• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia 2026ko Hiri Berritzaile Emergente finalista gisa nabarmendu da European Capital of Innovation Awards sarietan

Donostia 2026ko Hiri Berritzaile Emergente finalista gisa nabarmendu da European Capital of Innovation Awards sarietan

Europako Batzordeak Donostiako eredua goraipatu du zientzia, talentua eta herritarren partaidetza uztartzen dituelako, lurraldean inpaktu soziala duen berrikuntza bat bultzatzeko.

Gaur, Turinen, 2026ko Hiri Berritzaile Emergente bezala bigarren lekua hartu du dute Donostia European Capital of Innovation Awards (iCapital) sarietan. Izendapen horrek berrikuntza ekosistema inklusibo eta inpaktu handikoak aktibatzeko gai diren Europako hiriak goraipatzen ditu. Saria Europako Batzordeak ematen du European Innovation Council (EIC) kontseiluaren bitartez, eta gure hiria Europako erreferenteen artean kokatzen du hiri berrikuntzari, zientzia aplikatuari eta lankidetza publiko-pribatuari dagokienez.

Donostiako alkateak, Jon Insaustik, eta Ekonomia eta Tokiko Enplegurako zinegotziak, Ane Oyarbidek, jaso dute saria OGR Torinon ospatu den ekitaldian, Cities Innovate Summit eta Eurocities Economic Development Forum ekimenen esparru barruan. Jon Insaustiren hitzetan, errekonozimendu horrek “berretsi egin du gure ereduak funtzionatzen duela: bateratuta aurrera doan hiri bat, eta urteetan egindako lanaren eta egindako apustuen fruitua jasotzea dakar; Donostia aurrera eramatea ahalbidetu duten apustuak, talentuaren eta zientziaren alde, eta berrikuntza donostiarren bizitza hobetzeko tresna gisa ulertuta. Donostia hiri oparoa da berrikuntzari esker, eta etorkizunera begira jarraitzen dugu, besteak beste, ordenagailu kuantikoa, protonterapia eraikina edo gure harribitxia den Miramongo parkea handitzeko proiektuak bezalako ekimenekin, ziurtasunak, segurtasuna eta bermea sortzen jarraitzeko, aukera berriak eta kalitatezko enplegu berria sortzeko”.

Donostiako berrikuntza ekosistemaren errekonozimendua

Donostia, Donostia Sustapenaren eskutik, Europako Berrikuntzaren Kontseiluak ematen duen errekonozimendu handiena lortzeko hautagaia zen aurten: 2026ko Europako Hiriburu Emergente eta Berritzailea izatea. Urtero, Europako hiri aurreratuenek beren proposamenak aurkezten dituzte sari hauetara, aldaketa eraldatzaile baten alde herritarrak, enpresak, erakunde akademikoak eta administrazioak arrakastaz konektatzeko gai direla frogatzeko.

Sariak bi kategoriatan banatzen dira:

  • Berrikuntzaren Europako Hiriburua, 250.000 biztanletik gorako hiriei zuzendua, irabazleari milioi bat euro eta finalista bakoitzari ehun mila euro ematen dizkiena.
  • Europako Hiri Emergente eta Berritzailea, 50.000 eta 249.999 biztanle arteko hiriei zuzendua, irabazleari milioi erdi euro eta finalista bakoitzari berrogeita hamar mila euro ematen dizkiena.

Sustapen sozietateak bigarren kategoria horretan aurkeztu zuen hautagaitza ekainean, “Connecting for Impact” lelopean, hiriak duen zientzia, talentua, ekintzailetza eta herritarren partaidetza uztartzeko gaitasuna azpimarratzen zuen proposamen batekin. Jasotako guztien artean, sei semifinalista aukeratu ziren, Donostia tartean. Irailean, Donostia Sustapenak hautagaitza defendatu zuen, Europako Batzordeko adituen epaimahai baten aurrean, hiriko berrikuntza eta ekintzailetza nodoa den EKINN instalaziotik.

Aurten, gainera, 2014. urtean sortu ziren iCapital sarien 11. urteurrena da. Urte horietan, hainbat hiri saritu dituzte, hala nola Bartzelona, Amsterdam, Paris, Atenas, Nantes, Lovaina, Dortmund, Aix-Marseille Provence Metropole, Lisboa edo Turin. Emergenteen kategorian, Vantaa, Haarlem, Linköping eta Braga izan dira azken irabazleak.

Europako Batzordeak bereziki azpimarratu du Donostian bikaintasun zientifikoa (biozientzien, konputazio kuantikoaren edo sistema adimentsuen moduko alorretakoa), kultura zibiko nabarmena eta eskala errealeko hiri berrikuntzako proiektuak elkartzen direla.

Besteak beste, Donostiako alderdi hauek goraipatu dira:

  • Nazioarteko erreferentea den ikerketa eta ezagutza zentroen sarea.
  • Partaidetza eta lankidetza eredua, horren barne direla herritarrak, enpresa ehuna, unibertsitateak, agente teknologikoak eta administrazioa.
  • Inpaktua duen berrikuntzarekiko konpromisoa, batez ere mugikortasunaren, osasunaren, jasangarritasunaren eta gizarte kohesioaren alorretako erronka errealetarako.
  • Talentua sortu eta fidelizatzeko gaitasuna, batez ere gazteen artean, enpresa ekimen berriak eta balio erantsiko proiektuak sustatuz.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ustez, “gure hiriak mugarri hau lortu izanak argi uzten du etxeko lanak behar bezala egiten ari garela zientziaren, berrikuntzaren eta hiri garapenaren hiria izateko. Ekosistema sendo bat eraiki dugu urteekin –lankidetza publiko-pribatuarekin, ikerketa zentroekin, ekintzaileekin eta udal politika konprometituekin–, eta orain ikusten ari gara horren emaitzak gure mugetatik haratago ere saritzen dituztela. Hori ez litzateke posible izango errealitate honetan lagundu duten pertsona guztien lana eta lankidetza gabe”.

Iñigo Olaizolak, Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzaileak, honako hau esan du: “eskerrak ematen dizkiet proposamenaren prestaketan eta hautagaitzaren defentsan parte hartu duten tokiko berrikuntzaren eragile guztiei”. Horrez gain, esan du “Berrikuntzaren Europako hiru hiriburuetako bat izateak ikusgarritasun handiagoa emango diola tokiko ekosistemari, hiria berrikuntzaren plataforma bihurtuko duten konexio, lankidetza eta proiektu berriak sustatuz”.

premio ss contenido2

Donostiarentzat aukerak diren konpromisoak

iCapital Awards sarietan finalista izendatzeak Donostiaren nazioarteko ikusgarritasuna indartzen du, eta Europako hiri liderrekin lankidetzan aritzeko eta ezagutza transferitzeko aukera berriak irekitzen ditu.


Donostiak Europako lidergoa indartu du berrikuntzan Cities Innovate Summit-en

iCapital Sari banaketa ekitaldia Cities Innovate Summit-en esparruan egin zen, hiri-berrikuntzari eta lehiakortasunari buruzko bi eguneko konferentzia europarraren barruan, Europako Berrikuntza Kontseiluarekin (EIC) eta EISMEArekin batera antolatua, Eurocities Europako hirien sare nagusiarekin lankidetzan (Donostia Sustapena 2008tik dago bertan).

Abenduaren 3an, Donostia Sustapenak "Erakarpena eta atxikipena: nola sortu hiri bizigarri eta erakargarriak talentuarentzat eta inbertsioentzat" panelean partu hartu zuen, Amsterdam, Turin eta Boloniarekin batera, talentua garatzea eta aukera ekonomiko berriak sortzea errazten duten inguruneak eraikitzeari buruzko hiriaren ikuspegia emanez.

Egun horretan bertan, hiriak Eurocitieseko Ekintzailetza eta Berrikuntza Lantaldearen lehendakaritza hartu zuen 2026-2027 aldirako, Espoo (Finlandia) eta Nantes (Frantzia) presidenteordeekin. Agintaldi honetan, Europako 50 hirik osatutako talde batekin lan egingo da berrikuntzako tokiko ekosistemak indartzeko, start-up-en eskalagarritasuna bultzatzeko, talentua erakartzeko eta fidelizatzeko tresnak garatzeko eta hirien arteko lankidetza espazioak sortzeko. Lehendakaritza horrek Donostiak Europan duen posizioa sendotzeaz gain, lankidetzarako eta ezagutzaren transferentziarako aukerak zabaltzen ditu, berrikuntza nodo gisa duen zeregina indartuz.

Abenduaren 4an, Donostiak “Cities as Innovation Platforms: Emerging Functions, Evolving Governance and Alliances for Impact” panelean parte hartu zuen, Aalborg, Grenoble Alpes Métropole, Nikosia, Liverpool eta Rotterdam hiriekin.

Bere hizketaldian, Jon Insausti alkateak nabarmendu zuen bikaintasun zientifikoa “herritarren, ETEen eta auzo guztien mesedetarako onura erreal bihurtzea” lortu duela hiriak. Era berean, deep-tech gaitasunak eta partaidetza prozesuak integratzearen garrantzia ere azpimarratu zuen, funtsezko trantsizioak azeleratzeko helburuarekin, hala nola mugikortasun jasangarria, herritarren osasuna edo ingurunearekin begirunetsuak diren hiri ereduak.


Topaketa instituzionala eta lan agenda Turinen

Donostiaren eta Turingo berrikuntza ekosistemaren arteko harremana 2017koa da, Europako ECORIS3 proiektuarekin. Orduz geroztik, bi hiriek lankidetza-ildo egonkor bat finkatu dute, talentuari buruzko ezagutza trukatzean, ekintzailetza berritzailean eta ekosistemen garapenean oinarritua.

Ekainean, Donostia Sustapenak Turinerako misio korporatibo bat antolatu zuen, EKINN+ azelerazio- programaren partaideak izan diren LINQ, NORMO, EKILABS, TREBE, NUAVIS, GOLDEN GAIT eta ONENA MEDICINES Donostiako startupek osatua, udal sozietatearen kontseiluko ordezkariekin batera. Bisitan, ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu zituen hiriko berrikuntza nodoetako batzuk, hala nola OGR Torino, eta Michela Favaro alkateordearekin harrera izan genuen udaletxean.

Sari banaketa ekitaldiaz baliatuta, Turin eta Donostiako hirien arteko bilera bilateral bat egin da donostiako alkatetzak, Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak osatua. Horrela, honako ekitaldi hauek ospatu dira:

  • Lan-gosaria hiri finalisten ordezkariekin, Europako Batzordearekin, Turingo Udalarekin, Piamonte eskualdearekin, EICrekin, EISMEArekin eta Eurocitieseko arduradunekin.
  • Topaketa informal bat Turingo alkate Stefano Lo Russo-rekin, berrikuntza alkateorde Chiara Foglietta-rekin eta Energia Trantsizio eta Berrikuntza Departamentuko burua den Fabrizzio Barbiero-rekin.

Donostiak Turinen duen presentziari esker, aliantzak sendotu dira, Europako lankidetza-ildo berriak ireki dira eta hiria Europako hiri-berrikuntzako politiken hurrengo belaunaldiari buruzko elkarrizketa estrategikoan kokatu da.

premio ss contenido3

Hiria eraldatzen jarraitzeko bultzada

Errekonozimendu honek bultzada emango dio pertsonengan oinarritzen den eredu horri, ekonomia aukera berriak sortu, enpresa ehuna sendotu, talentu gazteari lagundu eta bizi kalitatea hobetzen duena.

Donostiak ekosistemako eragile guztiekin lanean jarraituko du Europarekin konektatuta dagoen etorkizun jasangarri eta lehiakorra ziurtatzeko.

“Lankidetzaren bidezko berrikuntza egiten duen, ezagutza partekatzen duen eta aukeraz betetako etorkizun inklusibo baten aldeko apustua egiten duen hiri bat eraikitzen jarraitzeko indarra ematen digu sari honek” esan zuen amaitzeko Jon Insaustik, Donostiako alkateak.