• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia 2026ko Berrikuntzaren Europako Hiriburua izatetik hurbilago

Donostia 2026ko Berrikuntzaren Europako Hiriburua izatetik hurbilago

  • Beste bi proposamen finalistak Nikosia (Zipre) eta Aalborg (Danimarka) dira eta hiri irabazlea abenduaren 4an egingo den ekitaldian iragarriko da, Turinen, egungo Berrikuntzaren Europako Hirian.

Donostiak, Donostia Sustapenaren eskutik, Europako Berrikuntzaren Kontseiluak ematen duen errekonozimendu handiena lortu dezake: 2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izatea. Urtero, Europako ehunka hirik aurkezten dituzte beren proposamenak aldaketa eraldatzailea bultzatzeko helburuarekin herritarrak, erakunde akademikoak, enpresak eta agintaritza publikoak konektatzen dituzten hiriguneak goraipatzen dituzten iCapital sarietara.

Sariak bi kategoriatan banatzen dira:

  • “Berrikuntzaren Europako Hiriburua” kategoria, gutxienez ere 250.000 biztanle dituzten hiriei zuzendua. Irabazleak 1 milioi euro jasotzen ditu, eta bi finalistek, ehun mila euro bakoitzak.
  • “Europako hiri emergente eta berritzailea” kategoria, 50.000 eta 249.999 biztanle arteko hiriei zuzendua. Irabazleak milioi erdi euro jasotzen ditu, eta bi finalistek, berrogeita hamar mila euro bakoitzak.

Donostiak uztailean aurkeztu zuen bere hautagaitza “Europako hiri emergente eta berritzailea” kategorian, Connecting for Impact (Inpaktua sortzeko konektatzea) lelopean, eta aurkeztu ziren hautagaitza guztien artean aukeratu diren sei finalistetako bat da. Donostia Sustapeneko ordezkariek proposamena telematikoki defendatu zuten Europako Batzordeko adituen batzorde baten aurrean, EKINNen, joan den irailaren 26an.

Donostia hiru finalisten artean dago, Zipreko Nikosia hiriarekin eta Danimarkako Aalborg hiriarekin batera. 2026ko Europako Hiriburua datorren abenduaren 4an egingo den ekitaldian iragarriko da, Turinen, egungo Berrikuntzaren Europako Hiriburuan.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ustez, "gure hiria hiru finalistetako bat izatea, zientzia, berrikuntza eta hiri-garapeneko hiri gisa etxeko lanak ondo egiten ari garela baieztatzea da. Ekosistema sendo bat eraiki dugu urteetan zehar — arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzarekin, ikerketa-zentroekin, ekintzaileekin eta konprometitutako udal-politikekin —, eta orain ikusten dugu horrek emaitza aitortuak ematen dituela gure mugetatik kanpo. Hori ez litzateke posible izango errealitate hori posible egin duten pertsona guztien lana eta lankidetza gabe: ikertzaileak, enpresak, unibertsitateak eta herritarrak ".

Gobernantza jardunetan esperimentazioa txertatzen duten eta teknologiaren mugak herritarren mesederako zabaltzen dituzten Europako hiriak saritzen dira lehiaketan.

Kalkuluen arabera, Europan, biztanleriaren ia % 85 hirietan biziko da 2050erako. Zerbitzuen eskariaren eta baliabideen kontsumoaren gorakada horri erantzuteko gaitasuna funtsezkoa izango da hirien jasangarritasuna eta erresilientzia bermatzeko.

Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko zuzendari gerenteak eskerrak eman dizkie "proposamenaren prestaketan eta hautagaitzaren defentsan parte hartu duten tokiko berrikuntza-eragileei". Halaber, adierazi duenez, "Berrikuntzaren Europako Hiriburua izateak tokiko ekosistemari ikusgarritasun handiagoa ematea ahalbidetuko luke, hiriak berrikuntza-plataforma gisa duen papera indartuko duten konexio, lankidetza eta proiektu berriak bultzatuz".

Gero eta gehiago dira berrikuntzaren saiakuntza banku moduan jarduten duten eta gizartearen erronkei aurre egiteko herritarren ekimenak abian jartzen dituzten hiriak, besteak beste, klima aldaketaren, digitalizazioaren, hazkunde jasangarriaren edo gizarte kohesioaren alorretan. Hiriak etorkizun hobea lortzeko berritzen dira, prozesuan demokrazia eta herritarren eskubideak sendoago eginez.

Aurtengoa iCapital sarien 11. urteurrena izango da. 2014an eman zen lehenengoz saria. Berrikuntzaren Europako Hiriburu izan diren irabazleen artean daude, besteak beste, Bartzelona (2014), Amsterdam (2016), Paris (2017), Atenas (2018), Nantes (2019), Lovaina (2020), Dortmund (2021), Aix-Marseille Provence Metropole (2022), Lisboa (2023) eta Turin (2024-25). Hiri emergente eta berritzaileen kategorian, Vantaa (2021), Haarlem (2022), Linköping (2023) eta Braga (2024-25) izan dira irabazle, besteak beste.

iCapital sarien moduko deialdietara aurkeztea da hiria berrikuntzaren nazioarteko hub bihurtzeko ahaleginean Donostia Sustapenak jarraitzen duen estrategiaren ildoetako bat.