• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiak EMAKUMEEN Talentua eta Ekintzailetzarako gaitasuna aintzatetsi ditu "EMAKUMEEKINN" aitortzekin

Donostiak EMAKUMEEN Talentua eta Ekintzailetzarako gaitasuna aintzatetsi ditu "EMAKUMEEKINN" aitortzekin

  • Marianela García, emakume ekintzailea; ViveBiotech, berrikuntza eta emakumezkoen talentua bultzatzen dituen enpresa, eta María Muñoz Cafarell, ikertzaile bikaina, izan ziren saria jaso zuten emakumeak.
  • Eneko Goia: “Eredu zarete. Hiriaren oraina eta etorkizuna. Zalantzarik gabe, zuen adibideak enpresa asko emakumeen talentuaren alde egitea erakarriko du, eta emakume asko gure hirian ekintzaile izatearen aldeko apustua egitera animatuko ditu”.
  • Marisol Garmendia: "Gizarte adimendun eta zuzenek emakumeen talentua batzen eta bultzatzen dute, gizarteek behar duten sormen ahalmenaren, berrikuntzaren eta jakintzaren % 50 emakumeei zor zaielako, bai eta gizartean garapena eta ongizatea sortzeko gaitasunaren erdia ere".

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, Donostia Sustapenak aintzatespen bat egin die hirian espiritu ekintzailea garatzen eta berrikuntza sustatzen laguntzen duten emakumeei, hiru kategoriatan: emakume ekintzaileak, emakumeen berrikuntzaren eta talentuaren aldeko apustua egiten duten enpresak eta STEAM bokazioak sustatzen dituzten emakume ikertzaileak. Aipatutako hiru modalitateetan, hauek izan dira EmakumeEkinn aintzatetsia jaso dutenak: GOXONELA Marianela Guarda (ekintzailea), ViveBiotech (enpresa) eta María Muñoz Cafarell (ikertzailea).

Donostia Sustapenak egindako hautaketan Aspegi, Emakumeak Zientzian edo SShops bezalako erakundeen parte-hartzea eta proposamenak izan dira. Sariak Eneko Goia alkateak, Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapenaren zuzendari orokorrak eman dituzte. Zientzaren eta beste sektore profesionalen eremuan emakumearen presentzia bultzatzeko lan egiten duten erakunde ugarik parte hartu dute ekitaldian, ekintzaileei eskainitako eta joan den asteko astelehenean inauguratutako EKINN gunean burutatukoa. Aintzatespen hauek Donostia Sustapenak enpleguarekin eta ekintzailetzarekin lotutako berdintasun-politikak bultzatzeko egindako apustuaren parte dira. Politika horiei bi milioi euro bideratzen ditu urtero.

Sari banaketan Donostiako alkate Eneko Goiak irabazleak zoriondu ditu eta eskertu die, bakoitzak bere alorrean egiten ari den lana, hurrengo belaunaldiei erakusten dielako edonork, sexua zeinhai den ere, lan bizitza arrakastatsua izan dezakeela edozein alorrean. Hortaz honakoa azpimarratu du: “Eredu zarete. Hiriaren oraina eta etorkizuna. Zalantzarik gabe, zuen adibideak enpresa asko emakumeen talentuaren alde egitea erakarriko du, eta emakume asko gure hirian ekintzaile izatearen aldeko apustua egitera animatuko ditu”.

Bestalde, Donostiak, aurrera egiten jarraitzeko, emakumeen talentua behar duela azpimarratu du Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak: "Herritarren erdia ordezkatzen dugu; horregatik, gizarte adimendun eta zuzenek emakumeen talentua batzen eta bultzatzen dute, gizarteek behar duten sormen ahalmenaren, berrikuntzaren eta jakintzaren % 50 emakumeei zor zaielako, bai eta gizartean garapena eta ongizatea sortzeko gaitasunaren erdia ere. Horregatik da hain garrantzitsua errealitate hori agerian jartzea eta emakumeak hazteko eta beren proiektu profesionalak garatzeko balioko duten erreferenteak sortzea, haien erabateko errealizazioa lortu arte, desberdintasun arrakalak gaindituz eta haien potentzial guztia hiriaren mesederako erabiliz".

Hiria eraikitzen duten emakumeak


Marianela Guardia, emakume ekintzailea

Aintzatespen honen bidez, egunero hiria eraikitzen lan egiten duten eta beren proiektu ekintzaileak aurrera ateratzeko gai diren emakumeak ikusarazi nahi dira. “Goxonela” gozogintzako lantegi euskal-argentinar bat da. 2021ean sortua eta Egia auzoko Ametzagaña kaleko 33an kokatua, gastronomiarekiko grina eta lan ona uztartzen ditu, Argentinako eta Euskal Herriko pastelgintzako produkturik onenak eskaintzeko. Kulturak uztartzen dituen eskaintza bat garatzeko ahalmena, eta, hiriko eskaintza osatzen duen Argentinatik etorritako proiektu bat eraikitzeko erakutsitako sormena izan dira Marianela Guardia emakume ekintzaile gisa aintzatesteko orduan kontuan hartu diren balioak.

Vivebiotech, berrikuntzaren eta emakumezkoen talentuaren alde egiten duen enpresa.

Vivebiotech enpresa Donostian dago eta bektore lentibiralak garatzen eta ekoizten ditu; bektore horiek erabiliak dira, besteak beste, minbizia tratatzeko terapia genetikoetan, gaixotasun arraroetan, eta abarretan. Enpresako langileen % 70 baino gehiago emakumeak dira eta berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa bezalako balioak enpresa-proiektuaren parte dira; adibidez, lan taldeko pertsona guztien kontziliazio pertsonala eta profesionala errazten du. Berdintasuna enpresaren gobernantzaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren ardatz gisa kokatzen duen kultura korporatiboaren aldeko egindako apustuagatik aintzatetsia jaso du ViveBiotech.

María Muñoz Caffarel, emakume ikertzaile bikaina.

Biokimikan eta Biologia Molekularrean doktore Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Ikerbasquen eta Miguel Servet zentroan dihardu ikertzaile; horrez gainera, BioGipuzkoako Ikerketa taldeko burua da, non Bularreko Minbiziaren Ikerketa Taldea lideratzen baitu 2020az geroztik. Bestalde, neskengan bokazio zientifikoak bultzatzeko eta emakumeak zientziaren arloan ikusarazteko konpromiso sendoa du Mariak. “Emakumeak Zientzian” elkarteko kidea da eta STEAM bokazioak bultzatzeko aktiboki hartzen du parte sentsibilizazio ekintzetan. Emakumeak zientziaren eta ikerketaren arloan duen presentziarekiko eta parte-hartzearekiko konpromisoa, eta Mariak belaunaldi berrien artean egiten duen lana ere, aintzat hartu diren merezimenduak izan dira.