• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiako Sustapena sozietatearen ordezkariek Bartzelonako merkatu tradizionalak kudeatzeko ereduak ezagutu dituzte

Donostiako Sustapena sozietatearen ordezkariek Bartzelonako merkatu tradizionalak kudeatzeko ereduak ezagutu dituzte

Bisitaren helburua Kataluniako hiriburuko merkatu tradizionalek eskaintzen dituzten hainbat kudeaketa-eredu eta zerbitzu zuzenean ezagutzea izan da, Bretxako merkatuan ezarri ahal izateko.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko (Bretxako merkatua kudeatzeaz arduratzen den udal-sozietatea) zuzendari gerenteak Bartzelonako hainbat merkatu tradizional aztertu dituzte. Helburua izan da kudeaketa-eredu arrakastatsuak aztertzea, Bretxako Merkatuko espazioetan ezartzeko adibide gisa balio dezaketenak, bereziki Arrandegi eraikinean.

Bi egunez, Donostiako ordezkaritzak Kataluniako hiriburuko hiru merkatu bisitatu zituen: Mercat de Santa Caterina, Ciutat Vella barrutian, Mercat de Sant Antoni eta Mercat del Ninot, biak L 'Eixamplen.

Agendaren zati bat Bartzelonako Institut Municipal de Mercats eta Bartzelonako Federació de Mercats Municipals (FEMM) erakundeetako arduradunekin egindako bilerak izan ziren. Erakunde horiek hiriko udal-merkatuak kudeatzen dituzte. Esperientziak trukatzen parte hartu zuten adituen artean hauek daude: Eduard Escofet, FEMMeko presidentea; Màxim López, Bartzelonako Institut Municipal de Mercats erakundeko gerentea, eta Pere Sirvent, Bartzelonako Institut Municipal de Mercats erakundeko Merkatu eta Proiektu Estrategikoen zuzendaria.

Oyarbidek nabarmendu duenez, "Bretxako espazioen definizioa datozen hilabeteetan zehaztuko da, eta azterketa sakon baten emaitza izango da, sektoreko profesionalen eta adituen eskutik, herritarren beharrei erantzunez. Eta helburu argi batekin: Bretxa merkaturik onena bihurtzea, Alde Zaharrerako eta Donostiarako zerbitzurik onenekin".

Azken asteotan, urrats garrantzitsuak eman dira funtsezko gaietan, hala nola obren eta kontratuen kudeaketan baita merkatu ereduen azterketan ere. Ekintza horiek, Bartzelonakoak bezalako ikasketa bisitekin batera, ezarri beharreko zerbitzurik onenak definitzea ahalbidetuko dute.

Ekimen hori Donostia Sustapenak Bretxako Merkaturako kudeaketa eredu bat ezartzeko eta haren erakargarritasuna eta lehiakortasuna indartuko dituen erreferentziazko merkatu eredu berri bat garatzeko hartutako konpromisoaren parte da.