Berrikuntza, hiriaren zerbitzura

  • "BideRoad" proiektu pilotuari esker, hobeto kudeatu ahal izango dira hiriko lau bide- sare mantentzeko lanak, kudeaketa digitalizatuz eta trazabilitatea hobetuz.
  • Ceit zentro teknologikoak aurkeztu du proposamena, Donostia Sustapenaren Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketarako; proposamenean, Udaleko Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Departamentuak esku hartzen du.

“BideRoad: hiriko bide-sareen ikuskapena automatizatzea eta mantentze-lanak digitalizatzea” irtenbide teknologikoa, Ceitek Donostia Sustapenaren Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketara aurkeztua, hurrengo hilabeteetan jarriko da proban hirian.

Proiektua zerbitzu publiko batean inpaktu berritzailea duelako nabarmentzen da. Hari esker, hobetu kudeatu ahal izango dira bide-sareak mantentzeko lanak.

Donostia Sustapenak bere Plan Estrategikoaren lehentasunen artean jasotzen du berrikuntza publikoaren sustapena. Oraindik zabalik dagoen lehiaketa horren bitartez, hiriak gainditu beharreko erronkei irtenbide berritzaileak eman diezazkiete bertako talentuek.

Akordioa aurkeztean, Ane Oyarbidek, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak, honako hau azpimarratu du: “berrikuntza teknologikoa eragin soziala duen hiri-eraldaketarako tresna bihurtzeko moduaren adibide bat besterik ez da. Lehiaketak argi uzten du Udal Sozietateak konpromisoa duela lankidetza publiko-pribatuarekin. Gainera, Donostia Sustapenaren lotura- rola indartzen du, eremu publikoan berrikuntza bultzatu eta Donostiako proiektu estrategikoen garapenean erreferentziazko eragilea baita”.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garcíaren ustez, “proiektu pilotua garatzea lagungarria izango da zerbitzu publikoen kudeaketa eraginkorragoa bihur dadin, udal- prozesuen modernizazioa bultzatuz; izan ere, informazioa digitalizatzea eta eguneratzea da kudeaketa eraginkorragoa eta trazagarriagoa izateko oinarria”.

Bestalde, Ceiteko zuzendari nagusi Juan Melendezek azaldu duenez, "Ceitek izugarri eskertzen du Donostiako Udalak eta Sustapenak lankidetza-hitzarmen honen bidez ematen diguten aukera. Lankidetza-esparru horretan, Ceit BideRoad-eko spin-off-ari aukera emango zaio ingurune erreal batean teknologia baliozkotzeko, eta, aldi berean, udaleko sailek herritarrei ematen dieten zerbitzua hobetzen laguntzeko. Lankidetza hori argi eta garbi ikusten da garatzen dugun ikerketak pertsonen bizitza hobetuko duten benetako irtenbideak ekar ditzakeela, eta Donostia Sustapenak berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen dituela hirian. "


“Bideroad” proiektua

Donostiak aldian-aldian berritu beharreko bide-sareak ditu, eguraldiaren eta erabileraren poderioz haien zorua degradatzen baita. Mantentze Lanen departamentuak aldizka egiten ditu begizko ikuskapenak horiek konpontzeko, eta baliabide eta denbora ugari kontsumitzen ditu horretan.

“BideRoad” proiektu pilotuak mantentze-lanen kudeaketa hobetuko du, sare horien ikuskapena digitalizatuz eta automatizatuz. Zehazki, tresna probatzeko, 13, 17, 28 eta 31 autobus-lineak aukeratu dira.

Lehenik eta behin, ikusmena atzemateko sistema bat duen ibilgailu sentsoredun batek linea guztiak ibiliko ditu, irudiak adimen artifizialarekin prozesatzeko. Horrela, bideak digitalizatuko dira, eta automatikoki identifikatu ahal izango da zoruaren egoera, erregistratu ahal izango da eta mantentze-lanak kudeatu ahal izango dira. Plataformak web interfaze bat ere badu, bide- sareak, haien egoera, mantentze-lanetarako baliabideak eta mantentze-lanen plangintza bistaratzeko.

Proiektu pilotuak 12 hilabeteko iraupena izango du, eta Ceiteko I+G+B ziklo baten azken etapa izango da. Funtsezko laguntza emango dio sistema kudeatzeko duela gutxi eratu den oinarri teknologikoko enpresa berriari. Guztira, 300 pertsona baino gehiago ari dira lanean Ceitek orain arte eratutako 20 spin-offetan, eta gehienetan, Donostia Sustapenaren laguntza jaso dute sortzeko eta garatzeko.


Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketa

Lehiaketa abenduaren 31ra arte dago zabalik, eta Donostia Sustapenaren Plan Estrategikoaren (2023-2027) barruan dago. Plan horren helburuetako bat Donostia Zientzia eta Berrikuntza Hiri gisa bultzatzea da.

Berrikuntza publikoa bultzatzea Udal Sozietatearen 2025eko Berrikuntza Planaren ardatzetako bat da. Aurten, horrez gain, 27 Poligonoan edo Ekialdeko Barrutian berrikuntza- aukerak identifikatzeko, erosketa publiko berritzailea egiteko eta Europako finantzaketa- deialdien bidez baliabideak bilatzeko ari da lanean.

Deialdia zabalik da oraindik, inpaktua izango duten eta donostiarren ongizatea hobetzen lagunduko duten konponbide berritzaileen proposamen berrien zain.

Lehiaketari buruzko informazioa:

Donostia hiriko hiri-erronkak ebazteko ideien lehiaketa