- 2023ko Barometro Ekonomikotik ateratako lehen datuen aurrerapen baten arabera, Donostiako langabezia-tasa % 5,9koa da, Europar Batasuneko batez bestekoaren azpitik.
- Ane Oyarbide: “2023an argi ikusi dugu hiriak bere hazkunde ekonomikoa nola sendotu duen hirugarren sektore oso kualifikatu bati esker; eta gauza bera gertatu da ekintzailetza-tasarekin, 1.600 enpresa berri sortu baitira, horietako asko I+Gra bideratuak".
Donostia Sustapenak 2023an egindako Barometro Ekonomikoaren lehen datuen arabera, hiriak hazkunde ekonomikoaren bidetik jarraitu du 2023. urtean: BPGren urte arteko aurrerapena % 5,5ekoa da termino nominaletan (8.781 milioi euro eta % 1,9ko hazkundea termino errealetan); beraz, BPG 46.437 eurokoa da biztanleko (urtetik urterako % 5,3tik gora), eta langabezia-tasa % 5,9koa. Ezagutza maila Handiko Enpresa-Zerbitzuek (KIBS) azken ekitaldi honetan hartu duten protagonismoa nabarmendu behar da, sortutako BPGren ia erdia baitira (4.300 milioi euro), hau da, portzentzualki esanda, esan daiteke urte bakar batean hazkundea % 5,6koa izan dela.
Enpleguari dagokionez, KIBS zerbitzuen esparruak sendotasuna erakutsi du; izan ere, Donostian kontratazioaren eragileetako bat izan da. Zehazki, 34.787 lagun enplegatzen ditu, hau da, hiriko enplegu guztien % 35,5. Beste datu oso esanguratsu bat: 2023an sortutako 1.600 enpresa berrien % 25 sektore honetan sortuak dira, COTEC Fundazioak berriki egindako ikerketa baten arabera, Donostia Espainian enplegu teknologiko handiena duten 100.000 biztanletik gorako hiriburua bihurtuz.
Zifra horiek ikusita, garbi dago Donostia zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa etengabe indartu dela eta ondo posizionatu dela: urte bakar batean, I+Gn egindako inbertsio maila % 17 baino gehiago aurreratzeraino. I+Gn egindako inbertsioak hiriko BPGri egiten dion ekarpena % 3,7 da, EAEko eta Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik (% 2,0 eta % 2,6, hurrenez hurren); I+Gn, berriz, biztanle bakoitzeko egindako inbertsioaren ratioa 1.724,4 eurokoa da, hau da, Madrilen (% 760 €/biztanleko), Katalunian (619 €/biztanleko) eta Nafarroan (617 €/biztanleko) baino nabarmen handiagoa.
Bioteknologien esparru espezifikoa nabarmendu behar da, gure hirian oso datu garrantzitsuak ematen baititu, adibidez, % 67 inguruko hazkundea azken 5 urteotan. Kontratazioek eremu horretan izan duten gorakada azaltzen du horrek, 2022an kontratazioak % 8ra arte igo baitziren.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak azpimarratu duenez, Donostiarako garrantzitsua da gure hiria zientziaren eta teknologiaren arloan erreferente gisa indartzea, sektoreak inbertsio handiak erakartzen dituelako, kalitatezko enpleguak sortzeko gaitasuna duelako eta hiriko ekonomia dinamizatzeko gai delako. Oyarbideren hitzetan, “hiriaren etorkizuneko ekoizpen eredua bultzatzeko jarraitzen ari garen bidea errealitate bat da, eta zifra horiek hala uzten dute agerian”.
Zerbitzu mota hauek produktibitate nabarmena erakusten dute; izan ere, enpleguko BPGren ratioak 120.633 eurotik gorakoak dira KIBS-Enpresen kasuan, hau da, EAEko industriaren batez besteko produktibitate mailaren gainetik egon dira 2023. urtean (118.730 €/enpleguko).
Azken hamarkadako langabezia-indizerik txikiena
2023ko Barometroaren arabera, Donostian lanean ari direnak guztira 82.649 lagun dira; horietatik 42.049 gizonak dira eta 40.600 emakumeak. Beraz, datu hauek ikusita, langabezia-tasa % 5,9koa dela esan daiteke. Biztanleria Jardueraren Arabera (BJA) sailkatzeko Inkestak dioenez, tasa hori %7,6ra igo da. Lanbidek egindako inkesta da. Eta, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren arabera, "lan merkatuaren portaerarekin lotuta lortu ditugun datuak benetan onak izan dira. % 5,9rekin, langabezia-tasa txikiena duen EAEko hiriburua gara oraindik ere, eta EBrena baino tasa txikiagoa da gurea (Europan % 6,4koa da eta). Horrez gain, erregistratu diren kontratu guztien erdiak kontratu mugagabeak izan dira; era berean, emakumeen eta 35 urtetik beherako gazteen kontratazio tasak % 50etik gorakoak izan dira (% 56,4 eta % 55,5, hurrenez hurren); eta % 42,2koak etorkinen kolektiboan.
Guztira 15.606 enpresa daude. Gehienak 2 langileko edo gutxiagoko mikro enpresak dira (% 72,5), baina hazteko eta enplegua establezimendu handiagoetan kontzentratzeko joera dagoela ikusten da. Joera hori bereziki nabarmena da 39 enpresa gazelaren kasuan, azken hiru urteetan plantillak bikoiztea lortu baitute. Enpresa horiek txikiak izaten dira, baina estrategia berritzaileari esker, gaitasun handia erakutsi dute, batez beste, gainerakoak baino erritmo azkarragoan hazteko.
Donostia tamaina ertaineko hiriburua dela kontuan hartuta, bere enpresa-dentsitatea oso esanguratsua da (80 enpresa 1.000 biztanleko); horrek Madrilen duten dentsitatera hurbiltzen gaitu, eta biztanleria mailarik handieneko hiriburuen dentsitateak gainditu egiten ditu, hala nola Bilbo, Sevilla, Málaga edo Zaragozarenak.
Ostalaritza eta merkataritza
2023ko Barometroaren arabera, merkataritza-sektoreak 2.418 saltegi ditu eta 8.547 enplegu sortzen ditu. Donostiako enpleguaren % 8,7, Donostialdeko merkataritzaren % 65, eta Gipuzkoako merkataritza-parke osoaren % 31 biltzen ditu. 2023. urte honetan, Donostiako ostalaritzan 1.460 establezimendu zenbatu dira eta 8.689 lanpostu sortu dira, enplegu osoaren % 8,8; hau da, epe horretan 700 lanpostu berri sortu dira, gutxi gorabehera.
Donostia Sustapena egiten ari den 2023ko Donostiako Barometro Ekonomikoaren lehen datuak dira hauek, eta laster, osorik argitaratuko ditu bere webgunean (www.fomentosansebastian.eus).
Ekonomia berrikuntzaren eta zientziaren bidez garatzeaz arduratzen den erakundea izaki, Donostia Sustapena udal sozietate publikoaren helburuetako bat hiriko aldagai ekonomikoak monitorizatzea da. Lan hori urteko Barometroan gauzatzen da, eta ezagutza zehatza eskaintzen duten beste azterlan eta analisi espezifiko batzuekin osatu behar da, ekintza-plana Donostiako errealitate sozio- ekonomikoarekin lerrokatu dadin.