Iaz, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek 66 ikus-entzunezko proiekturi lagundu zien lurralde horretan, eta horietako 56, bulego horrekin elkarlanean filmatu ziren.
Donostiako Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, Marisol Garmendiak, nabarmendu duenez, “kudeatutako proiektu gehienak publizitatearekin lotutakoak dira, eta, haien atzetik, dokumentalak, telesailak eta film laburrak, musika-bideoak eta film laburrak datoz. Argi dago Donostia eta Gipuzkoa osoa gero eta agertoki erakargarriagoak direla mota horretako ekoizpenetarako. Gainera, tokiko enpresa askok onura ateratzen dute handik, ikus-entzunezko proiektuak gauzatzen laguntzen dutelako. Hala, sinergia garrantzitsua sortzen da ikuspegi ekonomikotik zein enpleguarenetik”.
Bestalde, Harkaitz Millán Kulturako diputatuak adierazi du “ikus-entzunezko produkzioa motor garrantzitsua dela Gipuzkoako ekonomiarako”. Datu batzuk emateko, Gipuzkoan, ekoizpen horien zuzeneko inbertsioa 6,9 milioi eurokoa izan dela kalkulatzen da; horietatik 4,2 Donostiari egokitu zaizkio eta gainerako 2,7 milioiak, lurralde osoari. Esan dezakegu, inbertsio zuzena eta zeharkakoa batuta, 2021eko filmatzeek 11,4 milioi euroko inbertsioa ekarri diotela Gipuzkoari. Era berean, Millánek nabarmendu du Aldundiko Kultura Departamentuak arlo honetan egin duen apustua: ”Zinemaldia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Crossover jaialdia, besteak beste, babesten ditu”.
2021ean, ikus-entzunezko ekoizpeneko 52 enpresak filmatu zuten Gipuzkoan. Filmatze gehienak webgune eta sare sozialetarako (% 36) izan ziren. Atzetik etorri ziren telebistarako (% 30), zinemarako (% 20) eta streaming plataformetarako (% 9) filmatutakoak.
Apirilean izan zen ekoizpen gehien (9 filmatze), hileko batez bestekoa 4,7 proiektu izanik. Ekoizpenen % 50 Gipuzkoako enpresekin egin ziren; % 41, beste lurralde eta autonomia- erkidegoetako enpresekin, eta % 9 atzerriko enpresekin: Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua.
Azpimarratu behar da ekoizpen horiek filmatzeko baimenak izapidetzeko Film Commissionek ematen duen laguntza. Iaz 99 eskaera izapidetu ziren, eta horietatik 88 gauzatu ziren. Gainera, filmatzeetarako lokalizazioak bilatzen ere laguntza ematen da, eta hor Gipuzkoako Garapen Agentziek zeregin garrantzitsua dute. Hala, 2021ean, 42 lokalizazio-eskaera kudeatu ziren, 16 filmetarako, eta, horretarako, 20 kokaleku bisitatu ziren lurralde osoan.
Filmatutako ekoizpenen artean, “Maixabel” dugu, Iciar Bollaínena (Donostian, Tolosan eta Zarautzen filmatua), eta “Errebeldeak” eta “Irati” ekoizpenak filmatzeko izapideak ere egin ziren. Nabarmentzekoak dira, baita ere, film labur hauek: “Aquellos días, este tiempo” eta “Yo lo que tú”. Telesailei dagokienez, AtresMediaren “El Internado-Las cumbres” izenekoaren bigarren denboraldiko grabazioa aipatu behar da, Artikutzan, Miramar Jauregian, Lazkaoko Infantadoko Dukearen Jauregian eta Uliako ur-biltegi zaharretan filmatua. Horretaz gain, “Bienvenidos al Edén” telesaila, Netflixen estreinatzeko filmatua, Donostiako portuan eta Miramar Jauregian lokalizatu zen. Era berean, “Irabazi arte” ETBren telesaila, Javier García de Vicuñak filmatu zuen, Donostian eta Gipuzkoako beste lokalizazio batzuetan. Horretaz gain, San Sebastián-Gipuzkoa Film Commissionek telesail hauetarako baimenak izapidetzen lagundu zuen: "Nina and the pig" frantsesa; “El grito de las mariposas” hispano-argentinarra; "La Fortuna”, Alejandro Amenabarrena, Pasaiako portuan filmatua, eta ”Sin Límites, Amazon Primerako" filmatua, Juan Sebastián Elcanok munduari eman zion lehen itzulia kontatzen duena.
Dokumentalak: telebistarako, “Masterchef Polonia”ren hamargarren edizioaren finalaurrekoa eta “Travel Man”. Publizitate-iragarkiei dagokienez, honako marka hauen iragarkiak: J&B”, “Lays Gourmet”, “Mercedes AMG” eta “Michelin Gida.”