholkularitza pertsonalizatua, aholkularitza estrategikoa, finantzaketarako sarbidea, laguntza ekonomikoak eta coworking espazioak, besteak beste.
Hiriko proiektu berritzaileen jarraipena
Berrikuntzak eta ekintzailetzak (Donostia Sustapenak bultzatzen dituen ildo estrategikoetako bik) bat egin dute proiektu honetan. Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketaren esparruan sortutako beste ekimen batzuekin bat egin du ENTZUNek.
Ceit Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroak BIDEROAD proiektua aurkeztu zuen 2025eko ekainean. Horri esker, hiriko bide sarearen egoeraren ikuskapena eta monitorizazioa automatizatu egin daitezke ikusmen artifizialaren, sentsore inertzialen eta adimen artifizialaren bidez, hiri azpiegituren datuetan oinarritutako kudeaketa eraginkorrago bat ahalbidetuz. Proiektu hau Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Departamentuarekin elkarlanean garatzen ari da.
Gaur egun, ingurune erreal batean hura baliozkotzen jarraitzen du, sistema komertzial bat erabiltzea ahalbidetuko dion heldutasun maila teknologiko bat eskuratzeko helburuarekin. Proiektu pilotua hainbat autobus linea nagusitan garatzen ari da; departamentuak berak aukeratutako lineak dira, bideak mantentzeko eta kontserbatzeko jarduketetan duten aplikagarritasuna ebaluatzeko aukera izateko.
Lankidetza zuzeneko onurak sortzen ari da inplikatutako hiru aldeentzat. Ceit-en kasuan, horrek berekin dakar I+Gn garatutako teknologia baliozkotzea eta eboluzionatzea benetako testuinguru operatibo batean, gaitasun teknologikoak hobetuz eta merkatura doan transferentzia teknologikoa erraztuz. Bideroad startupen kasuan (proiektua garatu ahal izateko sortu baitzen, hain zuzen) berebiziko aukera da bere konponbidea benetako erabiltzaileekin batera testatzeko eta egokitzeko, bere posizionamendua indartuz eta etorkizunean merkatura daitekeen erreferentziazko kasu pilotu bat sortuz. Azkenik, Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Departamentuak zerbitzu publikoen kudeaketa modernizatzen, bide sarearen egoerari buruzko ezagutza hobetzen eta mantentze metodologia eraginkorragoak eta jasangarriagoak esploratzen laguntzen duten tresna berritzaileak eskuratuko ditu.
Hiriko erronkei erantzuteko berrikuntza irekia
Bi ekimen horiek EKINN+ enpresa-proiektu ekintzaileak eta berritzaileak bizkortzeko programaren parte izan dira, eta udal kudeaketan eragin zuzena izango duten irtenbide berritzaileak sortzeko orduan tokiko ekosistemak duen potentziala islatzen dute.
“Hiriko Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketa” eta antzeko ekimenak abiapuntutzat hartuta, Donostia Sustapenak berretsi egin du berrikuntza irekiaren aldeko eta tokiko ekosistemako eragileekin —enpresak, startupak, unibertsitateak eta zentro teknologikoak— lankidetzan aritzearen aldeko apustu estrategikoa, hiriaren benetako beharrei erantzungo dieten irtenbide berritzaileak garatze aldera. Teknologia berriak baldintza errealetan testatzeko, ezagutzaren transferentzia bultzatzeko, kalitatezko enplegua sortzeko eta zerbitzu publikoen hobekuntzan eta herritarren bizi kalitatean eragin zuzena duten irtenbide berritzaileen garapenean aurrera egiteko, Donostiak erreferentzia-ingurune gisa duen potentziala ondo islatzen dute ENTZUNek eta BIDEROADek.