• Etxea
  • Azken ordua
  • Irekita dago Ekonomia Zirkular Dend@k laguntzak eskatzeko epea, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra bultzatzeko Donostiako merkataritza sektorean

Irekita dago Ekonomia Zirkular Dend@k laguntzak eskatzeko epea, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra bultzatzeko Donostiako merkataritza sektorean

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, Ekonomia Zirkular Dend@k laguntza abiarazi du, hiriko txikizkako merkataritzan zirkulartasuna sustatzeko. Donostiako saltokiek ez ezik, sektorean ekonomia zirkularreko ekintzak sustatzen aritzen diren erakundeek ere eska dezakete laguntza. Eskabideak aurkezteko epea bitartekoak agortu arte egongo da zabalik, edo otsailaren 28ra arte.

Txikizkako merkataritzan soluzio teknologikoak ezartzeko laguntzen deialdi hau Donostiako Ekonomia Suspertzeko 2021eko Planaren (PREK) barruan kokatzen da, eta Donostiako tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea du helburu, jasangarritasuna eta, zehazkiago, ekonomia zirkularra sustatuz.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, «gaur egun ezinbestekoa da negozioek politika jasangarriak txertatzea, haien lehiakortasuna bermatzeko».

Ekonomia Zirkular Dend@k ekimenaren xedea da Donostiako txikizkako saltokiei laguntza eskaintzea, zirkulartasuna zuzenean sustatzen duten ekintzak finantzatzeko. Kasu honetan, 2.000 eurokoa da aurreikusitako laguntzaren gehieneko zenbatekoa, eta kontzeptu hauek finantzatu ahal izango dira:

  • Produktuen eta materialen bizitza baliagarria luzatzearekin lotutako estrategia zirkularrak (berrerabili, birziklatu eta berreskuratu, konpondu, berregokitu, berriro manufakturatu), eta elkarlaneko ekonomia (establezimendu komertzialen arteko lankidetza).
  • Ontzien eta bilgarrien ekodiseinua.
  • Zerbitizazioa (produktua zerbitzu bilakatzea).
  • Birziklatze aurreratua: hondakinen prebentzioa edo murrizketa.
  • Komunikazio eta hedapen gastuak, baldin eta ekintza horietako batzuk abian jartzearekin zuzenean lotuta badaude.

Bestalde, txikizkako merkatariak ez diren baina hiriko merkataritzan ekonomia zirkularreko ekintzak sustatzen dituzten erakundeen ekimenak ere bultzatu nahi dira laguntza honen bidez. Kasu horretan, erakunde bakoitzak gehienez 5.000 euroko laguntza jaso dezake. Inbertsioek eta gastuek eremu hauetakoren batekin loturik egon beharko dute:

  • Hiriko txikizkako merkataritzan zirkulartasuna aktibatuko duten ekintzak garatzera eta inplementatzera bideratutako ekimen esperimentalak: prototipoak, demoak pilotuak, saiakuntzak, eta abar.
  • Teknologia berriak eta aplikazioak garatzea hondakinen murrizketa eta tratamendua ez ezik konponketak ere balioztatzeko eta kudeatzeko.
  • Sentsibilizazio planak, sektorean ekonomia zirkularra hedatzeko eta sustatzeko ekitaldiak.

Donostia Sustapenak hiriko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko abian jartzen duen ekimenetako bat da. Ildo horretan, haren apustuak dira sektorearen dibertsifikazioa, berrikuntzari eta ezagutzan intentsiboak diren sektoreei laguntzea, eta hiriaren aberastasunerako, enplegurako eta posizionamendurako erabakigarriak diren sektoreak eraldatzea eta egokitzea kudeaketa eta kontsumo paradigma eta eredu berrietara.