• Etxea
  • Azken ordua
  • Udalak Digital Dend@k programa jarri du abian, tokiko merkataritza digitalizatzeko diru-laguntzak eta prestakuntza emateko

Udalak Digital Dend@k programa jarri du abian, tokiko merkataritza digitalizatzeko diru-laguntzak eta prestakuntza emateko

Digital Dend@k programak bat egiten du Donostiako Sustapenaren apustua osatzen duten neurriekin, saltokiei eraldaketa digitaleko prozesuan laguntzeko. Bi jarduera-ildo ditu:

  • Laguntza ekonomikoak, 2.000 euro artekoak, Donostiako merkataritzaren eraldaketa digitaleko prozesuak bultzatzeko.
  • Prestakuntza eta aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua, saltoki bakoitzaren ibilbide digitalean aurrera egiteko funtsezkoak diren hiru gai digital-teknologiko jorratzen dituen programa baten bidez.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak hau adierazi zuen: “gure merkataritza digitalizatzea lehentasunezko gaia da. Gure merkataritza ehunak dezente egin du aurrera bide horretan, saltoki askok parte hartu baitute DSS Market Plaza salmentako udal plataforman, baina oraindik ere asko dago egiteko. Programa honek zuzeneko laguntza ekonomikoak eta prestakuntza eskaintzen dizkie, laguntza eta aholkularitza teknikoa izan dezaten tresna digitalak ezartzeko eta modu horretan beren lehiakortasuna hobetzeko”.

Laguntza ekonomikoen helburua da inbertsio gastuak ordaintzea, komunikazioaren eta marketin digitalaren arloan eginikoak eta negozioa online monitorizatzeko datuen analisian eginikoak. Saltoki bakoitzari 2.000 euroko dirulaguntza emango zaio gehienez. Saltokia DSS Market Plaza plataforman izena emanda badago, % 30ko igoera izango du; % 10ekoa, berriz, ekialdeko zonako auzoren batean kokatuta badago; eta beste % 10ekoa, onuraduna hiriko zona horretan kokatuta badago. 2021eko ekainaren 1a eta 2022ko urtarrilaren 31 bitartean eginiko inbertsioak eta gastuak lagunduko dira diruz. Eskaera aurkezteko epea 2022/01/31 artekoa izango da, edo baliabide ekonomikoak amaitu arte. Eskaerak Donostia Sustapenaren webaren bidez egin behar dira: www.fomentosansebastian.eus.

Arlo digitaleko prestakuntza eta aholkularitza pertsonalizatua emateko zerbitzuaren helburua da saltokiari laguntza ematea bere negozioan tresna digitalak eskuratzeko eta erabiltzeko. Hiru esparrutan egituratuta dago:

  • Marketin digitala.
  • Salmenta interneten (e-commerce).
  • Datuak analizatzea saltokirako.

Zerbitzua hainbat formaturen bidez garatzen da, adibidez, ordubeteko online webinarrak, aholkularitza pertsonalizatua edo taldeko prestakuntza saioak.


Programa hau Donostiako Sustapenak parte hartzen duen DEVISE europar proiektuaren jardueren barruan kokatzen da. DEVISE-aren helburua da hiriko sektore estrategikoen digitalizazioa bultzatzeko eta EBko Interreg Europe programak kofinantzatzen du. DEVISE proiektuari buruzko informazio gehiago lortu dezakezu hurrengo estekan: https://www.interregeurope.eu/devise/