• Etxea
  • Azken ordua
  • Open Dendak proiektuak Donostiako merkataritza guneak apainduko ditu

Open Dendak proiektuak Donostiako merkataritza guneak apainduko ditu

  • Urriaren 22tik urtarrilaren 7ra, hiriko zenbait auzotako gune batzuetan apaingarri bereziak egongo dira, merkataritza dinamizatzeko.
  • Proiektuaren xedea da erosketarako ibilbide erakargarri eta atseginak sortzea, hala donostiarrentzat nola turistentzat, oro har.

Donostia Sustapenak bultzatu eta Donosti ShopS kudeatzen duen OPEN DENDAK proiektuak zur eta lur utziko ditu hala donostiarrak nola bisitariak, gaurtik urtarrilaren 7ra arte, hiriko zenbait auzotan tokiko merkataritzarekiko harremana bultzatzeko prestatu dituen gune erakargarrien bidez.

Proiektu honen helburu nagusia erosketa ibilbide bereziak, atseginak eta erakargarriak sortzea da, tokiko negozioen jarduera bultzatzeko eta hiriko merkataritza gune ezberdinak bisitatzen dituztenen esperientzia hobetzeko, kaleen lore apainketaren bidez. Horrela, merkataritza-gune irekiaren sentsazioa transmititzea lortuko da.

Ane Oyarbide, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi duenez "Donostiako merkataritza-sektorea babesteko eta dinamizatzeko jartzen ditugun ekimenen artean kokatzen da proieku hau.Donostiarrek eta bisitariek apaindutako hiri bat aurkituko dute eta bertan, apaingarri ezberdinez jantzitako zuhaitzak nabarmenduko dira, habiak, txoriak, saskiak, zapiak edo egurrezko ebakizko elementuez osturiko elementuekin... Guztiak elementu natural eta errespetuzkoekin eginak. Gainera, hainbat auzotara iritsiko den proiektua da. Hiriko paseoak are erakargarriagoak egiteko eta gure dendetan kontsumoa animatzen duten ibilbideak sortzeko".

Gaurtik azaroaren 27ra, udazkeneko motiboekin apainduko dituzte eremuok (txoriak beren habian, saskiz egindako apaingarriak, aterkiak...); aldiz, urriaren 30etik azaroaren 5era, Gau Beltzarekin lotutako dekorazio berezia izango dute (zapi tradizionalak, kalabazak, erratzak eta lastozko kapelak...). Azaroaren 27tik urtarrilaren 7ra, Gabonetako apaingarriak izango dituzte, esaterako, bola tradizionalak, pinaburuak, fruitu gorriak eta izarrak, besteak beste.

Jarduerak, auzoka, honako gune hauetan egingo dira:

  • GROS: San Frantzisko kalea.
  • EGIA: Iruresoro plaza.
  • ANTIGUA: Benta Berri plaza.
  • AMARA: Isabel II.aren hiribidea.
  • EKIALDEKO BARRUTIA: Larratxo pasealekua.

Alde Zaharrean, berriz, datorren azaroaren 4an hasiko da dinamizazio komertziala; horretarako, atxikitako saltegietako erakusleihoak «Zaindu maite duzun hori» leloa duten binilo batzuez apainduko dira. Era berean, tokiko artisten aldi baterako apaingarriak izango ditugu erakusleihoetan.

Horrez gain, Alde Zaharrean, balkoietan eta auzoko sarrera eta irteeretan olanak jarriko dira, auzoaren identitate turistiko eta komertziala mantentzeko mezua zabaltzen duten leloekin: «Familia bat gara», «Kulturaz blai» eta «Eskerrik asko etortzeagatik», besteak beste.

Open Dendak proiektuarekin batera, hurbileko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko, Donostia Sustapenak jasangarritasunaren eta ekonomia zirkularraren aldeko apustua indartuko du eta, horretarako, hiru ekintza berezi jarriko ditu martxan, zeinetan auzo guztietako saltokiek parte hartuko baitute:

  1. Tapoi bilketa: ostiraletik aurrera, tapoiak entregatu ahalko dira ontzi espezifikoak izango dituzten kanpainari atxikitako 18 saltokitan. Tapoiak ekartzen dituztenek «arraspatu eta irabazi» motako txartel bana jasoko dute, eta koadernotxoak eta mugikorrentzako euskarri birziklatuak irabazi ahalko dituzte. Bildutako tapoiak koadernotxoak fabrikatzeko erabiliko dira.
  2. Denim bilketa solidarioa: kanpaina azaroaren 2tik aurrera izango da, eta modako 10 saltoki ditu atxikita. Ekintza honetan bildutako arropak Haurralde GKEari emango zaizkio.
  3. Konpondu: datorren astelehenetik aurrera, DSS market plazan Bonu batzuk aktibatuko dira(10 €-ko bonuak erosi ahal izango dira, eta saltoki jakin batzuetan erabiltzeko 15 €-ko erosketa balioa izango dute), donostiarrek aukera izan dezaten etxean dituzten produktu eta objektuak konpondu eta berrerabiltzeko. Kanpaina azaroaren 10era arte egongo da martxan eta bonuak azaroaren 11tik abenduaren 27ra bitartean trukatuko dira.

Donostia Sustapenak tokiko merkataritza bultzatzeko egindako apustuaren esparruan daude ekintza horiek guztiak.

* «Donostia-San Sebastián. Open Dendak» hiri komertzial, ireki, erakargarri eta jasangarria (ACT 010000-2022-48) proiektua Europar Batasunak eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak finantzatutako Next Generation EU Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago.