Iñigo Olaizola, Donosta Sustapeneko Zuzendari Orokorra. Juanjo Etxeberria, Deustuko Unibertsitateko Errektorea. Ane Oyarbide, Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotzozia. Xabier Riezu, Kanpuseko errektoreordea.
- Donostiako gazteen artean prestakuntzarako eta garapen profesionalerako aukerak sortzera bideratuta dagoen hitzarmen bat izenpetu berri dute Donostia Sustapenak eta Deustuko Unibertsitateak.
- Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak eta Juanjo Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak akordioa sinatu dute gaur Donostian.
Donostia Sustapenak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dute datozen bi urteetarako. Talentu gaztea erakartzea eta bokazio berriak, ekintzailetza, berrikuntza, ikerketa eta transferentzia teknologikoa garatzea dira hitzarmen berriaren helburu nagusiak. Donostiako Unibertsitateko campusean konpromisoa sinatuz itxi dute akordioa bi erakundeek.
Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi eta Donostia Sustapeneko ordezkari dugun Ane Oyarbideren hitzetan, "hiriko hezkuntzaren esparruan funtsezkoa den erakunde batekin azken urteetan landu dugun espazio bat sortzeko aukera izango dugu akordio berriari esker. Gainera, gure udal sozietate publikoak gazteekin konektatzeko guneak sortzearen alde egiten duen lana indartu egiten du horrek; azken finean, gazteak dira gure aktibo nagusia, eta, horregatik, lagundu egin behar diegu profesionalki garatzen eta gure hiriko erronken konponbideetan inplikatzen".
Donostiako belaunaldi berriei ekintzailetza-proiektuetan laguntzeko estrategiaren ildotik, Donostia Sustapenarentzat funtsezkoa da enplegu-, prestakuntza- eta etxebizitza-aukerak eskaintzea, modu pertsonalizatuan eta hiriaren berrikuntza-ekosistemako eragileekin lankidetzan eskaini ere. 2023an, Udal Elkartea ia 2.000 gazterekin aritu zen lanean berrikuntzaren eta ekintzailetzaren esparruetan, sentsibilizazio eta prestakuntza jarduerak lantzen.
Juan Jose Etxeberria errektoreak nabarmendu duenez, "unibertsitateak funtsezko eragileak dira hirien eta lurraldeen garapen sozioekonomikorako. Deustuko Unibertsitateak bere ekarpena egiten jarraituko du Donostia ezagutzaren, zientziaren eta berrikuntzaren hiria izan dadin; eta enpresei eta gizarteari laguntzen jarraituko du ezagutza transferituz eta talentua erakarriz eta trebatuz ". Errektorearen ustez, sinatutako hitzarmenak "gaur egungo lankidetzak sendotuko ditu eta elkarrekin proiektu berriak aurrera eramaten lagunduko du, bereziki STEAM bokazioen sustapenean, ekintzailetzan, berrikuntzan eta talentuan".
Bestalde, Deustuko Unibertsitateak 2023-2026 Plan Estrategikoan honako hau seinalatzen du aukera estrategiko gisa: "Erronka sozialei erantzuteko beharrezkoa da, gero eta gehiago, gizarte, ekonomia eta kulturaren arloko hainbat eragilerekin elkarlanean aritzea, eta hor, unibertsitateak ere dagokion zeregina bete behar du. Plan estrategiko horretan, gizartean eragina izango duten proiektuak jaso dira, hala nola enplegagarritasuna, ekintzailetza eta berrikuntza, batez ere prestakuntza eta ikerketa oinarri hartuta.
Bi erakundeek sinatutako hitzarmenak hainbat konpromiso zehazten ditu 6 arlo hauetan:
- Talentua erakartzea eta garatzea (talentu gaztearen identifikazioa, laguntza eta fidelizazioa ahalbidetuko dituzten tresnak elkarrekin garatzeko konpromisoarekin).
- Gaitasunak garatzea (STEAM bokazio berrietan eta profil kualifikatuen trebakuntzan interesa sorrarazteko helburuarekin).
- Ekintzailetza (hirian ekintzailetza-proiektu berriak sustatzen dituzten jarduerekin eta programekin lankidetzan arituz).
- Ikerketa eta Transferentzia Teknologikoa (tokiko enpresa-sarearen garapen jasangarria eta lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin).
- Ezagutza herritarren artean zabaltzearen alde batera egitea (Donostia Zientziaren eta Berrikuntzaren hiri gisa indartuz eta proiektatuz).
- Hiri proiektuetan elkarlana bultzatzea (Donostiar guztien bizi kalitatea hobetzeko xedez).
Jardunaldian, Ane Oyarbidek eta Juanjo Etxeberriak, Xabier Riezu campuseko errektoreordea eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerentea lagun zituztela, "Innogune" eraikina, "Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentroa" eta "Advanced Research Center" bisitatzeko parada izan dute; izan ere, honelako aukera-gune batean, unibertsitate komunitateak ezagutza aurreratua inplementatu dezake, Gipuzkoako gizartearen eta dagokion jardun-eremuaren garapen sozioekonomikoan lagun dezaketen ekimen berritzaileen bidez.