Laguntza ekonomikoen bila zabiltza zure negozioak hobera egin dezan?

Berrikuntza proiekturen bat garatzen baduzu, laguntza eta abantaila bereziak jaso ditzakezu.

Eremu enogastronomikoko aisialdi turistikoko establezimenduetan energia efizientzia hobetzeko neurriak hartzeko laguntzak

 

Eremu enogastronomikoko aisialdi turistikoaren sektorean energia efizientziaren arloko neurriak hartzeko inbertsioan laguntzea da programaren xedea, energia efizientzia hobetzeko eta energia berriztagarria balio katean txertatzeko. Programa hau Donostian kokatuta dauden aisialdi turistikoaren sektoreko erakundeei zuzendua da, hartara sektorearen energia efizientzia eta hiri ekonomiaren lehiakortasuna hobetuta.

  • NOLAKOAK DIRA LAGUNTZAK?

    Donostian kokatutako eremu enogastronomikoko aisialdi turistikoko establezimenduetan energia efizientzia hobetzeko neurriak hartzeko sortu dira laguntza hauek. Laguntzen testuinguruan, neurriak hartzeak esan nahi du energia kontsumoa murriztea, ingurumena zaintzea, ekonomia garapen arduratsua eta ongizate soziala helburu dituzten jardunbideak ezartzea. Horrela, oreka iraunkorra ahalbidetuko da, sektoreko enpresen hazkunde eta ongizate ekonomikoa aldi berean sustatuta.

    Energia efizientziarako neurriak eremu hauetan garatu daitezke:

    Energia efizientzia eta energia berriztagarrien erabilera hobetzeko jarduketak, berokuntza, klimatizazio, hozkuntza, aireztapen eta ur bero sanitarioaren instalazio termikoetan.

    • Energia arrunta biomasarekin ordezkatzea instalazio termikoetan.
    • Energia arrunta energia geotermikoarekin ordezkatzea (kogenerazio ekipamendua instalatzeko gastuak kanpo).
    • Energia arrunta eguzki energia termikoarekin ordezkatzea.

    Aurreko atalen barne ez dauden ekoizpen sistemen energia efizientzia hobetzea:

    • Aerotermia instalazioa bero ponpa bidez (elektrizitate sorgailuak baliatuz, ez erregai fosilak erabiltzen dituen aire bidezko klimatizazioa).
    • Aerotermia instalazioa, kanpoaldeko airea erabiltzen duen doako hozte sistemaren bidez.
    • Aerotermia instalazioa, beroa eta erauzketa airea berreskuratzeko eta hondar energiak aprobetxatzeko sistemen bidez.

    Instalazio termikoetako banaketa, erregulazio, kontrol eta isurketa azpisistemen energia efizientzia hobetzea:

    • Eraikinetako instalazio termikoetako banaketa, erregulazio eta kontrol sistemetan, amaierako elementuetan eta abarretan energia efizientzia hobetzen duten jarduketak.
    • Energia kontsumoa monitorizatzeko sistemak, informazio hori, gailu digitalen bidez, erabiltzaileei helarazteko aukerarekin.

    Argiztapen instalazioetako energia efizientzia hobetzeko jarduketak

    • Argien ordezkapena.
    • Argiteriaren kontrol lokala, urrutiko kontrola edo kontrol automatikoa.
    • Argiztapen sistema aldatzea kontsumoa murrizteko.

    Energia iturri berriztagarrietako (fotovoltaikoa) autokontsumoa eta biltegiratzea sustatzeko jarduketak

  • ZENBATEKO LAGUNTZA DA?

    Dirulaguntzaren zenbatekoa 30.000 €-koa da gehienez proiektu bakoitzeko, eta laguntzaren intentsitatea diruz laguntzeko moduko gastuen % 70ekoa da, gehi % 10 enpresa txiki edo mikro-ETEen kasuan.

    Programa honi bideratutako zenbatekoa, guztira, 150.000 €-koa da.

  • NOIZ ARTE AURKEZTU DAITEKE ESKABIDEA?

    Eskabideak aurkezteko epea zabalik egongo da baliabide ekonomikoak agortu arte edo, gehienez jota, deialdia itxi arte, hots, 2025eko ekainaren 30era arte.

    Establezimendurako energia efizientziako proiektu adina eskabide aurkeztu ahalko dituzte onuradunek. Eskabide bat egin beharko dute diruz lagundu nahi duten energia efizientziako proiektu bakoitzeko.

    Dirulaguntza bakarra emango zaio onuradun bakoitzari. Aurrekontu soberakinik badago edo Donostiako Udalak deialdi honi bideratutako diru zuzkidura zabaltzea erabakitzen badu, bigarren dirulaguntza bat eman ahal izango zaie onuradunei, garaiz eta behar bezala eskatu badute eta baldintzak betetzen badituzte.

  • ZEIN DA EGIKARITZE EPEA?

    Energia efizientziako proiektuak egikaritzeko epea 2023ko irailaren 1etik aurrera izango da eta dirulaguntza justifikatzeko gehieneko datara arte zabalduko da (hiru hilabete dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten den datatik hasita, eskabidearen datan egikarituta dauden proiektuen kasuan, eta 2025eko abenduaren 31ra arte, eskabidearen datan egikarituta ez dauden proiektuen kasuan).

  • NORK ESKA DEZAKE LAGUNTZA?

    Dirulaguntza hauen helburua da Donostian kokatutako establezimenduetan aisialdi turistikoaren sektorearekin lotutako enpresek edo elkarteek egindako inbertsio eta gastuak diruz laguntzea, bai eta eremu enogastronomikoko aisialdi turistikoaren sektoreko enpresa eta erakundeentzako proiektuak garatzen dituztenak ere.

    Laguntzen onuradun izan daitezke jarduera ekonomiko bat garatzen duten pertsona fisikoak (autonomoak) edo pertsona juridiko pribatuak, nazionalak zein atzerritarrak, bai eta lantokia eta jarduera ekonomikoa Donostiako udalerrian dituzten aurreko horietako nortasunik gabeko taldeak ere.

    Onuradun izaera izango dute laguntza ematea eragin duen jarduera gauzatuko dutenak edo laguntza ematea legitimatzen duen egoeran daudenak, betiere Oinarrietan adierazitako betekizun guzti-guztiak betetzen badituzte.

    Elkarteak eta fundazioak Eusko Jaurlaritzaren Erregistroan edo beste erregistro publiko batzuetan inskribatuta egon beharko dira. Era berean, Herritarren Erakundeen Erregistroan inskribatuta egon beharko dira, baina baldintza hori, salbuespen moduan, ordezkatu ahal izango da Donostiako udalerrian jarduera puntualen bat egiten duten elkarte eta fundazioentzat, baldin eta Udalaren presentzia instituzionala interesgarritzat jotzen bada. Horren ordez, hasieran aipatutako erregistro publikoetan inskribatu beharko dira.

    Ezingo dira onuradun izan sektore publikoko erakunde publikoen mendeko erakundeak edo erakunde publikoen % 25 baino gehiagoko partaidetza dutenak.

  • ZER GASTU FINANTZA DAITEZKE?

    Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira laguntzaren xede den jarduera tipologiarekin zerikusia dutenak, eta, zehazki, honako hauek:

    • Kanpo aholkularitza, energia efizientzia hobetzeko neurriak ezartzen laguntzeko.
    • Proiektu teknikoak idaztearen kostuak.
    • Enpresaren energia efizientzia hobetuko duen ekipamendua erostea.
    • Ekipamendu berriak instalatzeko eta uneko ekipamenduak desmuntatzeko lanen egikaritze kostuak.
    • Energia efizientzia hobetuko duten instalazioak egiteko obra zuzendaritza, ingeniaritza lanak eta legeztatzeak.
    • Kanpoko adituek egindako txostenak, ziurtagiriak eta auditoriak.
    • Tipologia bakoitzerako beharrezkoak diren beste partida espezifiko batzuk, behar bezala justifikatuta badaude.
    • Negozioaren energia efizientzia hobetuko duten prozesuak edo neurriak ahalbidetuko dituzten tresna teknologikoak eta/edo plataformak erostea edo garatzea.
    • Proiektuari lotutako langileen prestakuntza espezializatua, proiektua abian jartzearekin eta erabiltzearekin zerikusia duten gaietan, bai prestakuntza gastuak, bai aholkularitza espezializatuko gastuak.
  • NOIZ JASOKO DUT LAGUNTZA?

    Ordainketa bakarra egingo da, justifikazio agiriak aurkeztu eta onartu ondoren.

  • NOLA ESKA DEZAKET LAGUNTZA?

    Eskabideak modu telematikoan aurkeztu beharko dira Donostia Sustapenaren webgunearen bidez (www.fomentosansebastian.eus). Esteka orri honetan bertan daukazu.

 

logosbecas2024V2