• Etxea
  • Azken ordua
  • ‘Ilargi Guztiak-Todas las lunas’, Bizkaian, Nafarroan eta Gipuzkoan filmatuak, irabazi du X. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria

‘Ilargi Guztiak-Todas las lunas’, Bizkaian, Nafarroan eta Gipuzkoan filmatuak, irabazi du X. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria

(Marta Etura, Ágatha Ruiz de la Prada, Marisol Garmendia, Ekonomia Suspetzeko zinegotzia, Igor Legarreta, ‘Ilargi Guztiak’ zuzendaria, María José Telleria, Gipuzkoako Aldundiaren Kultura zuzendaria, Ibon Cormenzana eta Ignasi Estape, Arcadi Motion Pictures, Ana Aizpuru, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission, Koldo Zuazua, Kowalski Films, Agustín Atxa, Bilbao Bizkaia Film Commission y Sara Sevilla, Navarra Film Commission)

‘Ilargi Guztiak-Todas las lunas’ fantasiazko kontakizuna, Igor Legarretak zuzendua eta Euskadin eta Nafarroan filmatua, aukeratu du epaimahaiak X. San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariaren irabazle gisa. Epaimahaiko kideak izan dira Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria, Marta Etura aktorea, Gorka Otxoa aktorea, Ágatha Ruiz de la Prada diseinatzailea eta Benito Zambrano zuzendaria.

Pelikula egiteko Bilbao-Bizkaia Film Commission, Navarra Film Commission, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission eta Vitoria-Gasteiz Film Office elkarteen lankidetza izan da. Pelikulak modu zoragarrian erakusten ditu filmatu zen tokietako basoak, mendiak, haitzuloak, belardiak, itsaslabarrak, bailarak, errekak, ur jauziak eta lakuak, eta erakusketa hori funtsezko elementua izan da saria emateko orduan.Baita euskal kulturaren eta mitologiaren indarra aprobetxatzeko modua ere, herririk ezkutuenen bidez.Saria zuzendariak jaso du, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission bulegoak (Donostia Sustapena) antolaturiko ekitaldi batean. Ekitaldi hori Donostiako María Cristina Hotelean egin da.Sariak 7.000 euroko zuzkidura du pelikularen ekoiztetxearentzat, eta 3.000 eurokoa laguntzaile izan diren Film Commissionentzat.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak hau adierazi zuen sari-ematean: “sari honekin dugun helburua da Film Commission hauen lana aitortzea, filmaketak kudeatzeko orduan ezinbesteko eragileak baitira. Profesionalen lana izugarri errazten dute, bai kanpoko eta barneko agertokiak modu eraginkorrean antzemanez, bai eta bide publikoa okupatzeko baimenak eta beste administrazio izapide batzuk azkar bideratzeko sistemen bidez ere.Aurten bost pelikula izan dira finalista, eta epaimahaiak filmatu ziren tokiaren balioak zer modutan islatzen dituzten baloratu du.Hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu Film Commission hauei, sari honetara aurkeztu direlako, eta zorionak eman nahi dizkiogu pelikula irabazleari”.

Mari Jose Telleriak, Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak, hau adierazi zuen: “Foru Aldundiko Kultura Departamentuan oso garrantzitsua iruditzen zaigu ekoizpen handiak Gipuzkoara etorri ahal izatea filmaketak grabatzera; izan ere, modu horretan, lurraldeko profesionalen lan aukerak hobetzen laguntzen dugu. Bestalde, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissioni esker, ekimenak zabaltzen eta proiektuak sustatzen lagundu dezakegu”.

Aurten hamargarren ediziora iritsi den San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariaren helburua da ikus-entzunezkoen ekoiztetxeen lana aitortzea, izan ere, beraien filmaketekin negozio aukerak eta enplegua sortzen dituzte produkzioen agertoki bihurtzen diren hirietan. Sarituak izango dira filmatu diren tokietako hiri balioak, paisaia balioak, kultura balioak eta balio sozialak hobekien islatzen dituzten fikziozko film luzeak.

Aurten saritu den pelikularen zuzendariak, Igor Legarretak, hau azpimarratu zuen: “pelikula filmatzeko aukeraturiko inguruak benetako bigarren mailako pertsonaiak dira. Kokalekuek agertokiak aberasten dituzte eta kontakizunari kutsu magikoa ematen diote, eta, horrez gain, haitzuloei, mendiei eta basoei esker hobeto ulertzen dugu pertsonaien mapa emozionala eta haiek munduan duten tokia”.

Pelikula euskaraz filmatuta dago erabat. 2020ko otsailaren 17an hasi zen Gipuzkoako Mutriku herrian, baina eten egin zen pandemia garaiko konfinamenduaren ondorioz. Berriro ekin zitzaionean, Gipuzkoako (Mutriku, Gaintza, Artikutza, Zizurkil), Bizkaiko (Orozko, Gallarta, Erandio) eta Nafarroako (Erratzu, Urbasa eta Leurtzako urtegiak) hainbat kokalekutan garatu zen.

Aurtengo epaimahaian parte hartu duten kideak izan dira Javier Aguirresarobe argazki zuzendaria, Marta Etura aktorea, Gorka Otxoa aktorea, Ágatha Ruiz de la Prada diseinatzailea eta Benito Zambrano zine zuzendaria. Edizio honetara nazioko ekoiztetxeek aurkeztu dituzte beren fikziozko film luzeen proposamenak. Ekoiztetxe horiek beren produkzioen edo koprodukzioen zati bat nazio lurraldean garatu dute, eta estatuko Film Commission baten laguntza egiaztatua izan dute. 29 pelikulak egin dute parte hartzeko eskaera, eta bost izan dira San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission saria lortzeko izendaturiko finalistak. Sarirako lehian aritu diren pelikulak hauek izan dira aurten:

  • ‘Baby’, Juanma Bajo Ulloarena.Vitoria-Gasteiz Film Office-ekin lankidetzan filmatua.
  • ‘Ilargi Guztiak’, Igor Legarretarena.Bilbao Bizkaia Film Commission, Navarra Film Commission, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission eta Vitoria-Gasteiz Film Office-ekin batera lankidetzarekin filmatua.
  • ‘Nieva en Benidorm’, Isabel Coixetena.Benidorm Film Office-ekin lankidetzarekin filmatua.
  • ‘Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas’, Iván Ruiz Floresena.Vitoria-Gasteiz Film Office-ekin lankidetzan filmatua.
  • ‘Salir del ropero’, Ángeles Reinerena.Lanzarote Film Commission-ekin lankidetzan filmatua.

Ikus-entzunezkoen industria hiriaren eta Gipuzkoako lurraldearen eragile ekonomiko gisa sustatzen duen estrategiaren barnean kokatzen da sari hau. Estrategia hori bultzatzen du Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuarekin batera. 2019ko San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Saria ‘O que arde’ pelikulak jaso zuen. Pelikula Oliver Laxe galiziar zuzendariarena da, eta Asturias Paraíso Natural Film Commission-ekin lankidetzarekin filmatu zen. Aurreko edizioetan, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission Sariak epaimahaiko kide hauek izan ditu: Oscar Jaenada, Mitxel Gaztambide, Pablo Malo, Natalia Verbeke, Goya Toledo eta José María Goenaga.

San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission 2018an sortu zen, baina 2003tik ere bazegoen, San Sebastian Film Commission gisa. Erronka nagusia du Donostia eta Gipuzkoako lurralde osoa sustatzea, filmaketak egiteko kokapen ezin hobe gisa, nazioko eta nazioarteko ikus-entzunezkoen industriaren esparruan, xede izanik tokiko ikus-entzunezkoen sektorea eta sektore digitala zabaltzea eta garatzea.