651 enplegu eta 181 enpresa berri sortzea ekarri zuen planak.
Donostiako Udalak 8,5 milioi euro inguru jarri zituen 2021ean hiriko ekonomiari bultz egiteko, Hiriaren Ekonomia Suspertzeko Planaren bidez.
Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendia sozialistak adierazi du “bereziki esanguratsuak eta onak direla planaren balantzeak ematen dituen datuak; 181 enpresa berri sortu eta gehienek (10etik 9k) hasitako jarduerari eusten diotelako, batetik, eta 651 enplegu berri sortzea ere (aurreko urtean baino % 14 gehiago) ekarri duelako, bestetik. Pandemiak kendu zion bultzada berreskuratzen ari da Donostia, muskulu ekonomikoa sendotzen ari da eta bide onean doa aurrera.”
Hiriaren Ekonomia Suspertzeko Planak, izan ere, 2.456 enpresari lagundu dio, eta sortutako 181 enpresa berri horiek aurreko urtean baino % 26,5 gehiago dira. Hala, 224 pertsona ziren enpresa berri horietan (% 58 emakumeak, %46,2 30 eta 45 urte bitartekoak, % 63 unibertsitate ikasketadunak eta % 62,4 enpresaburu indibidualak) eta batez beste 12.000 €-ren inbertsioa izan zen enpresa sortu berri bakoitzeko.
Planaren aurrekontu osotik, 5,2 milioi euro zuzeneko laguntzetara bideratu ziren, batez ere zerbitzuen sektoreko enpresetara (merkataritza eta ostalaritza enpresetara, adibidez), planean ziren laguntza guztien % 47 jaso baitzituzten haiek.
“Enplegua izan da, eta da oraindik ere, Donostiako Sustapenaren helburuetako bat”, esan du Garmendiak. Plan honekin 651 lanpostu berri sortu dira, eta horietatik % 65,6 besteren konturako enpleguak izan dira. “Gainera, enplegu berrien % 52 emakumeentzat izan ziren, % 42 35 urtetik beherakoentzat eta ia % 40 goi-mailako ikasketak zituztenentzat”.
Sortutako enplegu guztietatik, 63 enpresa berritzaileetan sortu ziren, eta lanpostu horien % 80 finkatu egin zen.
-
Garapen profesionalaren eta enpleguaren eremuan 1.330 pertsonari kasu egin zitzaion, iaz baino % 43 gehiagori. Horietatik % 56 emakumeak izan ziren, % 69 45 urtetik gorakoak eta % 28,4 55 urtetik gorakoak. Bestalde, % 24,5 hiriko Ekialdeko pertsonak izan ziren.
Nabarmentzekoa da I. Gazte Talentuaren Azoka: 600 elkarrizketa, 189 lan-aukera eta 57 enpresa izan ziren. 2021ean, 319 proiektu ekintzaile babestu ziren; horietako % 15 proiektu berritzaileak eta oinarri teknologikokoak izan ziren, % 31,58 biozientzien arlokoak, % 21 industriakoak eta % 15,8 materialen sektorekoak. Enpresa proiektuei laguntzeko 3.595 enpresa eskaera ere izan ziren. Esan dezagun, orobat, 1.737 enpresa bakarrek jaso zituztela laguntzak, 2020an baino % 61,7 gehiago.
Ostalaritzari eta merkataritzari dagokienez, Udalak ahalegin handiak egin ditu bi sektore horiei laguntzeko. Bi sektoreen artean 2.691.199 € jaso zituzten Ekonomia Suspertzeko Planetik: 1.862.349 € merkataritzak eta 828.850 € ostalaritzak.
Laguntza horiei digitalizazioarentzako eta kontrataziorako emandako laguntzak, bi sektoreetako elkarteekin egindako hitzarmenenak eta DSS Market Plaza plataformari dagokiona erantsiz gero, 3,17 milioi euro izango litzateke merkataritzara eta ostalaritzara denera bideratutako dirua.
Nabarmendu dezagun 2021eko Bonu kanpaina ere: 89.522 bonu saldu eta 1.790.440 euroren gastua egitea ekarri zuen; horietatik 716.176 euro Donostiako Sustapenak hartu zituen bere gain.
Gainera, DSS Market Plaza plataforma ere jarri zen martxan. Gaur egun 217 establezimendu daude hari atxikita, 4.400 produktu baino gehiago salgai, 4.989 erabiltzaile erregistratuta eta 157.000 euro baino gehiagoko salmentak plataforma horren bidez eginak.
Laguntzak eta programak, Ekonomia Suspertzeko Plan osoa (PREK, gaztelaniaz), Donostiako Sustapenak diseinatu, egin eta garatu zuen.
Pandemiaren ondoren aurrez aurreko kontsultetan zituen datu batzuk berreskuratu baditu ere, posta elektronikoa da oraindik ere Sustapen Sozietateak herritarrekin eta Donostiako erakundeekin komunikatzeko duen bide nagusia (27.023 kontsulta), telefonoa hurrena (15.653) eta txata (1.073) hirugarren. 2021ean, 88.086 bisita izan ziren Sustapenaren webgunean, 2020an baino % 20,8 gehiago.