• Etxea
  • Azken ordua
  • Bretxak marka berria aurkeztu du, hiriaren zerbitzurako ekipamendu gisa duen nortasuna indartuz

Bretxak marka berria aurkeztu du, hiriaren zerbitzurako ekipamendu gisa duen nortasuna indartuz

  • Identitate bisual berria espazioaren geometria eta konfigurazioan dago inspiratuta, eta marka bakarrarekin biltzen ditu Bretxan eskainiko diren zerbitzu eta jarduera guztiak.
  • Logotipo berria aurkeztea aurrerapauso bat da Bretxa erabat berritzeko prozesuan, zeina fase erabakigarrian baitago orain.

Bretxak identitate bisual berria aurkeztu du gaur. Hala, urrats bat aurrera egin da, Donostian gizarte, ekonomia eta ondare balio handiena duen espazioetako bat eraldatzeko eta berreskuratzeko bidean.

Donostiako Udalak Donostia Sustapenaren bidez bultzatuta, Bretxa proiektuak hiriarekin konektatutako merkatu eredu publiko bat sendotu nahi du, gai izango dena jarduera ekonomikoa sortzeko, enplegua bultzatzeko, kohesio soziala indartzeko eta Donostiaren tokiko nortasuna nazioarteko bokazioz proiektatzeko.

Hiriarentzako proiektu estrategiko bat da, hiru ardatz nagusiren inguruan artikulatzen dena: kultura, produktua eta talentua. Merkataritza, gastronomia, formakuntza, ekintzailetza eta berrikuntzarekin lotutako zerbitzuak, programak eta ekintzak integratuko dituena.

Markaren estrategia berria airetik azaleratzen da; Aldamar, San Juan eta Iñigo kaleen artean dauden eraikinak erdiko plaza baten inguruan artikulatzen dira, nortasun bisual berria sorrarazten duen forma bereizgarria sortuz.

Horrela, marka bere kokapenetik abiatuta eraikitzen da. Bere bi bolumenen bidez, ondare balioaren eta etorkizunaren arteko lotura islatu nahi du: erdiko plazak topaketa eta komunitatea sinbolizatzen ditu, eta inguruko kaleek, berriz, Parte Zaharreko bizitzarekiko lotura iraunkorra irudikatzen dute.

Arkitektura hori identitate berriaren sistema grafiko eta tipografikora ere eramaten da, forma garbiek, geometria argiak eta egitura bisual soil eta ezaguterrazak definitua.

Proposamenak, gainera, hiru mailatan antolatutako kolore sistema bat jasotzen du: “Donostia” urdin instituzionala, hiriarekin lerrokatzeko elementu gisa; “Beltza”, identitatearen oinarri estruktural gisa; eta paleta espezifiko bat, merkatuko espazio eta tipologia komertzialak identifikatzeko eta antolatzeko.

Identitate berria, beraz, ez da erantzun estetiko hutsa. Aitzitik, Bretxako esperientzia antolatzeko, konektatzeko eta indartzeko tresna bihurtzen da, hiriko bizitzan erabat integratutako espazio ireki eta dinamiko gisa integratzen baitu erabat.

Jon Insausti alkateak esan duenez, “bere merkatua zaintzen duen hiri batek bere herritarrak zaintzen ditu, bere nortasuna, kalitatea eta benetakotasuna zaintzen ditu. Gainera, Bretxa azoka bat baino askoz gehiago da: donostiarren egunerokoa da, topagune eta elkarbizitzarako gune bat, plaza bat, baina baita norberarenganako mimoa eta zaintza ere. Azken finean, arima eta identitatea duen kokapenaz ari garela nabarmendu nahi dugu”.

ç Bestalde, hauxe nabarmendu du Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak: “Bretxaren marka berriak irudi berritu bat baino askoz gehiago adierazten du; tradizioa eta etorkizuna uztartzen dituen hiri proiektu baten adierazpena da. Merkatu modernoago, irisgarriago eta konektatuago bat eraikitzen ari gara, esentzia galdu gabe, eta identitate bisual hau lagungarria da posizionamendu hori indartzeko, herritarrentzako erreferentziazko espazio gisa”.

Ekipamendu honen kudeaketa integrala, Peskaderia eta Arkoak eraikinak ere hartzen dituena, Donostia Sustapenak bere erabilerei buruz egindako gogoeta baten ondorioa da, eta historia, komunitatea eta etorkizuna konbinatzen dituen marka bat du orain. Nortasun komuna, proiektuaren garapenarekin batera joango dena eta espazioetan, seinaletika elementuetan, altzarietan eta barruko estetikan pixkanaka txertatuko dena.

Proiektuari buruzko albiste guztiak www.bretxaplaza.eus webgunean aurki daitezke. Gune digital honek berrikuntza-proiektuaren garapenaren berri ematen du gaur egun, eta ekipamenduak hartuko dituen erabilerak eta zerbitzuak ikusgai jarriko ditu.


Urrats bat aurrera Bretxa erabat berritzeko bidean

Marka berria aurkeztea pauso bat gehiago da merkatua erabat berritzeko prozesuan, helburu gisa harturik Bretxa hiri bizitzan erabat integratutako espazio moderno eta dinamiko bilakatzea.

 

Joan den martxoaren 23an hasi ziren Arrandegia eraikineko beheko solairua eraldatzeko obrak: hantxe egongo da merkatu berria. Gune horri esker, gaur egun sotoko solairuan aritzen diren handizkariak birkokatuko dira, eta han egongo dira, berebat, baserritarren postuak. Kaletik zuzenean sartu ahal izango da barnera eta hobetu egingo da erabiltzaileen esperientzia.

Datozen hilabeteetan, ekainetik uztailera bitartean, barneko instalazioak eta akaberak gauzatuko dituzte: saneamendu sareak ezarri eta iturgintza lanak egin, instalazio elektrikoak eta telekomunikaziokoak gauzatu, eta eskailerak eta igogailua amaitu. Era berean, handizkari postuen itxiturak eta egitura metalikoak egiten jarraituko da, baita barruko arotzeria eta leihoak ere; horretaz gainera, bestelako estaldura eta akaberak ere egingo dira, hala nola azulejuak eta pladurra jartzeko lanak, espazio komertzial berrien behin betiko konfigurazioa definitzen jarraitu ahal izateko.

Merkatuak lau sarbide nagusi izango ditu: Bretxako plazatik eta Aldamar, San Juan eta Iñigo kaleetatik. Era berean, gaur egungo 23 handizkariak hartuko ditu. Espazio logistikoak ere izango ditu sotoko solairuan, biltegiak eta lantegiak barne, eta konektatuta egongo da, orobat, goiko solairuarekin: han, merkatua bera eta gastronomiari lotutako jarduera, programa eta zerbitzuak izango dira. Hala, ingurune aktibo bat eratuko du, herritarrentzako irekia. Gaur egun, idazten ari dira aukera gune horren obrak gauzatzeko proiektua.

Horretaz gainera, beste jarduketa batzuk ere aurreikusten dira multzoaren eraldaketa integrala amaitzeko. Esate baterako, plazatik beirazko sarbide berri bat egitea, eraikina inguruko beste espazio batzuekin lotuko duena, bai eta plaza berrurbanizatzea ere. Ondorengo fase batean, zerbitzu eta instalazio berriak gaituko dira sotoan, barnean harturik supermerkatua birkokatzea eta eremu logistiko berriak gaitzea.


Ondare enblematikoa

Donostia Sustapenak 2024ko irailetik dihardu Bretxa berreskuratzeko lanetan, emakidaren arduraduna den heinean, eta Donostiako Udaleko Obra eta Proiektu Sailaren babes erabakigarria du. Hiriko proiektu estrategiko bat da, eta haren helburua da herritarrei espazio enblematiko hori berrituta bueltatzea, balio historikoa aukera ekonomiko eta sozial berriekin konbinatzeko gai den gune gisa. Prozesu horrek balioa ematen die bertako produktuari, hurbileko merkataritzari eta talentuari, eta merkatua sendotu egiten du elkartzeko, dinamizazio ekonomikorako eta hirirako erreferentzia gisa.

Marka berria aurkezteak indartu egiten du Bretxaren eraldaketaren kontakizun globala, eta, ildo horretan, identitate bisuala funtsezko elementu bihurtzen da etapa berria proiektatzeko. Marka berriarekin eta obrak aurrera doazen heinean, Bretxak beste urrats bat egin du merkatu eredu garaikide bihurtzeko, hiriarekin konektatuta eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prest, betiere tinko eutsirik bere izaerari eta herritarrekiko loturari.