- Guztira 650.000 eurotik gora inbertituko dira langabetuak askotariko udal proiektuetan aldi baterako kontratatzeko.
- Halaber, Donostiako 76 langabeturen kontratazio mugagabea sustatuko da, 11.000 euroraino hel daitezkeen laguntzekin.
Enplegua Sustatzeko Lanbideren Tokiko Ekintza Planaren esparruan, Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, 1.210.544€-ko partida bat dauka, Donostiako langabetuak aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzeko.
Planaren xedea da hiriko langabetuen lan aukerak hobetzea, batez ere zailtasun handienak dituztenenak: 35 urtetik beherakoak, 55 urtetik gorakoak, emakumeak eta DSBE edo BGDS laguntzen titularrak edo onuradunak diren iraupen luzeko langabeak.
Bestalde, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek adierazi duenez, «Udalak, beste erakunde batzuekin batera, konpromisoa du langabezian dauden eta merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten donostiarren lan-egoera hobetzeko. Lana bilatzen lagundu behar diegu, funtsezkoa baita garapen pertsonalerako eta gizarte kohesiorako. Zehazki, programa hau emakumeentzat, gazteentzat eta 55 urtetik gorakoentzat da, lan merkatuan erronka gehiago dituztelako».
Helburua da 133 kontratu sinatzea, iaz baino 4 gehiago. Kontratu horietatik 57 udal proiektuetan aldi baterako kontratazioak egiteko izango dira, eta beste 76, berriz, enpresei langabetuak modu mugagabean kontratatzeko laguntzak emateko.
UDAL ENPLEGUAREN SUSTAPENA
Askotariko udal departamentuekin lotutako aukera horiek datozen egunetan argitaratuko dira eta, guztira, 662.857,69 €-ko aurrekontua dute. Laguntzon helburua langabezian dauden donostiarren enplegagarritasuna hobetzea da eta, horretarako, 3 eta 6 hilabete bitartean askotariko udal proiektuetan txertatu nahi dira, haien garapen pertsonala eta profesionala bultzatze aldera.
Hala, udal proiektuotan parte hartuko duten 57 langabeetatik 37 Udalak kontratatuko ditu zuzenean. Donostia Sustapenarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, Gureak Garbitasuna enpresak beste 18 pertsona kontratatuko ditu, 5 hilabete eta astebeteko aldiaz, udal instalazioen mantentze lanetarako, eta beste 2 pertsonak UBAren Aterpe-Eskola proiektuan parte hartuko dute 4 hilabetez.
Hirian erroldatuta dauden interesdunek langabezian egon behar dute, eta Lanbiden alta emanda.
KONTRATAZIORAKO LAGUNTZAK
Enpresentzako laguntzok 547.686,31€-ko aurrekontua dute, eta aukera emango dute 76 langabetu modu mugagabean kontratatzeko.
DSBE edo BGDS jasotzen duten pertsonak, 35 urtetik beherakoak, 55 urtetik gorakoak edo iraupen luzeko langabetuak kontratatzen dituzten enpresek 10.000 euro arteko laguntzak jasoko dituzte lanaldi osoko kontratuengatik, eta 5.000 eurokoak lanaldi erdikoengatik. Talde horietakoak ez diren pertsonak kontratatuz gero, enpresek 8.000 € arteko laguntza jasoko dute lanaldi osoko kontratuengatik, eta 4.000 € artekoa, lanaldi erdikoengatik.
Laguntzen zenbatekoa % 10 handituko da kontratatutako pertsona emakumea bada.
Plana Donostia Sustapenak enplegua sortzeko politikak bultzatzeko egin duen apustuaren esparruan dago. 2023an, 2 milioi euro inguru inbertitu ziren kontratazioa eta enplegu sorkuntza bultzatzeko programetan, zenbait erakunderekin lankidetzan.
Informazio guztia dagoeneko eskuragarri dago Lanbideren web-orrian eta www.fomentosansebastian.eus gunean.