- Enpresa tipologia hau Donostiako garapen ekonomikoaren eragile nagusietako bat da, eta hiriko enplegu osoaren % 35,3 hartzen dute.
- Zuatzuko Juan Fermin Gilisagasti kalean dagoen eraikina, hiria ezagutzan, zientzian eta berrikuntzan oinarritutako ekoizpen-eredu baterantz egiten ari den bilakaeraren parte da.
- Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak eraikinean dauden zerbitzu aurreratuen enpresetako 5 bisitatu ditu. Enpresa mota horien ekosistema dinamizatzeko zerbitzuak ere aktibatuko dira bertan.
PIA eraikina ikus-entzunezkoen sektoreko enpresentzat zentro espezializatua izateko asmoarekin sortu zen, eta hemendik aurrera Donostiak zerbitzu aurreratuen enpresentzat izango duen erreferentziazko gune berria izango da. Tokiko enpresa-ehunaren bilakaerak eta azken bi hamarkadetan hiriak zientziaren eta berrikuntzaren hiri izateko egin duen apustuak eraikinaren eraldaketa ekarri dute.
Gaur egun, bertan dauden 47 enpresen % 60 ezagutza aurreratuan oinarritutako zerbitzu- enpresak dira. Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak mundu mailan erreferente diren enpresa horietako batzuk bisitatu ditu gaur goizean.
Orkestrak Donostia Sustapenerako egindako eta 2024. urtearen amaieran aurkeztu zen txostenak adierazten zuen horrelako enpresak hiriko garapen ekonomikoaren eragile nagusietako bat direla, eta dagoeneko hiriko enplegu osoaren % 3 osatzen dutela; 2014tik % 51,8ko hazkundea izan du.
Txosten berean egiaztatu zenez, azpiegitura teknologikoetan eta talentuan egindako inbertsioaren eta I+G+bko ekosistema oso baten garapenaren ondorioz, zerbitzu aurreratuen enpresak, bereziki teknologiaren esparrukoak, Donostian enplegua sortzeko (3 enplegutik 1) eta BPGa sortzeko (ia % 50 tokian-tokian) motor nagusi bihurtu dira.
Bisitan, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi duenez, “eraikuntzaren eraldaketak indartu egiten du Donostia Sustapenak azken urteotan hirian azaleratu den esparru hori bultzatzeko egin duen apustua jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzeko potentzial handiarekin. Apustu horrek identitate berezia ematen dio hiriari, eta horrek desberdindu eta nazioartean kokatzen du”.
Oyarbidek Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzailearekin batera egin du bisita, eta bertatik bertara ezagutu du enpresa hauen jarduera:
CAF SIGNALLING SL. CAF seinaleztapen negozioa, trenbide seinaleztapeneko sistemen diseinuan, garapenean,fabrikazioan, horniduran eta mantentze lanetan oinarritua. Teknologia propioko produktu aurreratuak ditu, nazioarteko merkatuetan trenbideko trafikoaren kudeaketa eta segurtasuna bermatuz.
ORLOGA SA. Industria proiektuetan espezializatutako ingeniaritza, giltza eskura. Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren industria eta aplikazio berriak merkaturatzea bioekonomiaren, ekonomia zirkularraren eta material berrien eremuetan. Gizarteari balioa ematen dioten eta industria ezartzeko bokazio argia duten proiektu berritzaileak, disruptiboak eta gehitzaileak egitea. Eskalatze industrialeko espezialistak.
GAIA - EZAGUTZAR ETA TEKNOLOGIAREN INDUSTRIEN ELKARTEA. Euskadiko Jakintza eta Teknologia Industrien elkarteak sektore horretako 315 enpresa biltzen ditu. Helburua da ezagutzan eta teknologia propioan oinarritutako soluzio globalki lehiakorrak eratu eta abian jartzeko berrikuntza kolaboratiboan erreferente izatea.
TAK LEARNING SL. WETAKek enpresentzako ikaskuntza-soluzio digitalak eskaintzen ditu. “Alejandría” online prestakuntza-plataforma bat dute. Plataforma hori modularra eta eskalagarria da, eta pertsonalizazio grafikoa, teknikoa eta edukizkoa ahalbidetzen du. Prestakuntza-eskaintza digitala hainbat sektoreri zuzenduta dago, hala nola osasunari, industriari, kontsumo handiko banaketari eta erakundeei.
OROI WELLBEING SL. Errealitate birtualeko eduki terapeutikoak dituen plataforma, adinekoei eta hainbat desgaitasun-maila dituzten pertsonei egokitua, ongizate emozionala sortzea helburu duena, baita funtzio kognitiboak prestatzea ere, hala nola memoria, arreta edo hizkuntza. Konpainiak bat egin du FeelUrekin, sektore bereko enpresa frantziarrarekin, Europak adineko pertsonentzako ongizate-teknologietan duen posizionamendua indartzeko.
SINNPLE CONSULTORES E INNOVACIÓN SOCIAL SL. Jasangarritasunari eta inpaktuari buruzko aholkularitza, 10 urte baino gehiagoko esperientzia duena, enpresei eta erakundeei aholkuak emanez. Metodologia propioa erabiltzen dute, iraunkortasuna eta erakundeen eragina errazteko. Diagnostikoak egiten dituzte GGI jarduna eta enpresen eragin soziala ebaluatzeko, iraunkortasun-estrategiak eta -planak definitzen dituzte, eta karbono-aztarna kalkulatzen dute, isurketak murrizteko deskarbonizazio-plan bat proposatuz.
Enpresa horietako batzuk Donostia Sustapenak urteetan ekintzailetzarako eta proiektu berritzaileak bultzatzeko abiarazi dituen programen eta laguntzen onuradun izan dira, besteak beste bonu teknologikoak, hazkunderako eta kontrataziorako laguntza ekonomiko zuzenak edo EKINN + azelerazio-programa.
Izan ere, Udal Sozietatearen 2025erako Berrikuntza Planak, 6 milioiko zuzkidurarekin, enpresa-eremu hori sustatzeko ildo estrategiko bat biltzen du, betiere hiriko funtsezko eragileekin lankidetzan.