Berrikuntzaren Astearen barnean, Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak ematen dituzten DSS INN sarien seigarren edizioan, aurten, saria jaso dute Lander Simulation enpresak, finkatutako enpresen kategorian, eta Onena Medicines enpresak, enpresa gazteen kategorian, berrikuntzaren alde egiteagatik, beren ikuspegi globalarengatik eta hiriarekiko duten loturarengatik. Sariak, gaur, urriak 21, eman dira DSS WeekINN ekimenaren barnean. Ekitaldia Maria Cristina Hotelean egin da eta bertan parte hartu du berrikuntzarako COTEC Fundazioko presidente eta Zientzia eta Berrikuntzako ministro ohi Cristina Garmendiak. Berebat, ekitaldi horretan, Biodonostiari esker ematea egin zaio Donostian ikerketaren eta berrikuntzaren arloan egin duen lan eskergarengatik.

Donostiako Berrikuntzaren Astearen 8. edizioan, DSS Weekinn ekimenean, urriaren 18tik 22ra, 45 aditutik gora bilduko dira. Horiek guztiak adituak dira berrikuntzarako gako eremuetan, hala nola, zientzian eta teknologian, baina baita hezkuntzan, enpresa transformazioan edo talentuan ere, eta hiriaren ekimen honetan parte hartuko dute. Aurten, "Etorkizunera itzultzea" izango da ekimen honen gaia.

Larunbatean, urriaren 16an, ‘Bertako Produktuaren Eguna’ izango da Donostiako Altza auzoan. Egun horretan, bertako produktuen azoka izango da, eta Altzako ‘Urban Lur’ proiektuko baratzeetako nekazari ekintzaileek hartuko dute parte; horiek, hiriko beste ekoizle batzuekin batera, beren ustiategietan lantzen dituzten barazkiak aterako dituzte salmentara, baita bertan ekoizturiko beste gai batzuk ere. Salmenta postuak Harria Parkeko pergolaren azpian jarriko dira.

Donostiak Gazte Talentuaren I. Azoka antolatzen du, gazte kualifikatuei zuzenduta, garapen profesionala bideratzeko. Azoka Kursaalen izango da datorren asteartean, urriaren 19an, DSS WeekINN, Donostiako Berrikuntzaren Astearen baitan.

‘Ilargi Guztiak-Todas las lunas’ fantasiazko kontakizuna, Igor Legarretak zuzendua eta Euskadin eta Nafarroan filmatua, aukeratu du epaimahaiak X. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariaren irabazle gisa. Epaimahaiko kideak izan dira Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria, Marta Etura aktorea, Gorka Otxoa aktorea, Ágatha Ruiz de la Prada diseinatzailea eta Benito Zambrano zuzendaria.

Covidek eragindako krisiaren ondoren, Donostiako merkataritza sektorean joera aldaketa bat ari da gertatzen, eta hori agerian geratu da saltoki berrien irekierarekin. 2021ean, 165 saltoki berrik eman dute alta, eta, aldiz, 127 baja zenbatu dira. Beraz, saldoa positiboa da, hirian 38 saltoki berri gehiago daudenez irekita.