• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiak ReaktibaT laguntza programa aktibatuko du, 45 urtetik gorako langabeei zuzendurik

Donostiak ReaktibaT laguntza programa aktibatuko du, 45 urtetik gorako langabeei zuzendurik

(Iñigo Olaizola, Donostiako Sustapeneko Berrikuntza eta Lehiakortasun arduraduna, Luis Carlos Álvarez, Cebanc-eko Enplegurako Prestakuntzako zuzendaria, Marisol Garmendia, Ekonomia Suspertzeko zinegotzia, Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendaria eta Maite Martínez, Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendaria)

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, berriro ekin dio ReaktivaT programari. Egitasmo horrek lan munduan orientatzeko, trebatzeko eta integratzeko ibilbide osoak biltzen ditu; lana lortzeko zailtasunak dituzten langabeei zuzendurik dago, eta, bereziki, 45 urtetik gorako pertsonei, horiek baitira hiriko langabe guztien % 55. Iaz 200 bat pertsonak hartu zuten parte programan eta % 25ek lana lortu zuten.

Pertsona horiek lana eskuratzeko gaitasun handiagoa izatea da helburua. Programak arreta berezia eskainiko die emakumeen kolektiboari eta kualifikazio txikiko pertsonei; aukera sektoreetan identifikatuko ditu enplegu-eskaintzak, eta kontratazio laguntzak eskainiko dizkie programan parte hartzen duten pertsonak kontratatzen dituzten enpresei. ReaktivaT programak 522.504 euroko aurrekontua du, eta Donostiako Sustapenak finantzatzen du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin –Elkarrekin Lanean programaren bidez– eta Eusko Jaurlaritzarekin batera –Lanbideren prestakuntza proiektu berezien bidez–.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “Enplegua lehen mailako lehentasun politiko, sozial eta ekonomikoa da. Horregatik, beharrezko baliabideak ipiniko ditugu pertsona guztiek kalitatezko enplegua izan dezaten, eta, hala, bizi ibilbide duin bat egin ahal izateko. Sentsibilitate bereziko plana da, diskriminazio positiboa egiten baitu emakumeen, 45 urtetik gorakoen eta lanbide kualifikazio txikiko pertsonen alde. Tresnak eskaini nahi dizkiegu horiei, lana aurkitzen laguntzeko”. ReaktivaT programaren aurkezpenean, Marisol Garmendiaz gain, Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko Berrikuntza eta Lehiakortasuneko arduradunak, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendariak, Maite Martínez Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendariak eta Luis Carlos Álvarez Cebanceko Enplegurako Prestakuntzako zuzendariak hartu zuten parte.

ReaktivaT programaren helburu nagusia da parte hartzaileek enplegua aurkitzeko duten gaitasuna areagotzea, batez ere 45 urtetik gorakoekin eta langabeekin pentsaturik. Lanean errazago txerta daitezen, programak hainbat ibilbide eskainiko dizkie, hala nola banakako orientazioa, gaitasun berriak eskuratzea edo profesionaltasun ziurtagiriak. Era berean, bitartekaritza zerbitzu bat eskainiko da proiektuan parte hartzen duten pertsonen eta haien profilekin bat datozen lan aukera lokalizatuen artean. Orobat, kontratatzeko laguntzak ere emango zaizkie enplegua eskaintzen duten enpresei.

ORIENTAZIO INDIBIDUALA

Orientazio teknikari batekin egindako elkarrizketa pertsonal baten bidez, aholkuak ematen zaizkie ibilbide profesional pertsonalizatua egiteko: curriculuma gaitasunen arabera landuko da, profila berrikusiko da, gehien eskatzen diren gaitasunak aztertuko dira eta eskaintzetan izena emateko laguntza eskainiko da.

TREBETASUN DIGITALETAN PRESTATZEA

Aurrez aurreko prestakuntza izango dute, eta trebetasun digitalak emango zaizkie, Internet bidezko enplegua modu eraginkorrean bilatzeko.

PROFESIONALTASUN ZIURTAGIRIAK

Prestakuntza teorikoaren eta enpresetako praktiken bidez profesionaltasun-ziurtagiriak lortu ahal izango dituzte hainbat sektoretan, hala nola soziosanitarioan, ostalaritzan eta administrazioan. Donostia Sustapena da proiektuaren koordinatzaile nagusia, eta % 50eko ekarpena egin du. Era berean, honako hauek ere parte hartu dute:

  • Gipuzkoako Foru Aldundia; proiektuaren % 19 finantzatu du Elkarrekin Lanean programaren bidez.
  • Eusko Jaurlaritza-Lanbide; profesionaltasun ziurtagirietan ezarritako prestakuntza teknikoaren % 31 finantzatu du.
  • Cebanc lanbide heziketako zentroa; hark emango du profesionaltasun ziurtagirietarako prestakuntza teknikoa.

ReaktivaT programan parte hartu nahi dutenek informazioa eskuratu eta www.fomentosansebastian.eus (online txata) orrian erregistra daitezke. Telefono bidezko arreta ere jaso dezakete 943 482800 zenbakian, 09: 00etatik 14: 00etara, astelehenetik ostiralera, edo mezu elektroniko bat idatzi Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.. Reina Regente kaleko jendearentzako arreta-bulegoa irekita dago soilik aurretiko hitzorduarekin, astelehenetik ostegunera, 09: 00etatik 18: 00etara. Ostiraletan eta jai bezperetan 9: 00etatik 14: 00etara.


LANGABEZIARI BURUZKO DATUAK
2021eko irailean, % 8,7ko langabezia-tasa erregistratu zen Donostian (% 7,9 gizonetan eta % 9,4 emakumeetan). Orotara 7.687 langabe ziren, eta 45 urtetik gorakoak dira horietatik % 55,5.