- Berrikuntza Planarekin, Donostia Sustapenak berrikuntzaren sustapenean oinarritutako estrategian aurrera egiten du, hiria garatzeko funtsezko faktore gisa, talentuan eta lankidetza publiko-pribatuan arreta jarrita.
- Donostiak bizi kalitateari lotutako hiri ekonomia askotariko bat eta nazioarteko erreferentziazko ekosistema zientifiko-teknologiko berritzaile bat uztartzen ditu. Berrikuntza-Planak osatu egiten du duela gutxi aurkeztutako 2026-2030 Enplegu eta Toki Garapeneko Plana, eta erantzun integrala ematen die hiriaren nortasun bikoitzari eta dauden askotariko erronkei.
- Aurkeztutako planak pertsona, enpresa eta proiektu berritzaileei laguntzen die, gizarte- inpaktua azpimarratuz, lankidetzan, kalitatean, erantzukizunean eta berrikuntzan oinarritutako zerbitzu baten bidez.
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, 2026ko Berrikuntza Plana aurkeztu du EKINNen (hiriko Berrikuntza eta Ekintzailetza Nodoan) egindako ekitaldi batean. Bertan Jon Insausti hiriko Alkatea eta Ane Oyarbide, Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia, izan dira anfitrioi.
2026ko Berrikuntza Planak 6,56 milio euroko zuzkidura ekonomikoa du, hau da, % 8,66ko igoera aurreko ekitaldiarekin alderatuta, eta egituratzeko sei ardatz estrategi nagusi izango ditu:
- Udal berrikuntza publikoa bultzatzea.
- Donostia, ekintzailetza berritzailearen nodo gisa.
- Zientziaren hiria eta berrikuntzaren plataforma.
- Berrikuntza hiri ekonomian.
- Talentu gaztearen garapena.
- Nazioarteko posizionamendua.
Plan honek hiriaren garapen ekonomikoaren ikuspegi integrala indartzen du, Enplegu eta Toki Garapeneko 2026-2030 Planarekin bat egiten baitu; plan hau Euskadin aurkeztu duen lehen udalerria Donostia izan da, duela gutxi aurkeztu baitzen.
Jon Insausti hiriko alkatearen ustez, “ez da kasualitatea Donostiako BPGaren % 3,7 I+G+B sektoreak ematea, 6.800 pertsona baititugu lanean sektore horretan. Hainbat hamarkadatan, zientzian, ezagutzan, teknologian eta berrikuntzan oinarritutako sarea sortu da, eta, urte batzuen ondoren, emaitzak ematen ari da. Donostiak berrikuntzaren eta ezagutzaren aldeko apustu sendoa egiten du, gorabidean dagoen sektore honetan ondo kokatuta gaudelako eta Europa mailan erreferente garelako. Hiriaren garapen ekonomikoa nahi dugu, baina batez ere donostiarrentzat kalitatezko enpleguak eskaintzeko. Berrikuntzak kalitate- eta lehiakortasun-estandar altuetara bideratzen laguntzen digu, elkarte eta antolakuntzan hain agerikoa den nerbio eta intentsitate hori, hiriaren gene bilakatuz.
Ane Oyarbide ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren iritziz, "Donostia Sustapenak aurkeztutako Berrikuntza Plan honek denboran iraundako hiri estrategia bati erantzuten dio, eta pertsonengan, eta gure enpresen gaitasunean jartzen du arreta, gero eta zorrotzagoa den ingurune global batean berritzeko eta lehiatzeko. Ekintzailetza errazteko, talentua erakarri eta atxikitzeko eta enpresak, teknologia-zentroak eta unibertsitateak konektatzeko gure apustua jasotzen duen plan batez ari gara, hiriak aurrera egin dezan eta zientzian eta berrikuntzan erreferente izaten jarrai dezagun. Enpleguaren eta Tokiko Garapenaren Plana osatzen duen funtsezko tresna bat da, eta aukeren sorrera eta gizarte kohesioa indartzen ditu. Azken batean, potentziala benetako aukera bihurtzeko pentsatutako plana da, benetako inpaktu soziala izango duena: enplegu gehiago, jarduera ekonomiko gehiago eta hobeto prestatutako hiria, orainaldiko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Donostia, Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria
Donostiak Zientzia eta Berrikuntza Hiri bihurtzen duen eredu ekonomiko bat sendotu du, eta estatus horrek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren onarpena izan du 2010ean, 2014an, 2018an eta 2024an. Hiriak I+G+Bn egindako inbertsioak % 44 inguruko erritmoan hazi da azken bost urteetan, hiriko BPG osoaren % 3,7 izanik. Donostia Sustapenaren barometroak emandako datuen arabera, 189.000 biztanleria batekin, I+Gko inbertsio ratioa 1.932 €-koa da biztanleko, Euskadiko (803 €/biztanleko) batezbestekoa bikoiztuta, inbertsio handiena egin duen Estatuko lehen hiria bilakatuta, eta Europako lehenengoetakoa.
Gaur egun, 6.794 pertsonak egiten dute lan I+G+b ildoan (biztanleria aktiboaren % 5,2; Euskadin, berriz, % 2,2 da, batez beste), eta horrek, aurten ere, I+Gn enplegu intentsitaterik handiena duen probintziako hiriburu bihurtu du, COTEC Fundazioak egindako Mapa Teknologikoaren arabera.
Jardueraren balantzea: ekosistema berritzaile baten sendotzea
6 miloi euroko inbertsio batekin, Donostia Sustapenak 6.600 zerbitzu baino gehiago eman zituen iaz, eta 2.428 pertsona eta 1.825 enpresa artatu zituen, hau da, aurreko urtean baino % 15,7 gehiago.
2025eko jarduera-memoriak Donostia Europako hegoaldeko berrikuntzako hiri-ekosistema aurreratuenetako bat dela berresten du. Nazioartean, Espoo, Turin edo Grenoble bezalako erreferenteekin batera kokatu da gure hiria Europan, eta finalista izan da 2026ko "Berrikuntzaren Europako Hiriburua" sarietan, zientziaren eta berrikuntzaren hiri gisa eta deep-tech berrikuntza hub duen aintzatespena indarturik.
EKINN ekosistemaren funtsezko azpiegitura gisa finkatu da, 2025ean 5.500 erabiltzaile baino gehiagorekin eta jardueretan eta ekitaldietan izandako parte hartzearen hazkunde esanguratsu batekin (startupen, enpresen,zentro teknologikoen eta erakundeen arteko lotura-gune gisa jokaturik). Gainera, EKINN+ programa (proiektu berritzaileak Donostian baldintzarik onenetan garatu ahal izateko sortutako ekintzailetza berritzailea bizkortzea helburu duena) Enpresa Sustapenerako Sarien irabazlea izan zen Estatuan, eta Europan finalista gelditu zen.
Halaber, 2.000 gazteri baino gehiagori laguntzeaz gain, 224 ekintzailetza-proiektu babestu ziren. Zuzeneko laguntzetan 2,55 milioi euro inbertitu ziren enplegua kontratatzeko eta sortzeko, eta 909 enplegu berri sortu ziren; eta horietatik heren bat ezagutzan intentsiboak diren enpresek (SEIC) kontratatutako kualifikazio handiko profiletarako izan ziren. Horrek joera positiboa erakusten du berrikuntzari lotutako jarduera ekonomikoan, eta zerbitzu eta laguntza ekonomiko espezifikoak izan ditu.
Hiri ekonomiaren sustapena, etorkizun ekonomiko eta sozialerako funtsezkoak diren sektoreak jomugan (gastronomia eta merkataritza, kasu), Sukaldean eta Amelia bezalako proiektuei lagundu zien EKINN+ Gastro bezalako programekin ere gauzatu da; edota EKINN Dendak Merkatua, berrikuntzarako eta merkataritza-ekintzaletzarako laborategi gisa abiarazia (Bretxa merkatuan esperimentatzeko aukerarekin aurten), non 5 proiektuk hartu zuten parte.
2026ko Berrikunta Plana: ardatz estrategikoak
Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak aurkezpenean garatu duen 2026 Berrikuntza Planak programa integral bat proposatzen du pertsonei, enpresei eta proiektuei laguntzeko, pertsonalizazio, kalitate eta eremu estrategikoetan fokatuta, hiriko berrikuntza-ekosistema osatzen duten eragile publiko eta pribatuekin lankidetzan.
Planak 6 jarduera-ildo izango ditu:
1. Udal berrikuntza publikoa bultzatzea
Berrikuntza udal kudeaketan funtsezko tresna gisa txertatzeko bidean aurrera egitea da horren helburua, zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko eta hiri erronkei ikuspegi arin, kolaboratzaile eta emaitzetara bideratutako batetik erantzuna emateko. Horrez gain, Udalak berrikuntzaren eragile trakziogile gisa duen zeregina indartu nahi da, eskariak sortzeko eta enpresa- eta teknologia- ekosistema dinamizatzeko gai den aldetik.
2026an hainbat ekimen bultzatuko dira, hala nola:Hiri Erronkak Ebazteko Ideien Lehiaketaren bigarren edizioa; Berrikuntza Publikoaren XIII. Kongresua, NovaGob Fundazioarekin elkarlanean; edo Bretxako Merkatuan espazio esperimental bat diseinatu eta abian jartzea. Era berean, Berrikuntza Publikoari eta Ekintzailetzari buruzko Lantalde bat sustatuko da.
2. Donostia, ekintzailetza berritzailearen nodo gisa
Helburuak izango dira: proiektu ekintzaile berritzaileak eskalatzea; ekosistema dinamizatzea; eta talentu ekintzailea garatzeko erreferentziazko gune gisa Donostia finkatzea. EKINNek, estrategia horren nodo nagusia izaki, ekintzailetzaren eta berrikuntzaren inguruko zerbitzuak, programak eta komunitatea integratuko ditu.
Aurten, 2027-2030 Ekintzailetza Plana abiaraziko da, eta Ekintzailetzaren Aholku Batzordea jarriko da martxan. Horrez gain, Ekintzailetzaren Bulegoa sustatuko da, eta bokazio berriak sustatzeko prestakuntza-programa bat landuko da, arreta gazteengan eta emakumeengan jarrita eta enpresa- kudeaketan eta teknologian ekintzailetza-profilaren trebakuntza eskainita.
Era berean, EKINN Summit-en edizio berri bat egingo da, EKINN+ azelerazio programa indartuko da — proiektuak eskalatzeko eta sendotzeko lerro berriak barne—, eta inbertsio tresna propioen garapenean aurrera egingo da ekintzailetza-ehunaren hazkundea laguntzeko. Kirola bezalako eremu estrategiko batean,sektorea ekintzailetzarako aukera gisa sustatzeko jarduera-plan bat abiaraziko dela ere azpimarratzekoa da.
3. Zientziaren hiria eta berrikuntzaren plataforma
Ezagutzan oinarritutako hiri-eredua sendotzea, zientziaren, enpresaren eta gizartearen arteko lotura indartuz, eta teknologia aurreratuei lotutako sektore estrategikoak bultzatzea izango dira ardatz honen helburuak, eta lankidetza, kalitatea, erantzukizuna eta berrikuntza bezalako balioetatik landuko dira. Teknologia-transferentzia, ezagutzan intentsiboak diren enpresen hazkundea eta aukera-eremu berrien eta eragin soziala duten proiektu berritzaileen garapena sustatu nahi dira, hiriaren erronkei erantzuteko.
2026an aurrera egingo da hainbat ekimen sendotzeko bidean, hala nola: San Sebastian Science Society; Berrikuntzaren Astearen XIII. edizioa; Zientzian eta Berrikuntzan emakumeen rola ikusarazteko laguntza; edota konexio guneak (esaterako, Donostia Innovation Club-a) abian jartzeko ekimenak. Gainera, adimen artifizialarekin lotutako jarduerak garatuko dira, hala nola Adimen Artifizialaren Inpaktu Sozialari buruzko ikerketa-katedra (Nafarroako Unibertsitateko TECNUNekin batera), eta Ezagutzaren Zerbitzu Aurreratuen (SEIC) arloan diharduten enpresen ezagutza eta jarduera bultzatuko dira Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuarekin lankidetzan, horiek biak gaur egun tokiko BPGaren % 48 baitira.
Halaber, transferentzia teknologikoko zerbitzu berriak jarriko dira martxan, diseinuan aholkularitza- lerro bat (Habic-ekin lankidetzan), eta talentua erakartzeko eta leialtzeko programak indartuko dira (balioetan oinarritutako marka enplegatzailea), hala nola EKINN Talent edo Talent House Harrera Plana. Era berean, enpresa-gaikuntza eta -berrikuntza sustatuko dira, lidergo humanistari eta enpresari buruzko jarduera-programa baten bidez.
4. Berrikuntza hiri ekonomian
Ardatz honen helburua da merkataritza eta ostalaritza bezalako sektore tradizionalen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzea, berrikuntzaren, digitalizazioaren eta negozio eredu berrien garapenaren bidez haien eraldaketa bultzatuz. Hiri ekonomia eremu estrategikoa da hiriarentzat, bai pisu ekonomikoagatik (hiriko BPGaren % 11,8), bai hiri identitateari eta kohesioari egiten dion ekarpenagatik.
Jarduera nagusien artean, 2026-2030 Merkataritza Plan Estrategikoarekin lotuta, EKINN Dendak programaren edizio berri bat abian jartzea, eta hiria sustatzeko ekimenak bultzatzea. Gastronomiaren arloan, EKINN + Gastro ekimenaren bosgarren edizioa egingo da, sektoreko eragileekin lankidetzan proiektu berritzaileak hazten laguntzeko zerbitzu berriekin batera eta EKINN Gastro proiektuen komunitatea dinamizatzeko jarduera espezifikoekin batera. Era berean, Bretxako Merkatuko aukera- gune berriaren irekiera mugarri bat izango da hiri ekonomiaren berrikuntzarako nodo gisa.
5. Talentu gaztearen garapena
Talentu gazteari bere garapen profesionalean eta pertsonalean laguntzea da ardatz honen helburua, enplegurako, prestakuntzarako eta ekintzailetzarako aukerak erraztuz eta Donostia talentuaren hiri erakargarri gisa posizionatuz. Hori dela eta, autonomia, enplegagarritasuna eta aukeren sorrera bultzatzeko hainbat tresna konbinatuko dituen ikuspegi integral bat planteatzen da.
2026an, GazteEKINN zerbitzua jarriko da abian, eragin soziala duten ekimenak planteatzen dituzten gazteei arreta pertsonalizatua emateko; EKINN egoitzen programaren edizio berri bat abiaraziko da, etxebizitzarako sarbidea errazteko; eta lan aukeren ataria dinamizatuko da, SEIC enpresetan arreta jarrita. Gainera, bultzatu egingo dira gazteen kontrataziorako eta ekintzailetzarako laguntza espezifikoak; "Tokiko talentu gazteak sustatutako inpaktu sozialeko proiektuak" deialdiaren II. edizioa; STEAM bokazioak sustatzeko jarduerak; Zientzia Ekinean lehiaketako finala (Innpulso sareak bultzatua); eta proiektu berritzaileetara bideratutako nazioarteko unibertsitate-txapelketa.
6. Nazioarteko posizionamendua
Ardatz honen helburua Donostiaren nazioarteko proiekzioa indartzea da, berrikuntzako hub gisa duen posizionamendua sendoturik eta sare, hiri eta eragile estrategikoekiko konexioaren bidez aukera berriak sorturik. Nazioarteko dimentsioa funtsezko elementu gisa planteatzen da talentua, inbertsioa eta proiektuak erakartzeko.
2026an Eurocities bezalako sareetan parte hartze aktiboa sustatuko da, Ekintzailetza eta Berrikuntza lantaldea gidatu eta aliantzak garatuko dira Grenoble eta Porto bezalako hiriekin, ekintzailetza-sare europarrak sortzeko. Era beran, nazioarteko sare sektorialen sorrera sustatuko da, nazioarteko berrikuntza-konferentzia bat egingo da Europako Batzordearen parte hartzearekin, eta parte hartze aktibo bat edukiko da iCapital Alumni Forum bezalako foroetan, hiriaren posizionamendu globala indartze aldera.
Hiria garatzeko funtsezko tresna
2026ko Berrikuntza Plana Donostiaren garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko tresna estrategiko gisa finkatu da, berrikuntza, talentua eta lankidetza oinarri dituen eredua indartu nahian. Aurrekontuaren % 44k Europako funtsetatik eta beste erakunde batzuetatik (Next generation funtsak, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia edo Europako Gizarte Funtsa) etorritako kofinantzaketa du; gainerakoa, berriz, Udal Sozietatearen baliabide propioekin finantzatzen da. 2023tik, Donostia
Sustapenak 23,5 milioi euroko inbertsio metatua egin du hiri lehiakortasunerako tresna honetan. Tokiko ekosistemako eragile ugari izan ziren Berrikuntza Planaren aurkezpenean, besteak beste, Elkargi eta ADEGI, unibertsitateetako ordezkariak (Deusto, Tecnun eta EHU) zientzia eta Teknologiaren ekosistemakoak (Berc Polymat, CEIT, CFM, BCBL, CIC NanoGUNE, IIS Biogipuzkoa, Tecnalia), Lanbide
Heziketako ordezkariak ((Easo Politeknikoa, Nazaret), Viralgen, Savvy Data System, Ikor, Piolet, Okencasa, Trebe, Yorsio eta Easo Ventures enpresak eta ASPEGI, Basque Q, Berri Up, Habic, Emakumeak Zientzian, EIT ManufacturingWest, Ingeniariak, Orkestra y Cybertix erakundeak.