Donostiako Udalak, Donostia Sustapena erakundearen bidez, aipatutako Plana bultzatu du 8.457.723 €-ko inbertsio batekin.
Horietatik 4 milioi lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat lan aukerak sortzeko erabiliko dira.
Donostiako Udalak, hiriaren etorkizunaren oinarriak finkatzeko, Donostia Sustapenaren bidez, 2022ko DSS Ekonomia Bultzatzeko Plana abian jarri du, eta 8,4 milioi euroko zuzkiduraz hornitu du.
Planak bost jarduera ildo aurreikusten ditu, bakoitza dagokion aurrekontu zuzkidurarekin:
- Lurralde kohesioa eta enplegua sustatzea, lan merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat, esaterako, gazteentzat, emakumeentzat eta 45 urtetik gorakoentzat. 4 milioi euro.
- Enpresa proiektu berriak bultzatzea eta ekintzailetzaren aldeko apustua sustatzea.1 milioi euro.
- Kalitatezko zerbitzuen enpresa sarea indartzea eta eraldaketa digitala egiten laguntzea. 2,19 milioi euro.
- Zientzia eta berrikuntza bultzatzea, hiriaren apustu eta marka gisa. 476.890 euro
- Hiri eraldaketa jasangarri eta berritzaileak. 686.101 euro.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, "Udala ekonomiaren eragile bultzatzailea eta suspertzailea da. Apurka-apurka amaitzen ari den pandemiaren bi urte gogorren ondoren, egoera larrienean dauden pertsonei eta sektoreei laguntzea da ekonomia bultzatzeko plan berri honen helburua, oraindik ere botere publikoek ahalegin bat egitea eskatzen baitute."
Horren harira, "Udala eragile publikoa dela eta ekimen ekintzaileari lagundu behar diola, hirian jarduera eta aukera berriak sortzea dakarrelako" gogorarazi du Goiak. "Donostiar guztientzako enplegua eta aukerak sortuko dituzten inbertsioak erakartzea da gure zeregina, eta lan-merkatuan sartzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboentzat enplegua sortzea da plan honen helburua, bai eta berrikuntzaren eta zientziaren aldeko apustua egiten jarraitzea ere, hiriarentzat estrategikoak diren sektore gisa."
Bestalde, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak esan duenez, «ikuspuntu sozioekonomikotik, hiria pandemia aurreko datuak berreskuratzen ari den une honetan jarri dugu abian Plana; izan ere, langabeziak behera egin du eta Gizarte Segurantzan afiliatutako pertsonen kopurua nabarmen igo da. Hala ere, errealitatea aintzat hartu behar dugu, eta datuak onak diren arren, oraindik ere, genero arrakala dago lan merkatuan, 45 urtetik gorakoek eta bazterketa arriskuan daudenek zailtasunak dituzte lana aurkitzeko, eta gazteak kalitatezko enplegua lortzen ahalegintzen dira, egunero».
Garmendiaren ustez, «gure eredu ekonomikoaren oinarriak finkatzeko unea da; horretarako, etorkizunean inbertituko duen plan bat behar dugu: gazteetan, sektore tradizionalen digitalizazioan, berrikuntzan eta zientzian, inor atzean utzi gabe. Urte hauetan zerbait ikasi badugu, talderik zaurgarrienei arreta berezia eman behar diegula da».
2022ko DSS Ekonomia Bultzatzeko Planak zenbait programa antolatuko ditu. Tartean dagoen talde bakoitzak zenbait laguntza eskatu ahal izango ditu, dagozkion baldintzak betez gero: diru kopurua, prestakuntza, aholkularitza, talentua atxikitzeko edo erakartzeko ikusgarritasuna edo laguntza ematen duten ekitaldiak.
Berdintasunerako Plan bat
Nagusiki, gazteentzat, 45 urtetik gorako pertsonentzat eta emakumeentzat sortuko dira lan aukerak, eta azken talde horretan inplikazio handiagoa izango du Planak. Enplegagarritasuna hobetzeko zenbait programa daude emakume zaurgarrienentzat (langabeak, guraso bakarreko familiak, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden emakumeak, etab.). Baita Donostiako ekialdean bizi diren emakumeentzat ere, lan merkatuan sar daitezen.
Inbertsioaren erdia hiri kohesionatu bat sortzeko programa espezifikoetarako da; hala, askotariko taldeek aukera izango dute laguntza eta aukeretara heltzeko, betiere hiriko beste eragile batzuekin lankidetzan: enpresekin, prestakuntza zentroekin, eta enpresa ekosistema eta ekosistema berritzailea osatzen duten elkarte eta erakundeekin.
Bestalde, kualifikazio handiagoa duten emakumeek aukera izango dute talentua itzultzeko mugikortasun bekak jasotzeko, bai eta goi mailako prestakuntza akademikoa izanik langabezian dauden 35 urtetik beherako emakumeak kontratatzeko bekak lortzeko ere
Donostia, hiri ekintzailea
2022ko Ekonomia Bultzatzeko Planak ekintzailetza du bere ardatz nagusietako bat. Donostia Sustapena erreferente bat da halako politiketan.
Hala, Planak sektore tradizionaletan enpresa lehiakorragoak sortzen laguntzeko berariazko programak jasotzen ditu, baita ekintzailetza berritzailea eta hazkunde- eta sendotze-fasean dauden enpresen lehiakortasuna bultzatzeko direnak ere.
Kalitatezko zerbitzuen hiri bihurtzen
Donostiak enpresa sare aberats bat du, eta zerbitzuen sektorearen inguruan aritzen da, nagusiki; bestalde, azken urteotan, garrantzi berezia izan dute zerbitzu aurreratuek. Planaren beste helburuetako bat da enpresei hazteko eta finkatzeko faseetan eta eraldaketa digitalean laguntzea, lehiakortasuna hobetze aldera.
Merkataritzak eta ostalaritzak, esaterako, garrantzi handia dute Donostiako BPGan; hain zuzen ere, 16.800 langile baino gehiago enplegatzen dituzte sektoreok. Gaur egun, sektorea egiturazko eraldaketa prozesu betean dago, eta gure merkataritzan eragina izan duten bi trantsizio handi izan ditu: digitala eta ingurumenekoa. Horrez gain, kontsumo ohiturak aldatu dira eta, ondorioz, testuinguru berrira egokitu beharra dago. Planak zenbait programa proposatzen ditu eta, nagusiki, zerbitzu sektore tradizionalenaren lehiakortasuna indartu nahi dute, berorien digitalizazio aurrerakorraren bidez.
Era berean, ezagutzan oinarritutako zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna hobetzearen aldeko apustua egingo da; hain zuzen, hiriko produkzio sarearen % 44,5 eta enpleguaren % 56,6 osatzen dute.
Donostia, zientziaren eta berrikuntzaren hiria
Donostia Sustapenak urteak daramatza gure hiria zientzian eta berrikuntzan erreferente gisa kokatzeko lanean, jakinik kalitatezko enplegua eta aberastasuna ematen dizkiola hiriari eta, beraz, baita bizi kalitate hobea ere; gainera, hiriaren marka sustatzen du.
Donostiak ekosistema berritzaile zabal bat duen arren, Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarearekin lotutako hogeita hamar toki-eragileek erakusten duten moduan, hiriak ezin dio uko egin munduko erronka bikoitz bati: STEAM bokazioak sortzea eta zientzian berdintasuna bultzatzea.
Ildo horretan, Planean, dagoeneko ezagunak diren berrikuntzarako hezkuntzako zenbait ekimen bildu dira, hala nola Donostia Innovation Challenge eta sentikortzeko zenbait ekintza; horien artean, Berrikuntzaren Astea nabarmentzen da, zeinak bederatzigarren edizioa izango duen aurten.
Gainera, aktibo garrantzitsu bat dago martxan: Talent House 2; Europan ez du ia parekorik, eta berorren eraikuntza oso aurreratuta dago.
Hiri eraldaketa
Planaren beste lehentasunetako bat Donostiaren hiri garapen jasangarria lortzea da, herritarren beharrei erantzungo dieten eta haien bizi kalitatea hobetuko duten ekintza berritzaileen bidez.
Proiektu horiek guztiak 2022an egingo dira, hiriko eragile eta enpresekin lankidetzan, eta herritarren interesetara edo talde espezifikoetara egokitzeko aukera emango dute.
Gainera, Europako Next Generation funtsak aukera estrategiko bat dira hiri eraldaketa integraleko proiektu horiek gauzatzeko, gure hiriko zenbait erakunde publiko-pribaturen lankidetzaren bidez, zeinak aukera emango duten hiriko auzo batzuetan dagoeneko gauzatzen diren SMART zerbitzuen aldeko apustuari eusteko.