Esperientzia pilotu honek 7 apartamentu jartzen ditu urritik aurrera gaur egungo Talent Housen, proiektu profesional berritzaileekin lotutako gazteentzat. Talent House II-k ateak irekitzen dituenean, beste 15 apartamentu ere batuko dira.
Apartamentuetako egonaldia 2 urtekoa izango da gehienez, eta gazteek hobari handiak izango dituzte alokairuaren prezioan.
Garapen Ekonomiko eta Enpleguko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, Donostiako gazteentzat "ResidenciasTalent" programa pilotua aurkeztu berri du. Programa honen helburua hiriko gazte talentuari ostatua eta babesa eskaintzea da, hirian beren ibilbide profesionala garatzeko.
Urritik aurrera, prest egongo dira Talent House eraikineko (Baena Dukearen Pasealekua) lehen 7 apartamentuak, eta horiei, bigarren fase batean, 15 apartamentu berri gehitu ahal izango zaizkie, gaur egun eraikintzen ari den Talent House berrian (San Bartolome gaina) 2023. urtearen erdialderako irekiko bait da. Bi eraikinen artean, guztira %20a gazte donostiarrentzat izango da.
Ekonomia Garapen eta Enpleguko zinegotzia den Marisol Garmendiarentzat, “Donostia hiri bikaina da bizitzeko, eta gazteentzat ere hala izan dadin, beren proiektu profesionalak hirian garatu ahal izan ditzaten eta etxebizitza eskuragarri izan dezaten lortu behar dugu. Ildo horretan, esperientzia bat hasi nahi dugu, Donostiako talentu gazteari laguntzeko, ez bakarrik Donostiako Sustapenak eskaintzen dituen programa eta laguntzekin, baizik eta etxebizitza bat ahalik eta baldintza onenetan eskuratzeko aukera eskainiz, lehen proiektu ekintzaileak abiarazteko edo lan-merkatuan sartzeko.
Garmendiak azpimarratu du “proiektu profesional berritzaileak dituzten gazteei lagundu nahi zaie, hiriari balio erantsia ematen diotenak, edozein sektoretan. Programak hiriak ekintzailetzaren alde eta hiriak tokiko talentu gaztea atxikitzearen alde egiten duen apustua indartzen du”.
Edozein sektoretan ekintzailetza-proiektu berritzaile eta bideragarria duten gazte donostiarrek zein tokiko enpresek berrikuntza eta ikerketa-proiektuetan gazteak kontratatzen dituztenek eskatu ahal izango dituzte apartamentuak. Bi kasuetan, Donostiako Sustapenak tokiko talentua garatzeko eta ekintzailetzarako dituen programen esparruan.
Ekintzailetza-proiektu berritzaile eta bideragarria duten gazteen kasuan, apartamentuko egonaldia gutxienez urtebetekoa eta gehienez 2 urtekoa izango da, Ekin+ ekintzailetza- programaren edo Donostiako Sustapeneko beste ekintzailetza-programa berritzaile batzuen mugarrien betetze-mailaren arabera. Alokairuaren prezioaren hobaria % 60rainokoa izan liteke lehen urtean eta % 40rainokoa bigarren urtean.
Talentua erakartzeko eta atxikitzeko Donostia Sustapenak dituen programen bidez tokiko enpresek kontratatzen dituzten gazteen kasuan, gutxieneko egonaldia 6 hilabetekoa izango da, eta gehienekoa 2 urtekoa, betiere enpresaren eta gaztearen arteko kontratua mantentzen bada. Kasu horretan, alokairuaren kostuan % 40rainoko hobaria egongo da lehen urtean, eta % 30ekoa bigarren urtean.
Bi kasuetan, eskatzaileek donostiarrak izan behar dute, 35 urtetik beherakoak, eta eskaerarekin batera motibazio-gutun bat aurkeztu behar dute. Eskaerak www.fomentosansebastian.eus helbidera bidaliko dira eta epea irekita egongo da plazak bete arte.
Urritik aurrera eskuragarri dauden 7 apartamentuak gaur egungo Talent Housen daude, 2011tik martxan dagoen eraikina, eta bertako I+G+b eragileek kontratatutako nazioarteko zientzialari eta ikertzaileei ostatu ematea du helburu.
“ResidenciasTalent” programaren bigarren faserako, 15 apartamentu berri izango dira Talent House II eraikinean, San Bartolome gainean. Datorren urtearen erdialdean irekiko ditu ateak, 25 eta 45 metro koadro arteko 70 apartamenturekin, eta ekintzailetzan zentratuago egongo da, espazio irekia izatea bilatuz, tokiko zein nazioarteko lankidetzak aktibatuko dituena, proiektuak azkartuko dituena eta erreferentziazko berrikuntza-gune bihurtuko dena.