Ane Oiarbide, Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotzia. Loredana Stan, Novagobeko zuzendaria. Irune Beresaluze, Gobernantza diputatua.
- Hiria, Donostia Sustapenaren eskutik, berrikuntza publikorako estrategia bat garatzen ari da, eta urriko Kongresuaren egoitza izatea aurrerapausoa izango da bide horretan.
- Donostiak Espainia osoko sektore publikoko mila profesional baino gehiagori emango die harrera topagune horretan, ikaskuntzarako espazioak, konexio estrategikoak eta tokiko ekosistemarako aukera berriak proposatuz.
Donostia NovaGob 2026 Berrikuntza Publikoaren Kongresuaren egoitza izango da, esparru horretako estatuko topaketa nagusia, eta urriaren 29an eta 30ean antolatuko da haren XIII. edizioa, Kursaal Kongresu Jauregian. Donostia Sustapena izango da Euskadin lehen aldiz egingo den hitzordu horren erakunde sustatzailea. Ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango du. Horrela, berrikuntza publikoko ekosistema sendoak dituzten hirien lekukoa hartuko du Donostiak, hala nola Bartzelona, Valentzia eta Madrilena.
Hiria, Donostia Sustapenaren bidez, administrazioa, enpresak, startupak, zentro teknologikoak eta herritarrak lotuko dituen eredu bat hedatzeko eta hiriko erronkei lankidetza publiko-pribatutik erantzuteko estrategia bat garatzen aritu da azken urteotan, eta hautaketa honek bultzada emango dio estrategia horri.
NovaGob Fundazioak (Iberoamerikako irabazi asmorik gabeko erreferentziako erakundea) sustatzen du Kongresua, eta hamabi edizioren ostean, zerbitzu publikoen eraldaketarekin konprometitutako administrazioen ezinbesteko hitzordu gisa finkatu da. Donostiara iritsitakoan, hiria esparru publikoko jardunbide egokien, talentuaren eta proiektu berritzaileen erakusleiho nazional bihurtuko da.
Kongresua, gainera, aliantzak sendotzeko, lankidetzarako aukera berriak erakartzeko eta herritarrentzako zerbitzu publiko hobeak ekarriko dituzten proiektuei ateak irekitzeko aukera izango da. Izan ere, aurreko edizioetan, administrazio publikoak bere kudeaketa nola eraldatu, hobetu eta optimizatu dezakeen eztabaidatu da, AA bezalako tresna teknologikoak arduraz erabiliz. Zibersegurtasuna edo udaltzaingoen kudeaketa operatiborako irtenbide teknologikoak dira aurreko edizioetan landu diren gaietako batzuk.
Sektore publikoko mila profesional baino gehiago bilduko dira Kursaalen, arlo pribatuko eta akademikoko ordezkariekin batera. Bisitari-fluxu horrek eragin zuzena izango du hotel-okupazioan, jatetxeetan eta tokiko zerbitzuetan, eta, gainera, itzulkin ekonomikoa, soziala eta ospea ekarriko dizkio hiriari. Hala, indartu egingo du Donostia Sustapenak MICE ekitaldiak erakartzeko egiten duen apustua, AEHGren, Kursaalen eta Gipuzkoako Hotelen eskutik.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, “Berrikuntza Publikoaren Kongresu Nazionala antolatzea aukera estrategikoa da Donostiarentzat. Administrazioa eraldatzeko egiten ari garen lana ikusarazteko aukera ematen digu, lankidetza eta talentua oinarri hartuta, eta hiria Estatu mailako berrikuntza publikoaren erreferente bihurtuko du. Garrantzitsuena da apustu honek helburu argia duela: herritarren benetako beharrei erantzun hobeak ematea”.
Bestalde, Oyarbidek ere nabarmendu du, “kongresu hau hirira ekartzeko bi urtez lan egin ondoren, anfitrioi izateak indartu egiten duela Donostia Sustapenak berrikuntzaren tokiko ekosistemaren eragile gisa duen zeregina. Helburua da balio-konexioak sortuko dituen plataforma gisa finkatzea, eta Kongresua aukera bat da esparru nazionaleko beste erakunde publiko batzuekin konektatzeko eta, aldi berean, udal-sailen beharrak irtenbide berritzaileekin lerrokatzeko”.
Irune Berasaluze Gobernantzako diputatuak azpimarratu duenez, kongresua Estatu osoko profesionalekin esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera izango da. Nabarmendu duenez, "NovaGob Estatuko erreferente nagusia da berrikuntza publikoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere erreferentziazko erakunde bihurtu da azken hamarkadan administrazio publikoaren modernizazioarekin izan duen konpromiso iraunkorrari esker". Ildo horretan, gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak osotasun sistema aitzindari eta aurreratua duela, eta lurraldean lan handia egiten ari dela hainbat arlotan, hala nola gobernu irekian, kudeaketa publikoan adimen artifizialaren erabileran edo datuen tratamendu eta gobernantzan. "Ezagutza eta esperientzia horiek kongresu honen esparruan partekatuko dira", adierazi du.
Loredana Stan Novagobeko zuzendariaren ustez, “hiri hau aukeratzeak berrikuntzaren, lankidetza instituzionalaren eta talentuaren ekosistema integratu bat sendotzen jakin duen ingurune baten aldeko apustua egitea esan nahi du. Ez da kasualitatea Donostia 2026ko Europako Hiri Emergente eta Berritzailearen kategorian finalista izatea, gobernantza eta garapen modu berriekin duen konpromisoa islatzen duen aintzatespena. Kongresua ikuspegi hori duen hiri batean egiteak aukera ematen du berrikuntza publikoko komunitatea inspiratzeko eta administrazioen, profesionalen eta herritarren arteko elkarrizketa indartzeko, erakunde irekiagoak, eraginkorragoak eta berritzaileagoak eraikitzeko".
Azken urteotan, Donostia Sustapenak berrikuntza publikoarekin lotutako hainbat ekimen bultzatu ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako Sailarekin izandako lankidetza Bideroad proiektuan, hiriko bide-sarearen kudeaketa eta mantentze-lanak hobetzera bideratua.
Era berean, merkatuari kontsulta egiteko prozesuak aktibatu dira Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren esparruan, herritarren arreta-zerbitzua hobetzen lagunduko duten irtenbide berritzaileak identifikatzeko. Aldi berean, ekintzaileei zuzendutako berrikuntzako prestakuntza-saioak egin dira, Govtech GOBE berrikuntza-estudioarekin lankidetzan.
Ekimen horiez gain, tokiko erakundeekin martxan jarritako proiektu pilotuak daude, hala nola Talent Houseri buruzko informazioa emateko eta zalantzak argitzeko chatbot bat garatzea, edo EKINNen, hiriko berrikuntza- eta ekintzailetza-nodoan, armairu adimendunak instalatzea.