• Etxea
  • Azken ordua
  • Adimen artifizialari buruzko nazioarteko lehiaketa abiatu du Donostiak unibertsitateko gazteentzat

Adimen artifizialari buruzko nazioarteko lehiaketa abiatu du Donostiak unibertsitateko gazteentzat

  • Lehen edizio hau Donostia Sustapenak, Tecnun-ek eta El Diario Vasco-k bultzatu dute, eta, horrez gain, Multiverse Computing-en lankidetza izan du, talentu gaztea eta berrikuntza sustatzeko aliantza bat sortu baitute.
  • AA erabiliz, irtenbide berritzaileak bultzatzea eta ezagutzaren trukea sustatzea proposatzen du lehiaketak, hiriko eta enpresetako erronkei erantzuteko.
  • Lehiaketa edozein diziplina eta herrialdetako gradu, master eta doktoregoko ikasleunibertsitarioei zuzenduta dago, eta bi kategorietako talde irabazleak Bostonera joango dira zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloko erreferentziazko erakundeak ezagutzera.

“Donostia Meeting Minds“ Unibertsitarioentzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Lehiaketa Donostia Sustapenaren Talent House eraikinean aurkeztu da (www.donostiameetingminds.com). Ekimen aitzindaria da, eta helburu hauek ditu: talentu gaztea sustatzea, erronka globalei erantzuteko irtenbide berritzaileak bultzatzea, eta unibertsitateen, ikerketa-zentroen, enpresen eta gizartearen arteko ezagutza-trukea sustatzea.

Donostia Sustapena, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola - Tecnun eta El Diario Vasco bultzatzaile dituen proiektu honen eragilea lankidetza da; horrez gain, badu Multiverse Computing-en lankidetza ere, eremu akademikoaren, enpresa-eremuaren eta hiriaren arteko aliantza bat sortze aldera.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak, Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendariak, Francis Planes Tecnun - Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak, eta Román Orus Multiverse Computing enpresaren sortzaile eta zuzendari zientifikoak hartu dute parte aurkezpen ekitaldian.


Lehiaketaren espiritua: talentu gaztea, berrikuntza eta lankidetza

“Donostia Meeting Minds” topaketarako eta elkarrizketarako gune gisa eratu da, adimen artifizialean oinarritutako ezagutzaren, esperientzien eta jardunbide egokien trukea bultzatzeko. Ekimenak pentsamendu zientifikoa eta teknologikoa sustatu nahi ditu, baita unibertsitateko ikasleen ekintzailetza eta sormen gaitasuna ere, inpaktu edo eragin soziala duten AAko proiektuak bultzatzeaz batera.

Ane Oyarbide zinegotziak honako hau nabarmendu du: "Ekimen honek gazteen talentuaren alde eta benetako aukerak sortzearen alde egin dugun apustua islatzen du, ezagutza, enpresa eta gizartea lotzen dituen ingurune batean gazteek beren potentziala gara dezaten. Berrikuntzaren arloan Donostia erreferentziazko hiri gisa finkatzeko beste tresna bat da “Donostia Meeting Minds”.

Bestalde, Iñigo Olaizolak azpimarratu duenez, "ekimen hau Donostia Sustapenak berrikuntzaren alde egiten duen apustuaren barruan kokatzen da, eta horretarako hainbat eragilerekin lankidetzan jarduten dugu, talentua, bereziki gaztea, bertakoa eta nazioartekoa, garatu ahal izateko espazioak sortzeko. AA da lehen edizio honetako protagonista, hiriko erronkei, baina baita enpresa-erronkei ere, heltzeko aukera handi gisa ".

Francis Planesek adierazi duenez, "Tecnunetik lehiaketa hau bultzatzen dugu ikasgelaren eta gizarte- eta enpresa-errealitatearen arteko zubi zuzen gisa; adimen artifizialaren inpaktu sozialari buruzko gure ikerketa-katedrak, bikaintasun teknologikoa ez ezik, talentu gazteak Donostia eraldatuko duen giza inpaktu eta inpaktu etikoa duten irtenbideak proposatzea ere bilatzen du".

Roman Orusek gaineratu duenez, "adimen artifiziala gure garaiko erronka handiak konpontzeko modua eraldatzen ari da, eta funtsezkoa da aldaketa hori belaunaldi berriek gidatzea. Multiverse Computing-en ziur gaude 'Donostia Meeting Minds' bezalako ekimenak direla unibertsitateko talentuaren, enpresaren eta hiriaren artean behar dugun zubi mota. "


“Donostia Meeting Minds” lehiaketaren oinarriak

Lehiaketa hau adimen artifizialaren aplikazioan oinarritutako bi kategorien inguruan egituratuta dago:

  • Hiri kategoria – Adimen Artifiziala eta Inpaktu Soziala Donostian, gizarte erronkei (osasuna, ingurumena, inklusioa eta hezkuntza) helduko dieten konponbideak garatzera bideratua.
  • Enpresa kategoria – Enpresari, Ekintzailetzari eta Ikerketari aplikatutako AA; logistika, finantzak, energia eta era horretako esparruetan enpresak optimizatzeko irtenbideetan oinarritua.

Inpaktua, bideragarritasuna eta gaitasun eraldatzailea erakusten dituzten proiektu berritzaileak dituzte xede bi kategoria hauek.

Parte hartzaileak eta lehiaketaren egitura

Lehiaketa edozein diziplina eta herrialdetako gradu, master eta doktoregoko unibertsitarioei zuzenduta dago. Parte hartzea doakoa da eta 2 eta 4 pertsona arteko taldeetan egingo da.

Lehiaketak hiru fase izango ditu:

1 Fase. Deialdia eta proiektuen aurkezpena (maiatzaren 15etik urriaren 11ra): taldeek proposamenak aurkeztu beharko dituzte PDF formatuan, azalpen bideo batekin batera. Fase honetan, erakunde sustatzaileek tailerrak eta laguntza-saioak eskainiko dituzte, taldeei ideia definitzen eta teknikoki garatzen laguntzeko.

Proposamenak Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera bidaliko dira

2. fasea – Finalisten ebaluazioa eta hautaketa (urriaren 13tik 14ra): diziplina anitzeko epaimahai (akademiko, instituzional eta enpresarial) batek 8 proiektu finalista aukeratuko ditu gehienez, ondoko irizpideak oinarri hartuta: berrikuntza eta originaltasuna, bideragarritasun teknikoa, inpaktua eta potentziala, argitasuna eta komunikazioa, egingarritasuna eta jasangarritasuna.

3. fasea – Aurrez aurreko final handia (azaroaren 2a) Donostian. Talde finalistek 5 minutu izango dituzte proiektuak defendatzeko, eta 3 minutu epaimahai profesionalak egindako galderei erantzuteko.

Sariak eta nazioarteko proiekzioa

Kategoria bakoitzeko talde irabazleek Bostonera bidaia bat jasoko dute sari gisa, zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan erreferentzia diren erakundeak bisitatzeko; horrela, lehiaketaren nazioarteko dimentsioa indartu eta prestakuntza-balio handiko esperientzia bat eskainiko da. Horrez gain, hainbat aintzatespen eta opari banatuko dira parte hartzen duten taldeen artean.


2026ko Berrikuntza Planean jasotako ekimena

“Donostia Meeting Minds” Talentu Gaztea Garatzeko ardatzean kokaturik dago, Donostia Sustapenaren Berrikuntza Planaren barruan. Ardatz honen helburua da gazte talentuari laguntzea maila profesionalean eta maila pertsonalean aurrera egiten, enplegurako, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako aukerak erraztuz eta Donostia talenturako hiri erakargarri gisa posizionatuz.

Berrikuntza Planak 6,5 milioi euroko zuzkidura du guztira, eta hiriak berrikuntzaren, talentuaren eta lankidetza publiko-pribatuaren alde egindako apustua indartzen du; era berean, Donostia zientziaren eta berrikuntzaren esparruan erreferentziazko hiri gisa finkatzen laguntzen du.

Nazioarteko Lehiaketa hau adimen artifizialaren inpaktu sozialari buruzko ikerketako katedraren esparruan sortu zen, Tecnun-ek eta Donostia Sustapenak batera bultzatuta. Katedraren bidez dagoeneko aztertzen ari da nola erraztu adimen artifizialeko ezagutzaren transferentzia, zein ondorio datozen inpaktu sozialetik eta nola inplementatu hori guztia hiriko enpresa-sektorean. Bi erakundeek uste dute lankidetza funtsezkoa dela potentzial eraldatzaile handiko teknologiak (adibidez, AA) gure egiteko, hiriak etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izan diezaien.

Lehiaketaren informazio guztia www.donostiameetingminds.com webgunean aurki daiteke.