- Berrikuntza sustatzeko COTEC Fundazioarekiko lankidetzaren parte den ekimen honi esker, Gipuzkoako hiriburuak lehen mailako erakundeekin lan egingo du eta erreferentzia izango da Estatu mailan gai honetan
Donostiak Estatu mailako lantalde bat gidatuko du, hirietan eta erakundeetan gazte-talentua sustatzeko. Ekimena COTECekin batera egindako lankidetzaren barruan kokatzen da, irabazi-asmorik gabeko erakundea, berrikuntza garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa sustatzea helburu duena. Cristina Garmendia Donostiako ministro ohia da buru, eta ehun bat kide publiko eta pribatuk parte hartzen dute.
Donostia Sustapenak 2022az geroztik dago bertan, eta 2025. urte honetan zeregin garrantzitsua izango du lantalde hau gidatuz. Horri esker, hiriak lehen mailako erakundeekin lan egin ahal izango du eta gai honen inguruan Estatu mailan erreferentzia izaten saiatuko da.
Testuinguru horretan, lantaldearen helburua hiriei eta beren eragileei gaur egun gazteek dituzten erronkei eta horiek gure inguruko eremu sozioekonomikoetan duten eraginari buruzko hausnarketa bateratua proposatzea da.
Hausnarketa horiek, lan-prozesuan zehar identifikatutako jardunbide egokiekin batera, dokumentatu egingo dira, "Gure hiri eta erakundeetan Gazte Talentua Sustatzeko Lankidetza Gida" egiteko. Gida horren helburua gazteentzako tokiko aukerak maximizatuko dituzten politika aktiboak garatu ahal izateko jarraibideak eta gomendioak eskaintzea da.
Horrela, gidak, lehenik eta behin, lan-esparru bat ezartzeko aukera emango du, hiri bateko eragileen (erakundeak, enpresak, etab.) arteko konpromisoaren eta lankidetzaren bitartez, gazteen garapen integralerako ingurune egokiak sortzeko, arreta berezia jarriz funtsezko hiru alderditan: prestakuntzan, enpleguan eta etxebizitzan. Gazteen ikuspegia erakunde eta eragile desberdinen politiketan txertatzeko jarraibideak ere jasotzea, udalak bezala.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak nabarmendu duenez, “Donostia lantalde horren buru izan behar da, talentua erakartzeko eta hemen gelditzeko erronka funtsezkoa da, batez ere gazte talentudunen eskari handiko testuinguru batean. Funtsezkoa da erakundeek eta enpresek lankidetzan jardutea eta gai horri heltzeko eta gure gazteen garapenerako mesedegarriagoak diren politikak eta inguruneak sortzeko aukerak identifikatu ahal izatea".
Lantalde hau Donostia Sustapenak hiriko gazteentzat erreferentzia bihurtzeko duen estrategiatik sortu da, hurbiltasunetik eta elkar ulertzetik lagunduz beren garapen pertsonal eta profesionalean. Izan ere, Donostia Sustapenak "Tokiko talentu gaztearen garapen profesionalerako proiektuak bultzatzea" ildo espezifikoa du bere 2023-27 Estrategian.