Zabalik dago Gabonetako Azokan saltokia eskatzeko epea

  • Gabonetako Azoka osatuko duten etxolak eta food truck-ak Frantzia pasealekuan eta Ramon Labayen plazan kokatuko dira.
  • Interesa duten denda eta negozioek une honetatik aurrera bidal dezakete eskabidea www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunera. Pasa den urteko prezio berak mantenduko dira eta epea uztailaren 22an amaituko da.

Zabalik dago aurtengo Gabonetako Azokan etxola bat eskatzeko epea. Aurten ere, Donostiako gabonetako kanpainaren funtsezko pieza izango da, eta Espainiako iparraldean erreferentziako azoka bihurtu da.

Donostiar eta turista ugari hurbiltzen dira azokara, bere estilo eta nortasunak erakarrita, gabonetako erosketa tradizionalak egiteko, eta bultzada handia da saltoki txikientzat. Horregatik, aurten, arreta berezia jarriko da tokiko saltokien parte hartzean.

Iazko prezio berak mantenduko dira. Donostia Sustapenak ireki duen izena emateko epea uztailaren 22an amaituko da; ordura arte, interesa duten denda eta negozio guztiek eskabidea bidali ahal izango dute www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunearen bidez.

Gabonetako Azoka produktu hauen salmentara orientatuta dago:

  • Gabonetako elikagai tipikoak: gabonetako eta sasoiko produktu tipikoak, besteak beste, opilak, gozoak, pastelak, aparteko kontserbak edo fruitu lehorrak.
  • Jostailuak eta haurrentzako gabonetako opariak: haurrentzako gabonetako artikulu ludikoak, hala nola jostailuak, eskulanak, liburuak edo ipuinak.
  • Artisautza artikuluak eta gabonetako opariak: artisautza, dekorazioa, brokantea, imitaziozko bitxiak, modako artikuluak (txanoak, eskularruak, etab.), zeramika, urregintza, margolaritza edo gabonetako musika tresna tipikoak.
  • Gabonetako dekorazioa: jaiotza tradizionalarekin lotutako artikuluak (figurak eta osagarriak), gabonetako tresneria, argiak, girlandak, dekorazioa eta gabonetako apaingarriak edo loreak.

Etxolak eta food truck-ak egunero egongo dira zabalik, azaroaren 28tik urtarrilaren 6ra, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean izan ezik; bi egun horietan, ixteko aukera izango dute. Oinarrietan ezartzen diren jendaurreko orduak derrigorrezkoak izango dira: 11:00etatik 21:30era astean zehar eta 22:30era jaiegun bezperetan, jaiegunetan eta asteburuetan.

a) Kanpaina osorako prezioa (azaroaren 28tik urtarrilaren 6ra):

  • Etxola txikiak (3x2m2): 1.863,40 euro (BEZa barne)
  • Etxola handiak (4x2m2) eta food truck-ak: 2.776,95 euro (BEZa barne)

b) Kanpaina erdirako prezioa (azaroaren 28tik abenduaren 19ra eta abenduaren 20tik urtarrilaren 6ra)

  • Etxola txikiak (3x2m2): 1.113,20 euro (BEZa barne)
  • Etxola handiak (4x2m2) eta food truck-ak: 1.566,95 euro (BEZa barne)

Hauek dira food truck-ak kokatzeko espazioen prezioak:

  • Kanpaina osoa: 2776,95 euro (BEZa barne).
  • Kanpaina erdia: 1.566,95 euro (BEZa barne).
  • Asteko: 853,05 euro (BEZa barne)

Gabonetako Azokan erakusketari moduan parte hartzeko, eskabidea www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunearen bidez bidali beharko da uztailaren 22a baino lehen.

Azkeneko urteetan bezala, aurten ere Azokak askotariko animazio programa bat izango du: kontzertuak, hitzaldiak, lantegiak eta erakusketak, gabonak hurbildu ahala iragarriko diren sorpresa gehiagorekin batera.