• Etxea
  • Azken ordua
  • XXI. mendeko erronkak: ingurumena, klima-aldaketa eta desparekotasun sozialak

XXI. mendeko erronkak: ingurumena, klima-aldaketa eta desparekotasun sozialak

Donostian, 2022ko abuztuaren 30etik irailaren 2ra

Espainiako Epidemiologia Elkartearen Urteko Biltzarrak markak hautsiko ditu Donostian, 800 parte-hartzaile eta mila komunikazio baino gehiagorekin

  • Klima aldaketa, ingurumena, hiri-osasuna eta desparekotasun sozialak dira topaketaren protagonistak, eta gaur goizean aurkeztu dute, Donostiako Udalean emandako prentsaurrekoan.
  • Lehorteak, uholdeak, uraren eta airearen urritasuna eta kutsadura, laborantza-eremuen galera, uzten murrizketa, elikadura-osasuneko arazoak eta besteak beste dengeak, zikak eta chikungunyak transmititutako gaixotasunen hedapena tenperaturen igoerak planetaren osasunean eragindako ondorio larrietako batzuk dira.
  • Covid-19aren kontrola, egungo eta etorkizuneko txertoen bidez, aldaera berriek populazioaren transmisioan duten eragina eta gaixotasunaren perspektibak osoko mahaietan aztertuko dira.
  • Era beran, biztanleen osasuna jarraipeneko azterlan masiboen bidez monitorizatzearen gaia landuko da mahai monografiko batean
  • Biltzarraren programak, gainera, osasunaren ikuspegi integrala eskainiko du, eta hainbat alderdi jorratuko ditu, hala nola hiri-osasuna, osasun mentala, osasun-arloko desberdintasun sozialak, genero-indarkeria, txertoak, minbizia, gaixotasun kardiobaskularrak edo sexu-transmisiozko gaixotasunak.
  • Aurten, berritasun gisa, biltzarra ofizialki inauguratu baino egun bat lehenago, herritar guztiei irekitako mahai bat egingo da San Telmo Museoan.
  • Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren (IHOBE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza izango du topaketak.

Medioambiente banner

Donostian, 2022ko uztailaren 28an.- Espainiako Epidemiologia Elkartearen 40º bilera egingo da Donostian, Gipuzkoako hiriburuan, abuztuaren 30etik irailaren 2ra, Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaría zentroan eta aurreko edizioetako marka guztiak hautsiko ditu: dagoeneko 800 pertsona baino gehiagok eman dute izena eta mila komunikazio baino gehiago daude aurreikusita.

«XXI. mendeko erronkak: ingurumena, klima-aldaketa eta desparekotasun sozialak» lelopean, aurten EHUn egingo den topaketak herritarren osasunean klima-aldaketak dituen ondorio garrantzitsuak nabarmenduko ditu. Berotegi-efektuko gasen ondorioz, planetaren tenperatura handitzen ari da eta, horrekin batera, gero eta ugariagoak dira desertifikazioa, laboreen murrizketa eta pertsonen osasunean eragina duten eta desberdintasunak sortzen dituzten muturreko fenomeno meteorologikoak (lehorteak, uholdeak...).

Gainera, klima-aldaketak eragin negatiboa du airearen eta uraren kalitatean, eta kalkulatzen da 2030etik 2050era 250.000 heriotza gehiago egon daitezkeela urtero elementu horien kutsaduraren ondorioz. Tenperaturen igoerak eta prezipitazioen eskasiak, batez ere faktore horien eraginpean dauden eremuetan, biztanleriaren joan-etorriak, ekosistema-aldaketak eta mota guztietako espezieen mugikortasuna ekarriko ditu seguruenik; horrek, bestalde, organismoen arteko interakzioa sortuko du eta, besteak beste, bektore eta zoonosien bidez transmititutako gaixotasunak errazago kutsatuko dira. Pertsonen eta materien mugikortasun handiak, garapen-eredu jasangaitzek eta kosturik gabe eremu naturalak inbaditu nahi izateak nabarmen bultzatzen dituzte COVID-19aren pandemia eta SARS-CoV birusaren beste agente infekzioso batzuen hedapen azkarra.

Adituen arabera, biodibertsitatearen desagerpenak uzten errendimendua gutxituko du eta elikadura-segurtasuneko arazoak sortuko ditu. Ondorioz, malnutrizioa, beherakoak eta paludismoa areagotuko dira baliabide gutxien dituzten eremuetan, eta osasun-arloko desparekotasunek hori guztia areagotuko dute. Era berean, litekeena da gaixotasunen transmisioa areagotzea dengea, zika eta chikungunya bektoreen bidez, esaterako. Osasunarloko mehatxu horiek gainditzeko, ezinbestekoa da gizarteek eta erakundeek zorroztasun zientifikoz eta azkar, sendo, eta modu homogeneo eta arduratsuan erantzutea, oro har, klimaaldaketak dakartzan erronkei.

Aurten, lehen aldiz, biltzarra hasi baino egun bat lehenago, herritar guztientzako mahai ireki bat egingo da San Telmo Museoan, berotze globalak osasunean dituen ondorioekin zerikusia duen guztia jorratzeko. Abuztuaren 30ean izango da, 19:00etan. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte.

Espainiako Epidemiologia Elkartearen XL Bileran, Donostiako Udalaren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU), Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketarako Sozietate Publikoaren (IHOBE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduaren laguntza izango du.

Biltzarra gaur goizean aurkeztu da Donostiako Udaletxean, prentsaurreko batean eta bertan egon dira Donostiako Udaleko Ekonomia Garapeneko eta Enpleguko zinegotzia, Marisol Garmendia; Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko zuzendaria, Itziar Larizgoitia; Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kudeaketako Sozietate Publikoko (IHOBE) zuzendaria, Alexander Boto; Espainiako Epidemiologia Elkartearen biltzarreko Antolamendu Batzordeko presidentea, Jesús Ibarluzea; Espainiako Epidemiologia Elkartearen biltzarreko Antolamendu eta Zientzia Batzordeko idazkaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza fakultateko irakaslea, Aitana Lertxundi, EHUren ordezkari gisa ere joan dena; eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria Mónica Pedreira.


Herritarrentzat irekitako mahaia

  • Eguna: Abuztuak 30
  • Lekua: San Telmo museoa
  • Ordua: 19:00etan.

Aurten lehen aldiz, kongresua ofizialki hasi baino egun bat lehenago, herritarrentzat irekitako mahai-inguru bat egingo da, aldaketa klimatikoak nahiz hiri- eta ingurumen-osagaiek osasunean duten eragina aztertzeko. Abuztuaren 30ean izango da, 19: 00etan, San Telmo Museoan, eta Donostia Sustapenak aurkeztuta. Mahaian hurrengo partaidetzak egongo dira: Elisa Sainz de Murieta, EHU eta BC3 erakundeetakoa; Dorleta Orúe-Echevarria, Gipuzkoako Klima Aldaketaren Naturklima Fundaziokoa; Cristina Linares, Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketaren, Osasunaren eta Hiri Ingurumenaren Erreferentziako Unitatekoa; eta Jesus Ibarluzea, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendaritzakoa. Aitana Lertxundi izango da moderatzailea. Sarrera doan izango da, edukiera bete arte.


Zenbakitan

  • 800 parte-hartzaile baino gehiago
  • 1.000komunikazio baino gehiago
  • 16 mahai espontaneoak

Mintzagai izango da...

Aurtengo programak osasunaren ikuspegi integral bat emango du; horretarako, hainbat alderdi jorratuko ditu: hiri-osasuna, osasun mentala, genero-indarkeria, txertoak, minbizia, sexutransmisiozko gaixotasunak. Espainiako Epidemiologia Elkartearen urteko XL. bileran, besteak beste, gai interesgarri hauek jorratuko dira:

  • Klima-aldaketa
  • Ingurumena
  • Hiri-osasuna
  • Desparekotasun sozialak
  • Osasun mentala
  • Covid-19aren zaintza
  • Txertoak
  • Minbizia
  • Sexu-transmisiozko gaixotasunak
  • Pornografia eta sexu-indarkeria gazteen artean
  • Pandemia osteko osasun publikoa
  • Osasun publikoko agentzia berriak
  • XXI. mendeko biztanleriaren osasuna monitorizatzeko talde-ikerketak.

Medioambiente banner

Hasiera eta amaiera


Hasierako mahaia abuztuaren 31n izango da (asteazkena), 12:00etan, eta honako hauek arituko dira: Adolfo Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzakoa; Julio Díaz Jimenez, Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketaren, Osasunaren eta Hiri Ingurumenaren Erreferentziako Unitatekoa; Cathryn Tonne, ISGlobal erakundekoa; eta Koldo Cambra, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Sailekoa. Mahaian, klima-aldaketaren ondorio orokorrei eta horiei aurre egiteko moduari buruz hitz egingo da, baita muturreko tenperaturetara egokitzeko prozesuei buruz ere.

Amaierako hitzaldia irailaren 2an izango da (ostirala), 12:00etan, eta Rafael Vilasanjuan kazetariak emango du. Vilasanjuan ISGlobal erakundeko Analisi eta Garapen Globaleko Departamentuko zuzendaria da eta «Txertoaren nazionalismoak, tokiko borondatetik munduko premiara» gaiari buruz arituko da. Ángela Domínguez, Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko katedraduna eta Espainiako Epidemiologia Elkarteko Txertoen Lantaldeko koordinatzailea, arduratuko da aurkezpenaz.