Donostia Sustapenak topaketa hau antolatu du aurtengo enpresa-proiektu berritzaileak bizkortzeko programan parte hartuko duten 23 startup berriak aurkezteko.
Donostia Sustapenaren Ekin+ programan azken urteetan proiektu berritzaileekin parte hartu duten pertsona ekintzaileen arteko topagune izan da Talen House gaur. 2014tik aurrera, start upen azelerazio programa honek izaera berritzailea zuten Donostiako 126 enpresa-ekimen babestu ditu.
Edizio berri honetan 23 proiektu aukeratu dira eta jarduera intentsiboak 4.0 Industriara eta IKTetara bideratuta daude ( % 52) Bio-osasuna (% 35), energia (% 9). 23 startup parte hartzaileetatik 10ek dute emakume bat buru, eta proiektu guztien % 13 zentro teknologikoen spin-offak dira. Ia gehienek unibertsitate ikasketak dituzte, eta % 39k 35 urte baino gutxiago dute.
Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotziaren esanetan, "Ekin+ ekimenean parte hartzen duten pertsona guztien artean komunitate ekintzaile bat – orain eta bihar– sortzeko aukera paregabea da. Halaber, hiriaren ekosistema ekintzailea, hain dinamikoa eta kualifikatua dena, aberasteko aukera polita ere bada, pertsonen eta beren proiektuen arteko lankidetza, elkar ezagutza eta sinergiak errazte aldera."
EKIN+ programak 10 hilabeteko iraupena du, eta banakako laguntza eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du proiektuarentzat interesgarriak diren hainbat arlotan. Gehienez 5 urteko antzinatasuna duten eta Donostian sektore anitzeko proiektu berritzaileetan diharduten ekintzaileei eta/edo start up-ei zuzenduta dago. Ekin+Salud enpresaren kasuan, ISS Biodonostiarekin lankidetzan, denbora hori 7 urtera luzatzen da.
EKIN+ adituen sare batez osatzen da, finantza planetik hasi eta jabetza intelektualera edo merkatura lurreratzera arte joan daitezkeen hainbat alderdi garatzeko. Potentzial handiko enpresa-komunitate batek osatutako sare hau Donostia Sustapeneko Taldearekin koordinatzen da, bai eta programan modu intentsiboan laguntzen duten eragileekin ere.
Oro har, Donostia Sustapenak Ekin + programan parte hartu duten proiektuak 3 milioi eurorekin lagundu ditu. Gainera, Ekin+ ekimenean parte hartzeak Elkargiren abal funtsetarako sarbidea ematen du (funts horrek, edizio honetan,zazpi eragiketa onartu ditu, guztira 520.000 euroko finantzaketarekin). Proiektu bakoitzeko finantzaketa, batez beste, 75.000 eurokoa izan da. 2016az geroztik, 24 eragiketa izan dira laguntza horien onuradun, denera 1,6 milioi eurorekin.
Iaz, Donostia Sustapenaren Ekin+ programak puntuazio markak hautsi zituen Estatuko Neotec laguntzetan. CDTIk bultzatuta, dirulaguntzen programa honen 2022ko deialdian onartutako 115 enpresa-proiektuen % 2,52 gure hiritik zetorren. Kopuru absolutuetan, horrek esan nahi du Donostiako 11 proiektu aurkeztu direla eta horietatik bost (% 45 baino gehiago) onartu direla. Haiek guztiak Donostia Sustapenaren EKIN+ start upen azelerazio programaren parte dira edo izan dira.
Horien artean Nuuk Technologies dago, Estatu osoko puntuaziorik altuena lortu zuena. Ekin+ en parte hartutako beste bi proiektu (Ecomagnet eta Polikey Polimers) deialdiko hamar puntuatuenen artean daude.
Ekintzailetza Donostia Sustapenaren estrategiaren ardatz nagusietako bat da, eta Ekin+ programa, haren jarduera ildo nagusia. Ekitaldi honek aurreko edizioari amaiera emateko eta ekintzaile berriei eta haien proiektuei ongietorria emateko balio izan du.