• Etxea
  • Azken ordua
  • Axular Lizeoaren “Adinbizi” eta Ceinproren “Esfera”, Donostia Innovation Challenge Sariak 2024

Axular Lizeoaren “Adinbizi” eta Ceinproren “Esfera”, Donostia Innovation Challenge Sariak 2024

  • Donostiako hamar ikastetxetako 350 ikaslek hartu dute parte zortzigarren edizio honetan, eta hiria hobetzeko irtenbide berritzaileak garatu dituzte.
  • Ane Oyarbide: “Gure lehentasunetako bat da Donostiako gazteriarekin konexio- guneak sortzea haien garapen profesionalean laguntzeko, eta horri esker, hiriko erronken aurrean konponbideak identifikatzen ere esku har dezakete”.
  • Finala gaur izan da Kursaalean, alegia, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunean. Bertan izan dira talde parte-hartzaile guztiak.

Teknologia berrien bidez hiria hobetzeko proiektu berritzaileak garatzea da udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, Donostia Innovation Challenge ekimenarekin urtero planteatzen duen erronka. Zortzigarren edizioan, Donostiako bigarren hezkuntzako eta lanbide-heziketako hamar ikastetxetako 357 gaztek hartu dute parte.

Donostia Innovation Challenge ekimenaren helburua talentua, talde-lana eta berrikuntzari lotutako gaitasunak sustatzea da. Horregatik, parte hartu duten talde guztiek gure oraina eta etorkizuna markatzen ari diren bost teknologia disruptiboetako bat erabili dute: 3D inprimaketa, robotika aurreratua, errealitate mistoa, adimen artifiziala eta Internet of Things (IoT).

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eskerrak eman dizkie parte hartu duten ikastetxeei eta zortzigarren edizio honetako proiektu guztiak garatzen lagundu duten hiriko ekosistema teknologikoko erakundeei, izandako inplikazioagatik eta emandako abbesagatik. Oyarbideren ustez, “gure lehentasunetako bat da Donostiako gazteriarekin konexio-guneak sortzea haien garapen profesionalean laguntzeko, eta horri esker, hiriko erronken aurrean konponbideak identifikatzen ere esku har dezakete. Beren hiria, hau da, Donostia, hastear dauden proiektu pertsonal eta profesionala garatzeko plataforma ezin hobetzat jo dezaten nahi dugu”.

ADINBIZI eta ESFERA, 2024ko edizioko proiektu irabazleak

Irailetik abendura, parte hartu duten 10 ikastetxeetako 357 ikasleek erakunde laguntzaileek gainbegiratuta garatu dituzte beren proiektuak, bi kategoriatako saria eskuratze aldera: bigarren hezkuntza/batxilergoa eta lanbide-heziketa. Aurkeztutako 75 proiektuetatik, Donostia Sustapenak, erakunde laguntzaileen aholkularitzarekin, kategoria bakoitzean hiru finalista hautatu ditu, eta Kursaaleko finalean epaimahai profesional baten aurrean aurkeztu dira.

Donostia Innovation Challenge 2024 proiektu onenaren finalistak

Bigarren hezkuntzako/batxilergoko kategoria

  • ETORKIZUNA  -  Ekintza Ikastola
  • ADINBIZI  -  Axular Lizeoa
  • VITA ALERT  -  Nazaret

Lanbide-heziketako kategoria

DQR  -  Easo Politeknikoa
TAXIEXPRESS  -  Cebanc
ESFERA  -  Ceinpro

Finalistek aurkezpena egin ondoren, Biogipuzkoa, IKOR, Vicomtech, Developair eta Donostia Sustapena erakundeetako ordezkari banak osatutako epaimahaiak erabaki du lehen saria Axular Lizeoaren “ADINBIZI” proiektuari ematea, bigarren hezkuntzako/batxilergoko kategorian, eta Ceinproren “ESFERA” proiektuari, lanbide-heziketako kategorian.

“Adinbizi” programak erosketa-orga adimendun bat proposatzen du, adineko pertsonei eta mugitzeko arazoak dituztenei egokitua. Autonomia nahikoa du adin-talde horri zailtasun gehien dakarzkion zereginetan laguntzeko.

“Esfera” aplikazioaren helburua eskola-jazarpena jasaten duten adingabeek beren sentimenduak komunikatu eta adierazi ahal izatea da, landa-profesionalen esperientziatik abiatuta, sortutako avatar baten laguntza pertsonalizatuarekin.

Proiektu irabazleez gain, gainerako finalistek sormenezko eta maila tekniko handiko irtenbideak proposatu dituzte; adibidez, ikusmen-desgaitasuna duten pertsonei egokitutako betaurreko adimendunak (Etorkizuna); arrisku- edo premia-egoeretan sentsore integratuak erabiliz erabiltzailearen egoeraren berri ematen duen eskumuturrekoa (Vital Alert), edo abatar baten laguntza pertsonalizatuarekin eskola-jazarpenaren biktimei komunikatzeko eta sentimenduak adierazteko aukera ematen dien APPa (Esfera).

Kursaaleko finalean, honako aintzatespen hauek ere egin dira:

  • Proiektu-diseinu onenaren saria: Etorkizuneko Berritzaileak (Altza Institutua).
  • Gizartean eragin handiena duen proiektuaren saria: One Touch (Sant Patrick’s).
  • Proiektu berritzaileenaren saria: Ecovertical (Ekintza Ikastola).
  • Bideragarritasuna eta kudeaketa ekonomikoa: Hyband (Cebanc).
  • Jarrerazko balioen aintzatespena: Chipair (Nazaret).

Donostia Innovation Challenge gazteen aldeko apustua egiteko Donostia Sustapenaren estrategiaren parte da, STEAM bokazioekiko interesa pizten duten ekintzak eskainiz eta haien garapen pertsonala eta profesionala gure hirian egiteko aukerak sortuz.

DONOSTIA INNOVATION CHALLENGE 2024 zenbakitan

  • 10 ikastetxe eta 357 parte-hartzaile: St. Patrick ́s, IES Altza BHI, Axular Lizeoa, Ekintza ikastola, Nazaret Fundazioa, EASO Politeknikoa, Cebanc, Ceinpro, Santo Tomas Lizeoa eta Elizaran LHI.
  • 12 erakunde laguntzaile: Domotek, Nuavis, CEIT, Trebide, Ikor, Cybersurgery, Biogipuzkoa, Naru Intelligence, Vicomtech, Developair, Trebe eta Prosix.
  • 200 lan-saio lau hilabetean (2024ko irailetik abendura).
  • 8 edizioko historikoa: 3.000 ikasle inguruk, 73 ikastetxek eta 77 erakunde laguntzailek hartu dute parte.