• Etxea
  • Azken ordua
  • DSS Market Plazak "eskolara itzulera" arindu du, 25 eurorainoko deskontuekin Donostiako saltokietan

DSS Market Plazak "eskolara itzulera" arindu du, 25 eurorainoko deskontuekin Donostiako saltokietan

DSS Market Plaza (www.dssmarketplaza.eus) online salmentaren eta zerbitzuen plataforma digitalak, Donostiako merkatari txikikariak biltzen dituenak, eskaintzen kanpaina bat abiarazi du ‘Eskolara itzulera’ errazteko. Eskaintza horretan 400 produktu baino gehiago daude, eta herritarrek deskontu handiekin eskura ditzakete horiek. 30 euro baino gehiagoko erosketen kasuan (erosketa bat pertsonako), 20 euroko hobaria aplikatzen da automatikoki. Horri % 10eko deskontua gehitu behar zaio (produktu bakoitzeko 5 euro gehienez); deskontu hori jada aplikatuta dago webeko prezioetan, ‘Eskolara itzulera’ kanpainako gaietan. Erosketak irailaren 9a eta urriaren 9a bitartean egin daitezke webean. ‘Lehenengo erosketa’ sustapenaren onuradun izan ziren pertsonek aukera dute hobaria duen bigarren erosketa bat egiteko.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak honakoa adierazi zuen: “Donostiako Sustapenak DSS Market Plaza plataforman parte hartzen duten tokiko saltokiei deia egin die ‘Eskolara itzulerarekin’ loturiko produktuen aukeraketa bat egin dezaten eta produktu horiek herritarren esku jar ditzaten. Horien salmenta sustatuko dugu, 20 euro baino gehiagoko zenbatekoekin.Ekintza honek helburu bikoitza du:alde batetik, tokiko ekonomia berpiztea eta tokiko saltokiak babestea.Eta, gainera, herritarrei laguntza ematen diegu, egun hauetan izaten diren gastuei aurre egin diezaieten.Duela gutxi estreinatu dugun DSS Market Plaza plataformaren bidez egiten dugu hau. Plataforma hori oso ondo dabil, eta, pixkanaka, Donostiako herritarren artean finkatzen ari da, tokiko saltokietan online erosteko tresna gisa”.

DSS Market Plaza proiektua sortu zen Donostiako merkataritza txikikariaren eraldaketa digitalari erantzuteko, eta helburu du sektorea indartzea kontsumo ohitura berrien aurrean.Web orria ekainean jarri zen herritarren eskura. Erakusleiho handi honetan parte hartzen duten saltokiek beren produktuak salmentan jartzen dituzte: 20 euroko deskontua duen sustapena dago, 30 euro baino gehiagoko lehenengo erosketa egiteko, etxera eramateko doako zerbitzuarekin.Irailaren 9tik aurrera, web orria bisitatzen dutenek erlaitz bat ikusiko dute, ‘Eskolara itzulera’ izenekoa. Bertan agertuko dira kanpaina honetarako aukeratu diren produktu guztiak; horiek % 10eko deskontuarekin eskainiko dira (prezioan sartuta), eta gehienez 5 euroko deskontua izango da produktuko.

Orain arte, plataforman hiriko 141 saltokik eman dute izena, sektore guztietakoek. Saltoki horiek aholkularitza eta prestakuntza jaso dute, beren produktua online plataforman salmentan jartzeko.2.570 produktu dituen katalogo oso bat eskaintzen dute, eta barnean sartzen dira ehun gaiak, teknologia, altzariak, dekorazioa, edertasun gaiak, etab. Orain arte 1.571 pertsonak eman dute izena plataforman; 1.378 produktu erosi dituzte, eginiko 762 erosketetan, eta horietako 212 etxera bidali ziren.Plataforman, 20 euroko deskontua zuen sustapena abiarazi zen, eginiko 30 euro baino gehiagoko erosketentzat. Sustapen hori indarrean dago oraindik ere.Gainera, eskuraturiko produktuak etxera eramateko zerbitzua doakoa da.

Ekimen honek bultzada bat ematen dio merkataritza sektorearen eraldaketa digitalari, eta profesionalek emaniko prestakuntza eta jarraipen zerbitzua du, saltokiei laguntza emateko beren ibilbide digitalean.Parte hartzen duten saltokiak edozein unetan sar daitezke ekimenean. Sare eta komunitate profesional baten parte bihurtzen dira, deskontu bonuen kanpainak eskura ditzakete, merkataritzako ekitaldietan parte har dezakete eta komunikazio eta publizitate kanpainetan sar daitezke.

Alta eman nahi duten saltokiek hona jo beharko dute: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.; bestela, telefono bidez harremanetan jar daitezke Donostia Sustapenarekin, 943 482800 telefonoan.