• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia Sustapenak REDEL Toki Garapeneko Erakundeen Sarearen Batzar Orokorra aterpetu du Talent Housen

Donostia Sustapenak REDEL Toki Garapeneko Erakundeen Sarearen Batzar Orokorra aterpetu du Talent Housen

Sarea osatzen duten 33 erakundeen aurrean, berrikuntza eta talentua sustatzeko zein estrategia duen azaltzeko aukera izan du Donostia Sustapenak aipatu batzarrean.

Talent House eraikina Donostia Sustapenaren harrera-planaren parte da eta REDELen Batzar Orokorraren egoitza izan da; izan ere, harrera-planak gure hirira lehen aldiz iristen diren ikertzaileen etorrera erraztea du helburu. Aurten, 'GARAPEN' Garapen Agentzien Euskal Elkarteak antolatu du batzarra Euskadin, eta, horretarako, Elkarteko kide den Udal Sozietatearen laguntza izan du.

Toki Garapeneko Erakundeen Sarea (REDEL) 2007an sortu zen tokiko agentzien artean lankidetzan aritzeko eta lan egiteko beharrari erantzun gisa, bazkide bakoitzaren esperientziaren bidez eskuratutako ezagutzak zabaltzeko eta proiektuak elkarrekin berritu eta garatzeko.

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak ongietorria eman die REDELen parte diren eta tokiko espiritu ekintzailea sustatzeko lan egiten duten erakunde guztiei, enplegua lortzeko aukerak hobetzeko, bereziki kolektibo ahulenentzat, eta tokiko produkzio-sistemak eta berrikuntza-ekosistemak indartzeko.

aurresku contenidoBatzarraren ondoren, Talent House eraikina bisitatu dute. Tokiko ekosistemako eragile baten I+G+b proiektuan lan egitera datorren talentuari abegi egiteko, Donostia Sustapenak duen Planaren barruan dago aipatu eraikina. Talent House 2011n inauguratu zen eta 80 apartamentu ditu. Harrezkero, 3.000 ikertzaileri eta 50 toki erakunderi baino gehiagori egin dio zerbitzu.

Era berean, talentuan oinarrituriko berrikuntzaren alde egin nahian, 2011z geroztik Donostia Sustapenak garatu duen estrategia —berrikuntza eta talentua erakartzeko estrategia— aurkeztu du Iñigo Olaizola Sozietatearen Zuzendari Nagusiak. Estrategia horren helburuak honako hauek dira: talentua hirira erakartzea; nazioarteko loturak sustatzea; Donostia berrikuntzaren hiri gisa nazioartean sustatzea; Donostiatik alde egindako talentua berreskuratzea; eta talentuari atxikitzea erraztuko duten politikak garatzea.

REDEL barruan elkartuta dauden 33 erakundeek beren zerbitzuak eskaintzen dizkiete 1.900 udalerriri, hau da, 27.573.107 biztanleri guztira. Gure hirian, zerbitzu horiek udal mailan garatzen dituen erakundea Donostia Sustapena da.