- Donostia Sustapena sozietatea urtebetez aritu da kudeatzen, azokaren etapa berria sendotuko duten obrak, lizitazioak eta kontratuak abian jarrita.
- Obren lizitazioarekin ekingo zaio azoka behin betiko berritzeko azken faseari, eta datorren urteko udazkenean irekiko dira azoka berriaren ateak.
Bretxak bere suspertze prozesuan aurrera jarraitzen du, Donostia Sustapenaren zuzeneko kudeaketari esker. Urtebete luzez emakidaren buru izan ondoren, udal erakundeak prozesu osoaren funtzionamendua sendotu du, errentariekin kontratuak negoziatuz, obra eta lizitazio berriak bultzatuz, eta jarduera komertziala, prestakuntza, berrikuntza eta gastronomia uztartuko dituen etorkizuneko Bretxako Azoka Berriaren oinarriak ezarriz, espazioaren izaera publiko eta soziala azpimarratzearekin batera.
Urtebete merkatua kudeatu eta biziberritzeko
2024ko irailaz geroztik, Donostia Sustapenak kudeatzen du Bretxa, Udalak esleitu zion emakidari esker. 14 hilabete horietan, ekipamenduaren kudeaketa integrala behar bezala finkatu da, lehendik zeuden zerbitzuak erregularizatu dira eta funtsezko zerbitzuak kontratatu dira, hala nola garbiketa, zaintza, mantentze lanak, hondakinen kudeaketa, aseguruak edo hornidurak. Egin diren konponketarik premiazkoenen artean daude azokako eskailera mekanikoak, ur beltzak ponpatzeko sistema, suteak itzaltzeko sistema prest jartzea edo segurtasun kamerak. Horrez gain, eraikinek behar zituzten mantentze lanak egin dira, zentroaren erabilera araudia eguneratu da eta barne prozedura operatiboak hobetu dira
Era berean, etengabeko presentzia teknikoa ziurtatu da, azokaren kudeaketa bermatzeko eta errentari eta okupatzaileekin etengabeko elkarrizketa izan ahal izateko, ematen diren zerbitzuen mesedetan
Ane Oyarbide Donostiako Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak nabarmendu duenez, "merkatuaren eta konplexu osoaren kudeaketa gidatzen ari gara, funtzionamendu egokia bermatuz eta hemen lan egiten duten finkatzaileei eta gainerako profesionalei konfiantza eta ziurtasuna eskainiz, beren negozioak erraztasun guztiekin garatu ahal izan ditzaten. Era berean, kontsumitzaileek bizitza osoko merkatuaz gozatzen jarraitu ahal izatea lortzen ari gara, obren aldi horrek dakartzan eraginak minimizatuz".

Obrak abian eta mugarri berria: Arrandegia eraikina eraberritzea
Azken urteko jarduketa garrantzitsuenen artean aipatzekoa da joan den uztailean amaitu zen Arkoak eraikineko tunela egokitzeko obra, 615.000 euroko inbertsioa izan zuena eta gimnasio berria irekitzeko aukera eman zuena. Era berean, plazara ematen duen Arkoak eraikinaren iparraldeko fatxadan, esku hartze bat garatzen ari da ere, 545.000 euroko kostu zenbatetsiarekin eta azaroaren amaieran amaituko dena.
Hurrengo mugarria Arrandegia eraikineko obren lizitazioa da. Gaur onartu du Donostia Sustapeneko Administrazio Kontseiluak, 11,7 milioi euroko aurrekontuarekin. Jarduketa horrekin osatuko da multzoosoaren berrikuntza integrala, eta azokaren osaera berriak barne hartuko ditu sotoko solairuetatik datozen handizkariak eta baserritarrentzako postu berrituak. Aurrerago, proiektu horri lehen solairuaren egokitzapena ere gehituko zaio, azokari lotutako jarduera lagungarrietarako aukera gune batekin. Horren proiektua idazketa prozesuan dago momentu honetan.
Oyarbidek gogorarazi duenez, "proiektu konplexua da, lan handia eta zorrotza eskatzen duena. Baina urrats sendoz egiten du aurrera, ibilbide-orri argi batekin, espazio historiko horren berreskuratze integralarekin amaituko dena, hiriari Bretxako merkatu modernoago, hurbilago eta irisgarriago bat itzuliz, bere izaera tradizionala galdu gabe. Era berean, hiriaren bihotzerako motor ekonomiko eta soziala izango da ".
Bost fase Bretxa biziberritu eta suspertzeko
Arrandegia proiektua bost fasetan garatuko da, multzoa pixkanaka eraldatzeko eta Bretxako plaza herritarrei itzultzeko.
Lehenengoa plazatik datorren sarbide berriaren ingurukoa izango da, egungo “tupper”-eko sarrera ordezkatu eta eraikina gimnasioarekin, Lidl lokala izango denarekin eta Bulebarreko aparkalekurako korridorearekin lotuz. Bigarren faseak merkatu berria gaituko du behe solairuan, handizkariei erreserbatutako 25 posturekin. Arrandegietarako gune bat eta baserritarrentzako eta bertako produktuentzako beste gune bat bereiziko dira.
Hurrengo faseetan, plaza estali eta urbanizazio berria emango zaio, kioskoak tokiz aldatuko dira, argiztapena hobetuko da eta hiri loturak berrituko dira. Azkenik, sotoa Lidl supermerkatuaren kokaleku berria izango da, eta hor egongo dira ere azokarako bodegak, zerbitzuak eta instalazio orokorrak, Iñigo kaletik egingo den zamalanetarako sarbide berri batekin.
Hau da obretarako aurreikusi den egutegia:
- Plazako sarbidea, kristalezko kuboa: hiru hilabete, 2026ko erdialdera arte.
- Azoka solairua: sei obra hilabete, 2026ko udazkenera arte.
- “Tupper”-plaza eremua: hiru hilabete, 2027 hasierara arte.
- Sotoa: zortzi hilabete, 2027ko udazkenera arte. Aldi berean, Lidl supermerkatuak bere obra pribatua egingo du, azalera zabaltzeko, eta 2027ko udazkenerako bukatuko du ere.
Lehenengo solairuan egongo den “Aukera Gunea” delakoaren egikaritze proiektua idazketa fasean dago une honetan eta 2026ko hasierarako egongo da prest. Proiektua onartu ondoren, obra lizitatzeari ekingo zaio.
Kontratuak erregularizatzea eta errentariekiko lankidetza
Donostia Sustapenak dagoeneko sinatu ditu kontratuak Arkoak eraikineko errentariekin eta sotoko errentariekin, besteak beste, Arenal, Forum Sport, McDonald’s, Miniso, Sicos, Fitness Park eta Lidl. Aldi berean, tupper-plazako kioskoekin negoziatzen aritu da kokaleku berria adosteko, eta Handizkarien Elkartearekin ere bai, azokako postu berrien espazioak, ekipamenduak eta baldintzak zehazteko.
Donostia Sustapeneko Kontseiluak negoziazio esparru bat onartu zuen, emakidaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu eta zerbitzuen garapen zuzenerako beharrezkoak diren baldintzak bermatzeko, eta baita espazioen osaera homogeneoa lortzeko ere.
Baldintzak eta merkataritza harremana homogeneizatzeko onartu diren irizpide horiekin batera zehaztu dira kontratu eredua, azoka esparruko errenten eguneraketa eta gastuen doikuntza, kontratuen iraunaldia, nahitaezko epeak eta irteteko aurreabisu epeak eta lagapen, eskualdaketa eta esklusibitate eskubideen berrikusketa. Horiek guztiak onartu ondoren, kontratuak sinatu dira Arkoak eraikineko errentariekin.

Azoka berritua eta izaera sozialeko gunea
Etorkizuneko Bretxa Azokak lau sarrera nagusi izango ditu (Bretxako plaza, Aldamar kalea, San Juan kalea eta Iñigo kalea), eta eremu bereiziak handizkarientzat, arrandegientzat eta baserritarrentzat. Sotoan kokatuko dira biltegiak, lantegiak eta zerbitzu osagarriak.
Lehen solairuan, erabilera mistoko gune bat egongo da, azokari zerbitzuak emateko, eta baita tokiko produktuarekin eta azoka tradizionalarekin zerikusia duten ekitaldiak dinamizatzeko eta lanbideen inguruko prestakuntza emateko beste gune bat. "Azken batean, balio anitzeko espazio bat izango da, inpaktu sozialeko proiektu baten zati gisa sortua, eta aukerak sortuko ditu hainbat arlotan, hala nola prestakuntzan, enpleguan eta ekintzailetzan. Eta hori guztia tokiko produktuari eta gastronomiari balioa emanez, finkatzaileen, sukaldarien, ekintzaileen, erakundeen eta herritarren artean sinergiak sortuz ", gaineratu du Oyarbidek.
Azokak terrazozko zoru jarraitua eta lamaz egindako sabai beltza izango ditu. Handizkarien postuek marmola izango dute azpialdean, bitrinak eta akabera herdoilgaitzezko gainaldeak, egurrezko manparez gain.
Hiri proiektua
Bretxa berreskuratzea konpromiso baten adierazpena da, Donostiako Sustapenaren bidez Udalak auzoarentzat eta hiriarentzat funtsezkoa den ekipamendu bat berreskuratzeko hartu duen konpromisoarena, hain zuzen, eta ekipamendu horrek kulturaren, tokiko produktuaren eta talentuaren alde egitea dakarrena. Horrela, aukera gune bihurtuko da azoka hiriarentzat, eta tokiko ekonomia, gizarte kohesioa eta hiriaren harrotasuna indartuko ditu.
Arrandegia eraikineko obrak abian jartzearekin eta Aukera Gunea bultzatzearekin batera, proiektua amaierako fasean sartuko da. Hor definituko da azokaren eginkizun berria, topagune, dinamizatzaile ekonomiko eta herritarren erreferente moduan, historia, komunitatea eta etorkizuna uztartzen dituen proiektu publiko honi balioa emanez.
Proiektua Donostiako Udaleko Obra eta Proiektu sailarekin koordinatuta eta sail horren ezinbesteko laguntzarekin gauzatzen ari da.