• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia, 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana aurkeztu duen Euskadiko lehen udalerria

Donostia, 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana aurkeztu duen Euskadiko lehen udalerria

  • Donostiako Udalak, Sustapen Sozietatearen bitartez, Enplegu eta Toki Garapeneko Plana formalizatu du, 15/2023 Euskal Enplegu Legearen jarraibideei jarraituz, eta 15,4 milioi euro inguruko inbertsioa egin du.
  • Planak indartu egiten du Donostiak kalitatezko enpleguaren alde egiten duen apustua, fokua funtsezko bi palankatan jarriz: pertsonen talentua eta enpresen lehiakortasuna.
  • Planak parte-hartze prozesu zabala izan du, eta herritarrek, enpresek eta ekosistema sozioekonomikoko eta prestakuntzako eragileak izan ditu.

Donostiako Udalak 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana aurkeztu du gaur, Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan egindako ekitaldi batean. Bertan izan dira Jon Insausti alkatea, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzia, Mikel Torres bigarren lehendakariordea,eta plana egiten lagundu duten eragile ekonomiko eta sozialen ordezkariak.

Plan honek 15/2023 Enpleguaren Euskal Legean ezarritako konpromisoari erantzuten dio; izan ere, Lege horren arabera, 10.000 biztanletik gorako toki-erakunde guztiek Ekonomiaren Garapen eta Enplegu Plana zehaztu eta ezarri behar dute. Testuinguru horretan, Donostia Sustapena Euskadin bultzatutako hamaika proiektu pilotuetako baten buru izan da, hiriaren erronka estrategikoekin lerrokatuta eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailarekin koordinatuta.

Plana egiteko, hiriko ekosistema osatzen duten eragileen parte-hartze aktiboa egon da, eta aukera eman du prozesuan Donostiako enpleguaren erronkei buruzko begirada plurala eta partekatua txertatzeko. Hala, hiriaren eta bere ehun ekonomiko eta sozialaren benetako eta etorkizuneko beharrekin bat datorren Plan bat sortu da.

Enpresa, elkarte eta hezkuntza esparruko 20 eragilek baino gehiagok hartu dute parte, besteak beste, CEBANC, CEI, Nazaret, AEHG, Merkataritza Federazioa, Erroak Sartu, Gipuzkoako Hotelak, EMAUS, EDE Fundazioa, INKOR, Deustuko Unibertsitatea, GAIA, Gipuzkoako Ganbera, Zubiri Manteo BHI, Tecnun, ADEGI eta Tecnalia. Elkarrizketetan eta lan- saioetan parte hartu dute, eta hainbat gai jorratu dituzte, hala nola enpresa-lehiakortasuna, adinaren kudeaketa, zailtasun handienak dituzten kolektiboen enplegagarritasuna eta ezagutza-sektore intentsiboetan talentua erakartzea eta fidelizatzea.

Era berean, 30 donostiarrek parte hartu dute, eta horien lan-ibilbideei esker, enplegu- eta gizarteratze-politiketarako lehentasunezko lau kolektibo identifikatu dira: 45 urtetik gorako pertsonak, esperientzia profesional urria duten gazteak, langabezian dauden migratzaileak eta gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak.

Prozesuak online inkesta bat egin zaien ehun enpresa baino gehiagoren ikuspegia ere jaso du. Haren ekarpenei esker, kontratazio-prozesuen errealitatea aztertu ahal izan da, eta epe labur eta ertainean zailtasunak, aukerak eta enplegu-aurreikuspenak hauteman dira.

Planaren aurkezpenean, Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, "plan honek enpleguari hain lotuta dauden Donostiako balioak islatzen ditu, hala nola ahalegina, talentua, izaera ekintzailea eta talde-lana". Gaineratu du, "enplegua zuzenean lotuta dago donostiar bakoitzaren bizi-garapenarekin, eta, beraz, lehentasuna da Udalarentzat", eta nabarmendu du "eskakizuna Donostiako ereduaren ezaugarri nagusietako bat dela, baita lan-esparruan ere, bestea humanismoa izanik".

Insaustik berretsi duenez, Plan honek "hiriko gene ekintzaile hori kalitate- eta lehiakortasun-
estandar handietara bideratzeko balio du, eta gene horren nerbioa eta intentsitatea hain dira

agerikoak antolaketa- eta elkarte-mailan. Horregatik, herritarren, enpresa-eragileen eta erakundeen baterako ekarpena jasotzen du planak, aliantzek beti emaitza onak ematen dituztelako Donostian." Bestalde, "tradizioa eta berrikuntza uztartzea, zientziara eta teknologia berrietara bideratutako ezagutza-ekosistema gero eta handiagoarekin batera doan hiri-ekonomiarekin" ere baloratu du.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak nabarmendu duenez, plan hau "lan serio eta zorrotz baten emaitza da, pertsonak erdigunean jarri eta aldi berean hiri estrategia argi eta iraunkor baten isla. Enplegua funtsezko tresna da aurrerabidean aurrera egiteko, ez bakarrik aberastasuna sortzeko duen gaitasunagatik, baita integrazioan, gizarte-kohesioan eta aukera-berdintasunean duen paperagatik ere. Plan honek lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetan jartzen du arreta, talentu gaztearen eta ekintzailetzaren aldeko apustua ahaztu gabe, eta uste sendo batetik abiatzen da: erakundeen eta eragileen arteko lankidetza funtsezkoa da aurrera egiteko eta inor atzean ez uzteko ".

Bestalde, Torres lehendakariordeak tokiko enplegu-planen izaera estrategikoa azpimarratu du, Enpleguaren Euskal Legearen garapenaren barruan, udalerriek enplegura eta garapen ekonomikora bideratutako politika publikoen diseinuan eta betearazpenean duten funtsezkozeregina azpimarratuz. Sailburuak adierazi duenez, ekimen hau mugarri bat da, "hurbiltasunetik diseinatutako politikak eraginkorragoak eta erabilgarriagoak direlako, eta, aldi berean, lurralde bakoitzaren errealitatera egokitutako ikuspegia gauzatzen duelako, enplegu duina, gizarte kohesioa eta hazkunde ekonomikoa sustatzeko". Era berean, erakundeen arteko lankidetza eta udalak planak ezartzeko duen zeregina nabarmendu ditu, baita enpleguari ikuspegi integral batetik heltzeko beharra ere, produkzio-sarearen beharrak herritarren premiekin lerrokatuz, kalitatezko lan-aukerak sortzeko.


Eredu ekonomiko dinamikoa eraldaketa eta talentu erronka berrien aurrean

2026-2030 Enplegu eta Tokiko Garapeneko Plana Donostiako errealitate sozioekonomikoaren diagnostiko zorrotzean eta lan-merkatuaren bilakaerari buruzko begirada aurreratuan oinarritzen da.

Gaur egun, motor bikoitzeko eredu ekonomikoan oinarritzen da hiria: alde batetik, merkataritza, turismoa eta hurbileko zerbitzuak bezalako sektoreei lotutako hiri- ekonomiarekin, eta, bestetik, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren ekosistema finkatu batean oinarritutako ezagutzan intentsiboak diren sektoreekin. Eredu horrek hainbat profiletarako lan-aukerak sortzen ditu, eta Donostia enplegu-maila historiko positiboetan kokatzen du, % 7,2ko langabezia-tasa baitu hiriak.

Ikuspegi demografikotik, biztanleriaren zahartze progresiboa populazio migratzaileen ekarpen gero eta handiagoarekin batera gertatzen da (guztizkoaren % 15), Gipuzkoa osoarekin estuki lotutako lan-merkatu batean.

Testuinguru horretan, erronka garrantzitsuek izaten jarraitzen dugu. Langabezia enplegua lortzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetan kontzentratzen da: emakumeak — zaintzei lotutako etapetan—, 45 urtetik gorako pertsonak edo kualifikazio baxuko gazte eta migratzaileak. Horri beste dinamika batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola lanaldi partzialak edo hasierako kontratazio-faseetako txandakatzea.

Aldi berean, belaunaldien eta talentuen, bereziki gazteen eta kualifikatuen, ordezkapena areagotuko duten erronkei aurre egiten die hiriak. Horrek eskatzen du prestakuntza- sistemaren egokitzapenean aurrera egitea, birkualifikazio-prozesuak bultzatzea, enpleguaren kalitatea indartzea eta genero-arrakalak murrizten jarraitzea, bereziki STEAM eremuetan.

Erronka horien aurrean, Donostia posizio sendo batetik abiatzen da, gero eta biztanle kualifikatuagoetan, prestakuntza-sistema sendoan, hazten ari den berrikuntza-ekosisteman eta enplegua sortzeko ahalmena duen ekonomia-sare dibertsifikatuan oinarrituta.

Plana tresna estrategikoa da erronka horiei erantzuteko, eta kalitatezko enplegua, gizarteratzea eta laneratzea, talentuaren garapena eta tokiko sare ekonomikoaren lehiakortasuna indartzen ditu.


Enplegua eta lehiakortasuna bultzatzeko hiru bektore estrategiko

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak aurkeztu ditu 2026-2030 Enplegu eta Tokiko Garapen Plana osatzen duten bektoreak, eta 15,4 milioi euroko inbertsioa mobilizatuko duela aipatu du. Jarduera-bektore horiek 7 ekimen estrategikotan eta 45 ekintzatan zehazten dira.

Lehen urterako, ia 3 milioi euroko aurrekontu operatiboa esleitu da, eta horietatik % 55 (1.618.857€) Donostiako Sustapenak hartzen du bere gain. Udal Elkartearen inbertsio handiago hori dagoeneko martxan dauden inbertsio estrategikoen ondorio da, hala nola, Enplegu eta Prestakuntza Huba edo Bretxa Gunea.

Hauek dira hiru jarduera-bektoreak:

1. bektorea. Kalitatezko enplegua eta gizarteratzea eta laneratzea, pertsonak erdigunean jartzen dituena, talentuaren garapena bultzatuz enplegua lortzeko eta hobetzeko palanka gisa. Bere proiektu nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • ENPLEGU-BIDEA Enplegu eta prestakuntza HUBa, Camino kaleko lokaletan kokatuko dena eta pertsonei eta enpresei laguntzeko nodo zentrala izango dena.
  • UBA Eskola Aterpetxea eta Bretxa Gunea enplegu inklusiboko espazio esperimental gisa, laneratzeko benetako ibilbideak sortzera bideratuak.
  • Emakume eta biztanle migratzaileentzako berariazko ekimenak, aukera- berdintasuna eta lan-merkaturako irisgarritasuna sustatuz.
  • Gazteen talentuaren aldeko apustua, lan-merkatura hurbiltzea, haien gaitasunak eta esperientzia profesionalak hobetzea eta talentua hirira itzultzea eta erakartzea sustatzen duten hainbat ekimenen bidez.

2. bektorea. Ekintzailetza eta hiri-ekonomiaren hobekuntza lehiakorra, enpresetatik eta haien enpleguetatik pertsonengana. Ekintza nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Ekintzailetza sustatzea eta enpresa berriak sortzen laguntzea, kultura ekintzailea sustatzeko ekintzekin.
  • Hiri-ekonomiako sektore ekonomikoen lehiakortasuna eta hobekuntza eraldatzailea, funtsezko sektoreak aldatzeko neurriekin, hala nola merkataritza, belaunaldi-errelebora, digitalizaziora edo iraunkortasunera bideratutako proiektuen bidez.

3. bektorea. Gobernantza eta Enplegu Planaren kudeaketa, erakundeen eta eragileen arteko koordinazio handiagoa bultzatuz, erakundeetatik eta eragile sektorialetatik pertsonetara eta enpresetara, Euskal Enplegu Sarearen eta tokiko ekosistemaren barruko koordinazioa indartuz, kudeaketa integratuagoa, kolaboratiboagoa eta emaitzetara bideratuagoa bermatzeko helburuarekin.

Planak jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat du, haren eragina neurtzeko eta haren jarduerak lan-merkatuaren bilakaerara egokitzeko, eta, hala, kudeaketa dinamikoa eta emaitzetara bideratua bermatuko da.

Hirian garapen ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sustatzeko xedearekin, pertsonak ardatz dituen eta lankidetzan oinarritzen den ikuspegitik, Plana zenbait baliotan oinarritzen da, hala nola kalitatean, berrikuntzan, lankidetzan eta erakundeen erantzukizunean, horiek baitira aurreikusitako jarduera guztien gidari.

Abian jarrita, Donostiak aurrerapauso bat eman du garapen eredu jasangarriagoa, inklusiboagoa eta lehiakorragoa sendotzeko bidean, aukerak sortzeko eta etorkizuneko erronkei aurre hartzeko gaitasuna indartuz.Gainera, ibilbide-orri hori indartu egingo da datozen asteetan, Donostiako Sustapenak egiten duen Berrikuntza Plan berri baten aurkezpenarekin. Plan horrek hiriaren estrategia osatuko du, eta Donostiak berrikuntzaren, talentuaren eta gizarte-kohesioaren arloan duen posizionamendua sendotuko du.