- 10 langilerekin hasita 3 urtean kopuru hori bikoiztu egiten duen eta enplegua sortzen duen enpresari "gazela" deitzen dio COTEC Fundazioaren Behatokiak.
- 23 enpresa horiek 767 lanpostu sortu zituzten eta 2021. urtean 1411 langile izan zituzten guztira.
- Jarduera profesional zientifiko eta teknikoak, administratibo jarduerak, merkataritza, ostalaritza eta telekomunikazioak dira enpresa horien sektore nagusiak.
Aste honetan bertan aurkeztu den, eta Donostia Sustapena bertan egon zen, COTEC Gazela Enpresen Behatokiak adierazi duenez, Donostiak 2018tik 2021era bitartean 23 "gazela" enpresa izan ditu. Txostenaren arabera, Espainian, urte bitarte berean, 4.500 enpresa daude.
Gipuzkoako hiriburua "gazela" enpresa gehien dituzten Espainiako udalerrietan 20. postuan dago, nahiz eta, biztanle kopuruaren arabera, Donostiari 33. postua dagokion, hau da, 13 posizio aurrerago jartzen da.
Donostia Sustapenak joan den udan gehitu zen COTEC Fundaziora, eta haren arabera, "gazela" enpresak bereziak dira eta euren jarduera berritzaileengatik eta enpleguari egiten dioten ekarpen erabakigarriagatik bereizten dira. Euren hazkunde azkarragatik definitzen dira; izan ere, 10 langilerekin hasita, hiru urtean euren tamaina bikoizteko gai baitira (urteko % 20tik gora hazteraino). Hori dela eta, enpresa gehienek enpresa txikiak izatetik enpresa ertainak izatera igarotzea lortzen dute denbora errekorrean.
Behatokiaren arabera, urte bitarte horretan, 23 enpresa horiek 767 lanpostu garbi sortu zituzten hirian, eta 2021. urtean 1.411 langile izan zituzten guztira. Hiriko "gazela" enpresa, batez beste, 2018an 28 langile izatetik 2021ean 61 izatera igaro zen.
Azterlanetik ondoriozta daitekeenez, Donostiak bere enpresa-ehunean dituen enpresa guztien % 4,6 "gazela" enpresak dira, Euskadiko batez bestekoa (% 3,4) eta Gipuzkoakoa (% 3,19) gaindituz eta Estatuko batez bestekoarekin parekatuz.
EJSNren digitu 1eko sailkapenaren arabera, enpresa horiek diharduten sektore nagusiak honako hauek dira: Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak, Merkataritza, Ostalaritza, Informazioa eta Komunikazioak, Administrazio jarduerak eta Zerbitzu osagarriak.
Behatokiak, aurreneko aldiz, "mikrogazela" izeneko enpresen banaketa lurraldeka eta sektoreka ere aztertu egin du ("mikrogazelak": 10 langile baino gutxiagoko enpresak, 3 urtean gutxienez 8 langile izatera irits daitezkeenak).
Donostiaren kasuan, urte bitarte berean, hiriak 31 "mikrogazela" izan ditu, eta mota horretako enpresa gehien dituzten udalerrien rankinean 19. postuan dago. Hiriko enpresa-ehunaren % 1,9 osatzen dute, Estatuko batez bestekoaren pare eta Euskadiko batez bestekoaren goiti (% 1,5), eta euren jarduera nagusiak Informazioa eta Komunikazioak, Jarduera Profesionalak, Manufaktura-Industria eta Ostalaritza dira, EJSNren digitu 1eko sailkapenaren arabera.
Donostia Sustapena iazko udan sartu zen COTEC Fundazioan. Irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hirien garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa berrikuntza sustatzea du helburu. Fundazioan sartuta, Sustapena sozietateak Donostiako enpresa-sareari ematen dizkion zerbitzuak eta baliabideak indartu eta hobetu egin ditu.