- Udalak Donostia Sustapenaren bidez Gabonetan bultzatzen duen programazioak 27,8 milioi euroko inpaktu ekonomikoa sortu du, herritarren parte-hartzea handitu du eta tokiko merkataritza, enplegua eta hiriko esperientzia partekatua indartu ditu.
- Ane Oyarbide, Ekonomia eta Tokiko Enpleguaren zinegotziaren ustez, “Donostiako Gabonek beren nortasuna dute, eta onura nabarmenak ekartzen dizkiete herritarrei. Talde-proiektu horrek tokiko ekonomia zaindu, enplegua sortu eta hiriaren harrotasuna indartzen du”.
- Kanpainak egindako karbono-aztarnaren azterketak agerian utzi du murrizketa nabarmena izan dela: 2023-2024ko 70 CO2 tonatik 33 tonara pasatu da aurten, hau da, % 50 baino gehiago murriztu da.
Donostiako Gabonetako Kanpaina hiriko egutegiaren mugarri bihurtu da, eta inpaktu erreala du tokiko ekonomian, enpleguan eta herritarren eguneroko bizitzan. Horixe erakusten dute Ikertaldek Donostia Sustapenarentzat egin duen azterlanaren datuek. Hain zuzen, kanpainaren guztizko inpaktua 27,8 milioi eurokoa izan da (iazkoa baino % 12 handiagoa), eta horietatik 26,9 milioi herritarren eta bisitarien gastuari dagozkio. Egindako inbertsioa kenduta, 25,8 milioi euroko itzulkin ekonomikoa aurreikusten da.
Gabonetako sei asteetan, Azokako puntu estrategiko batzuetan ezarritako iragate- kontagailuek zenbatu zuten hiru milioi igarotze baino gehiago erregistratu zituzten, aurreko urtean baino % 22,6 gehiago, 2024an baino eguraldi hobea ere egin zuelako (% 22 prezipitazio gutxiago). Zenbakiok erakusten dutenez, jarduera, mugikortasun eta herritarren partaidetza handiagoa egon ziren hirian, eta horrek pertsona bakoitzeko batez besteko gastua handitzea eragin zuen. Oinezkoen % 92k zerbait erosi zuen eta % 71k aitortu du kanpainak Gabonetako erosketak sustatzen dituela; beraz, esan daiteke merkataritza eta ostalaritza dinamizatzen dituela.
“Gabonetako kanpainak agerian jartzen du ezen, eremu publikoa zaintzen denean, elkartasunean, jasangarritasunean eta berrikuntzan oinarritutako kalitatezko programazio bat eskaintzen denean eta pertsonengan pentsatzen denean, hiri biziago bat sortzen dela, zeinetan jarduera ekonomiko handiagoa eta tokiko merkataritzarako eta enplegurako aukera gehiago baitaude”, adierazi du Ekonomia eta Tokiko Enpleguaren zinegotzi Ane Oyarbidek.
Bisitari gehiago, inpaktu handiagoa eta tokiko kontsumo handiagoa
Kanpaina honetan aipagarria da bisitariaren garrantzia handitu dela; izan ere, kanpoko bisitariak % 28 izan dira (donostiarrak, berriz, % 72), aurreko urtean baino bost puntu gehiago. Nabarmentzekoa da Frantziako bisitarien kopuruak gora egin duela (guztizkoaren % 4 inguru). Bisitarien egun bakoitzeko gastua bertakoena baino % 70 handiagoa da (116 € eta 68 €, hurrenez hurren), eta Frantziatik datozenena 193 eurora iristen da.
Kanpainan lortutako eguneko batez besteko gastu orokorra 81 eurokoa da pertsona eta egun bakoitzeko (116 € bisitariek eta 68 € donostiarrek), iaz baino % 19 gehiago; hala, ezinbestekoa bihurtu da hirian eskaintzen diren aisialdiko formulen artean. Gainera, hiriko merkataritza- gune nagusiaren inguruan ibili diren oinezkoen % 14 (481.000 pertsona inguru) Donostia Sustapenak proposatutako Gabonetako Kanpainagatik soilik joan da hara. Hau da, adierazle guztiak baieztatzen dute Donostiako Gabonetako Kanpaina giro eta testuinguru ezin hobea ari dela sortzen pertsonak erakarri eta kontsumo- eta erosketa-tasa handitzeko.
Gabonetako Azoka, esperientziaren ardatza
Berriz ere, Gabonetako Azoka kanpainaren funtsezko zutabeetako bat izan da. Inoiz baino etxola gehiago jarri dira, guztira 71, eta horietan lortutako guztizko fakturazioa 1.075.000 eurora iritsi da, 2024an baino % 22 gehiago. Hala Urumea pasealekuan nola Ramon Labayen plazan jende ugari bildu da, eta bi guneek oso balorazio positiboa jaso dute herritarren aldetik; horiek horrela, % 98ko onarpen maila lortu dute kokapenari dagokionez, eta % 88tik gorakoa, eskaintza gastronomikoari dagokionez. Hain zuzen, aurtengo berrikuntzetako bat izan da janari-eskaintza, ohiko merkataritzako eta aisialdiko eskaintzaz gain. Kanpainari esker, merkatuak dituen bere bi kokalekuak unitatetzat hartu da dagoeneko. Izan ere, Ramon Labayen Plazaren proposamen gastronomiko berriari esker lortu da neurri handi batean. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da, baita ere, Artzain Onaren atzeko aldean Lur Kolektiboa – Artisau Merkatuaren kokapen berrian izandako oinezkoen igoera (%16, iaz baino 8 puntu gehiago).
Murgilketako eta partaidetzako kanpaina bat
“Ikertalderen azterlanak egiaztatu duenez, Donostiako Gabonetako Kanpaina dagoeneko trakzio-ekintza bihurtu da, bereziki tokiko merkataritzarentzat, eta esperientzia gero eta murgilgarriagoa da: herritarrak gehiagotan joaten dira eta jarduera gehiagotan parte hartzen dute. Programazio anitza eskeini dugu, publiko desberdinak erakartzea lortu duena, eta horretarako Donostiako eragile sozialak, kulturalak eta hirugarren sektorekoak bidelagun izan ditugu ", gaineratu du Oyarbidek.
Inaugurazio-ekitaldian Izarok kontzertua eman zuen eta 500 droneen ikuskizun berritu bat egon zen hiriaren historia azaltzeko, Iñaki Gabilondo enbaxadoreak gidaturik; ekitaldi horretan 36.000 pertsona bildu ziren, inoiz baino gehiago, eta bere kabuz 1,8 milioi euroko inpaktu ekonomiko zenbatetsia lortu zuen.
Enplegua eta aukerak
Abenduan 2.217 kontratu egin ziren merkataritzaren eta aisialdi turistikoaren sektoreetan, aurreko urtean baino % 4,2 gehiago, eta 1.624 pertsonari eman zieten lan. Kontrataziook aldi horretan hirian sortutako enplegu guztiaren % 29 izan ziren, eta horrek agerian jartzen du kanpainak eragile ekonomiko eta sozial gisa duen rola.
Berrikuntza, jasangarritasuna eta oreka ekonomikoa
Kanpainan kalitatezko kultur programazioa antolatu da, barne hartuta doako 30 jarduera baino gehiago egin dira, 6.800 lagun ingururekin. Nabarmentzekoa da musika-eskaintza, Donostiako Orfeoiak eskainitako hiru kontzertuekin, besteak beste.
Proposamen berriak ere egon dira, esaterako, izotz pista eta Miramar Magikoa ekitaldia, eta horien bidez familientzako eskaintza indartu da, beste atrakzio batzuk jarraitu ez zutelako eta kudeaketa-eredu orekatu eta jasangarrien alde egin ondoren.
Miramar Magikoa ekitaldirako, babesletza, ekarpen pribatuak eta sarreren salmenta uztartzen dituen eredu misto bat diseinatu zen, udalaren aurrekontu karga murrizteko, proiektuaren jarraitutasuna bermatzeko eta bertaratuek sarrera bakoitzeko ordaindu beharreko kostua murrizteko. Gainera, bildutako dirua Kanpainaren kostuen zati bat estaltzeko erabili zen. Guztira 15.179 sarrera saldu zirenez, sarrerekin bildutako diruak eta ekintzaren babesleei esker lortutakoak aukera eman dute proiektuaren zati handi bat finantzatzeko (% 85 inguru); hala, nabarmen murriztu dira hiriak ordaindu beharreko kostua eta sarreren prezioa.
Bestalde, Gabonetako Azokako izotz pista izan da aurtengo edizioko beste berritasunetako bat, eta harrera ona izan du, 5571 pertsona igaro baitziren bertatik.
* Bisitarien, merkatarien, ostalarien eta merkatu-postuen artean egindako 1.433 elkarrizketen bidez lortu dira azterketaren datuak, eta kanpaina guneetan egindako zenbaketekin eta merkataritzako eta ostalaritzako eragile garrantzitsuei egindako elkarrizketekin osatu dira.
Kanpainaren karbono-aztarnaren kalkulua
Gabonetako Kanpainak Ados aholkularitza-enpresari eskatu dio karbono-aztarna kalkulatzeko azterketa berri bat egitea. Inaugurazioa, gabonetako argiak, gabonetako merkatua, azokak eta Miramar Magikoa izan dira aztertutako jarduerak. Ikerketa honek jarraipena ematen dio 2023- 2024 edizioan hasitako azterketari. Konparazio homogeneo bat egiteko, bi kanpainen esparru komunak aztertu ziren: energia-kontsumoa, kontratazioak eta erosketak, eta hondakinak.
Kanpainak egindako karbono-aztarnaren azterketak agerian utzi du murrizketa nabarmena izan dela: 2023-2024ko 70 CO2 tonatik 33 tonara pasatu da aurten, hau da, % 50 baino gehiago murriztu da.
Murrizketa hori azaltzen duen faktore nagusia hornidura elektrikoaren kontratazioaren aldaketa da. Neurri hori 2024an zehaztutako Hobekuntza Planean jasota zegoen, karbono- aztarnaren lehen kalkulua egin ondoren. 2025-2026 kanpainan, % 100 berriztagarria den jatorri elektrikoko energia kontratatu da; beraz, elektrizitate-kontsumoari lotutako emisioak nuluak dira. Horrek ez du esan nahi energia-kontsumoa mugarik gabe handitu daitekeenik. Horregatik, funtsezkoa da energiaren kudeaketa eraginkorra sustatzea, kontsumo txikiko aparatuen erabilera sustatuz eta urtez urte guztizko kontsumoa murriztuz.
Etorkizunera begira, eta klimari dagokionez neutroa izango den kanpaina bat lortzearen aldera, kontsumoak murrizten, mugikortasun modu iraunkorragoak sustatzen, sortutako isuriak konpentsatzen eta erosketa eta kontratazio iraunkorragoak lehenesten jarraituko da.
Gabonetako kanpainak aurkitu du bere erritmoa, eta jada erreferentzia-puntu bihurtu da gure ingurunean, merkatarien, ostalarien eta herritarren konfiantza baitu. Horiek horrela, erakunde babesleak eta laguntzaile publiko-pribatuak ugaritu dira. Hauei esker gauzatu ahal izan da aurtengo kanpaina:
Erakunde babesleak
Euskadi Basque Country, Kutxabank, Telpark, Teusa, Campezo, Moyua, Hotel María Cristina, Asociación de Hostelería de Gipuzkoa, Bataplán – Café de la Concha, La Bretxa, Garbera, La Perla, Teatro Victoria Eugenia – Donostia Kultura, SShops, Casa Eceiza, Eroski.
Erakunde laguntzaileak
Lur Kolektiboa, Aita Mari, Aspace, Asociación de Belenes de Gipuzkoa, BAE, Doplay, El Diario Vasco, Fortuna, Kursaal, Mi Dulce Guerrero, Orfeón Donostiarra, Escuela de Música y Danza de San Sebastián, Federación Gipuzkoana de Coros, Ucrania Euskadi, Fundación Donostia Gipuzkoa Basket, Zaporeak, "Gabonak Zuretzat - Donostia Gazteria”.